«Euskal literaturan misoginia terriblea egon da»
Josune Muñozek (Bilbo, 1967) ibilbide luzea egin du komikiaren eta literaturaren dibulgazioan. Filologoa eta ikertzailea, 2004an Skolastika Literatur Zerbitzuak sortu zuen. Hau da, literatur zerbitzu feministak eskaintzen dituen enpresa feminista. Erretiroan pentsatzen hasi da.

Bilboko Ledesma kalean dago Skolastikaren egoitza. Hemen eta hemendik –hainbat herritan egiten baitituzte eskolak– literaturari eta komikigintzari buruzko tailerrak, klaseak edo erakusketak antolatu dituzte, beti feminismoaren ikuspegitik. Egoitzaren atea zabaldu eta, gainezka egiten duen ordena bizian, liburutegi publikoetan aurkitzen ez ditugun altxorrak: emakumeek egindako literatura asiarra, euskal literatura, 1.500 ale baino gehiago duen ‘Komikteka’...
«Zorionez, oso bibliofiloa izan naiz beti. Adibidez, komikiek prestigiorik ez zutenean, nik gordetzen nituen berdin-berdin», diosku Josune Muñozek. Urrian egin zen Getxoko Komiki Azokan omendu zuten, komikiaren arloan egindako zabaltze lan eskergarengatik. Literaturan, dio irribarre bihurriarekin, oraindik jaso ez duen aitortza.
Zerk bultzatu zintuen komikietan espezializatzera? Ez baita oso ohikoa...
Txikitan irakurtzen nituen nesken komikiak, ‘Esther y su mundo’, ‘Lily’ eta horrelakoak, baina baita ere mutilenak, nire hiru nebek irakurtzen zituztelako. Ez zen ohiko perfila nirea, komiki mainstream irakurtzen nuelako. Gero, euskaldundu nintzenean, 17 urteekin edo, ‘Habeko Mik’ [1982-199] zegoen, eta ona zen, ez zuen mainstream komikietako emakumeen kontrako indarkeria edo sexismoa islatzen. Misoginia eta pornografia itzela zuten horiek eta, hain zuzen ere, emakume belaunaldi bik alde egin zuten komikia irakurtzetik. Eta nire hirugarren adarra izan zen komikigintza feminista.
Hiru komiki mota horiek irakurtzen nituen, beraz, banuen ohiko begirada baino zabalago bat. Eta konturatu nintzen ez zegoela horren inguruko teorizaziorik eta emakumeen ekarpenen islarik, inondik inora. Ni hasi nintzen itzelezko hutsunea zegoelako. Nire lana literatura ikertzen, dinamizatzen eta euskal literatur kritika feminista sortzen hasi zen. eta han ikusi nuen zer nolako oztopo lasterketa zen ikertzaile feminista bezala aritzea, eta gizonek sortutako kanon literarioa ia mugiezina zela...
«Askoz emakume gehiago daudela lanean? Jakina, hori bakarrik falta zitzaigun!»
Zenbat denbora behar izan da kanon edo eredu horri buelta emateko?
Asko. Literaturan, Arantza Urretabizkaiaren presentzia kanon barruan aldarrikatzen hasi nintzenetik eta lortu arte 15 urte pasa ziren. Literaturan nuen kezka hori oso bizipen pizgarria izan zitzaidan komikigintzara pasatzeko. Zeren ikusten nuen une historikoa zela: kanona egiten ari zela eta ‘sortzen ari denean sartu behar ditugu andrek, zeren gero, sortuta dagoenean, ez dago sartzerik. Une historiko hau aprobetxatu behar dut hasieratik emakumeak egon daitezen’, pentsatu nuen. Zorienez, nik literaturan lortutako prestigioa ekarri eta komikigintzari balioa emateko erabili nuen. Horrek ekarri du aldaketa arinagoa, sakonagoa eta, adibidez, Getxoko omenaldia... literaturan egin ez didatena! Bai komikigintzan baita literaturan, azken urteetan interesgarriena emakumeek sortutakoa da, ezta?
Nolabaiteko gosea sortu dugu. Ni hasi nintzenean ez zegoen ez goserik, ez ez egarririk eta ezta interesik ere. Eta pixkanaka denon artean sortu dugu. Baina azpimarratu behar dena da emakume egile beraiek sortutako lan itzelek ekarri dutela hori. Fantastikoa da Euskal Herrian daukagun emakumeen komikigintza: goi mailakoa da, mundu osoan irakurtzeko materialak sortzen ari dira. Elena Odriozola, esate baterako, Japonian da maistra.

Komikigintza haur-gazteei lotu zaie, eta bigarren mailakoa bezala ikusi da?
Ez hori bakarrik. Begira [eskuartean dakar liburu bat, Ane Pikazak eta Miren Agur Meabek eginiko ‘Begiak Zerumugak’ (Elkar, 2020)]. Gure literaturan hibridazio handia dago eta badaude helduentzako album ilustratuak, hauxe bezala. Ni ikertzen hasi nintzenean, lanean ari zen ilustratzaile ia bakarra zen Axpi [Ainara Azpiazu]. Aldaketa momentu bat zen, aurreko benaldiko emakumeek une horretan ez zuten komikirik egiten.
Hori 2000. urtearen bueltan izan zen, ezta?
Bai. Hortxe aldaketa egon zen. Komiki sistema aldatzen ari zen eta horretan garrantzi handikoa izan ziren Joker liburudenda, Astiberri, Xabiroi... Une horretan ez zegoen ez ‘Kili-kili’, ez ‘Ipurbeltz’, bere azken urtean zirelako, eta material horiek desfasatzen ari ziren. Etengabe mugimenduan eta aldaketan dagoen arlo kulturala da komikigintza.
«Hori guztia gertatu da azkenengo 30 urteetan. Eta ni zorionekoa naiz, zeren nire balkoitik ikusi dut zelan %9 izatetik %25-30era pasatu den emakume idazleen presentzia»
Skolastikara itzulita, ‘rara avis-a’ iruditzen zait. Euskal Herrian bakarrak zarete...
Ez bakarrik Euskal Herrian. Nik dakidala, honelakorik ez da Europa osoan.
Eta zer da Skolastika?
Literatur zerbitzu feministak eskaintzen dituen enpresa feminista. Hau da, guk enpresa sortu genuen dirulaguntzaren mendean ez egoteko. Ni euskal filologoa naiz eta literatur kritikari feminista, baina feminista horrek ez du esan nahi literatur kritikari normala naizela, adjektibo horrek esan nahi du teoria feministarekin lan egiten dudala. Eta genero ikasketetara mugitzen bagara, ildoa da teoria feminista erradikala.
Hori ez zen, nik martxan jarri nuenean, euskal erakundeetan eta gizartean zegoen ildo feminista nagusia. Orduan esan nuen: ‘Ibiliko naiz lau urtero, hori asko jota, dirulaguntzak eskatzen eta justifikatzen? Nik eduki behar dut askatasun ideologiko osoa, baita ere askatasun metodologikoa, bibliografikoa eta teorizatzeko maila altua, baina askatasun ekonomikoa. Eta horretarako jendeak ordaindu egin behar du nik egiten dudan lana, aukeran izateko’. Eta emakumeak beti egon dira hori ordaintzeko prest.
Kultura sustatzen dugunok emakumeok gara, gainera.
Ni errealitate horren kontziente nintzen, banekien emakumeok ikasteko, jakiteko eta disfrutatzeko gose handia dugula, zeren mendeetan egon gara gordeta eta mundutik aparte eta ezin izan ditugu ikasketak egin, unibertsitateko ate guztiak itxita zirelako... baina mendetan! Hori batetik. Nik Skolastikan behin bakarrik jaso nuen diru apur bat.
Gure enpresaren ezaugarria zen guk sortu nahi genuela kapital feminista; hau da, lortutako dirua erabiliko genuela ‘Komikteka’ eta liburutegi bat martxan ipintzeko. Baina ez hori bakarrik, gure asmoa zen emakumeen kultura berreskuratzea, balioa ematea eta, era duin batean, kontatzea eta ikusaraztea.
Inpresioa daukat egoitza txiki gelditzen ari zaizula.
Ni jubilatzeko asmorekin nabil. Lana itzela izan da eta nekatuta nago. Eta gainera ikusten dut badatozela errekonozimendu ezberdinak, belaunaldi berriak... Ainhoa Aldazabalek hartuko du nire lekukoa. Nik egindako lana ez dut galtzerik nahi, jakina.
Beti esaten da: kulturgintzak dirulaguntzarik gabe, akabo!
Kontua da guk beti egon garela kultura oparitzearen kontra. Hala ere, Euskal Skolastika beti izan da defizitarioa. Hori esan behar da. Hemen arrakastarik handiena erdal literaturak jaso du. Lehen esan dut kultura ordaindu egin behar zela, baina horretan geuk ere, euskaldunok, ez dugu horrelako ohiturarik. Euskal txoko feminista? Debalde. Emakumeak eta euskal literatura? Debalde.
«Fantastikoa da Euskal Herrian daukagun emakumeen komikigintza: goi mailakoa da, mundu osoan irakurtzeko materialak sortzen ari dira»
Literaturara itzulita, ‘meloi’ asko gelditzen dira zabaltzeko oraindik?
Nik eduki dut dena ozen esateko askatasun osoa. Eta beti ibili naiz: ‘Hau feo da; hori, uf, itsusi’. Euskalduna naiz, gure kultura maite dut eta gure hizkuntzan daukagun balore sistema, baina gure alde iluna hor dago. Ni sartu nintzenean, euskal kulturan zegoen misoginia zen terriblea, eta ni gainera nintzen misoginia hitza erabiltzen zuen bakarra. ‘Matxismoa’ zen beti.
Emakumeak erditik kentzeko ahalegin etengabe hori misoginia da. Zer da 15 urte behar izatea emakume baten izena kanonean sartu ahal izateko, matxismoa ala misoginia? Edo zelan botatzen zituzten emakumeak literatur sistematik eta zer nolako oztopoak jarrita? Ni sartu nintzenean, euskal literaturan emakume egileen portzentajea zen %9koa. Nik jasoak ziren datuak.
Eta gero hasi zen emakumeen belaunaldi berri bat heltzen eta orduan: ‘Hara, emakume uholdea, emakume andana heldu da!’. Zein uholde? Zein andana? Jo dezagun datuetara, zeren gauza bat da zure sentsazioa, eta bestea errealitatea.
Eta gaur egun, datuak?
Nik hori ikertzen utzi nuen duela 5-6 urte, beste kontu batzuekin hasi nintzelako, baina orduan emakumeak izango ziren %25-30. Baina beti kontu handiz ibili behar da: gauza bat da emakume idazlea –eta hor sartzen ditut poetak, narratzaileak, ipuingileak eta antzerkigileak– eta beste bat da egileak izatea.
Egile hitza erabiliz gero, sartzen dira itzultzaileak eta ilustratzaileak, eta horiek igo egiten dute portzentajea, pila bat direlako. Desorekatu egiten da, eta badirudi askoz gehiago direla. Baina emakume idazleak ez dira hainbeste.
Orduan, askoz emakume gehiago daudela lanean? Jakina, hori bakarrik falta zitzaigun! Emakumeek egiten dute abangoardia une honetan Eta hori guztia gertatu da azkenengo 30 urteetan. Eta ni oso zorionekoa naiz, zeren nire balkoitik ikusi dut zelan %9 izatetik %25-30era pasatu den emakume idazleen presentzia.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko

