
Vera Zasulitx eta Karl Marxen arteko gutun trukea dakar Katakrak argitaletxeak kaleratu berri duen ‘Errusiako gutunak’ liburuak. Jone Gartziak euskaratutako lanak Zasulitxen figura dakar gaur egunera, argitaletxe iruindarreko editore Hedoi Etxarteren hitzetan, XIX. mendeko emakume iraultzaile nabarmenetakoa. Liburuak Suitzan erbesteratuta zegoela Marxekin trukatu zituen gutunak ditu oinarri eta, horiekin batera, Marxek bidalitako gutunen zirriborroak eta normalean hauekin batera argitaratu ohi diren beste bi idatzi ere: Marxek Errusiako ‘populisten’ aldizkari baten erredakziora bidali zuen gutuna batetik eta errusierazko ‘Manifestu komunista’-ren bigarren argitalpenerako Friedrich Engelsekin batera osatu zuen hitzaurrea bestetik.
Testu horiei testuingurua emateko, liburuak Montserrat Galceran filosofo eta ekintzailearen testu bat ere badakar, propio argitalpen honetarako idatzia, eta baita argitaletxearen ohar «zabal» bat ere, «esplikatu behar genuelako XIX. mendean oso ezaguna zen eta gaur egun ezezaguna den Vera Zasulitx hori nor zen».
Azken hau kokatzeko, Zasulitxen bizitzaren bi alderdi ekarri zituen aurkezpenera Etxartek: politikoa bata, eta ekintza zuzenari lotua bigarrena. Editorearen hitzetan, XIX. mendeko Errusia industrializaziotik urrun zegoen eta «erregimen oso zapaltzaile» baten pean zegoen herrialde bat zen, eta testuinguru horretatik ihes egiteko iraultza antolatzen hasi ziren talde batzuk, euren burua «populistatzat» izendatu zutenak, baina egungo zentzutik urrun: «Funtsean herriarengana gerturatu nahi zuen jendea zen. Gaurko etiketa ideologikoetatik begiratuta, aurki ditzakegu liberalismoari lotutako aldarrikapenak, anarkismoari lotutakoak, baina haien artean hipotesi politiko ezberdinak ere bazeuden: batzuk esaten zuten gizarte analfabeto batean jendeari irakurtzen eta idazten irakatsi behar zitzaiola, eta beste batzuk ekintza zuzenak egiten zituzten», azaldu zuen.
Zentzu horretan, Zasulitxek bi horietatik edan zuela nabarmendu zuen. Jende xeheari hezkuntza ematera joan izan zen eta eztabaida politikoetan parte hartu zuen batetik, baina batez ere ekintza zuzenagatik izan zen ezaguna: «Bazen general bat, Fiodor Trepov, 70eko hamarkadako Errusian iraultzaileen aurka errepresio askoren zuzendari izan zena, eta, egun batean, Zasulitxek beste emakume batekin ekintza zuzen koordinatu bat egin zuen bere kontra: zuzenean bere bulegora joan eta tiro egin zioten». Trepov ez zen hil, baina garai hartako aldizkari ilustratu guztietan irudikatu zuten Zasulitx Trepovi tiro egiten eta horregatik epaitua ere izan zen. «Baina zer gertatu zen? Ba epaietan tribunal herrikoiak absolbitu egin zuela, eta hura izan zela garai hartako Errusian tribunal herrikoi batek halako kasu bat epaitu zuen azken aldia», nabarmendu zuen Etxartek.
Absolbitu bai, baina Zasulitxen aurkako errepresioak gora egin zuen, eta erbesteratu egin zen azkenean. Antolakunde ‘populista’ ezberdinetan parte hartzen jarraitu zuen hala ere, Marx eta Engelsen lanak Errusian sartuz esaterako, «nahiz eta ez ziren garai hartan zehazki haien hipostesi politikoak, besteak beste Engelsek eta Marxen lantzen zituzten gai gehienak industrializatutako testuinguruetan ari zirelako pentsatzen. Eta hor zalantza oso nabarmen bat izan zuten Errusian –azaldu zuen editoreak–: posible zen garai hartan Errusiako periferian nobleziaren boteretik nahiko aparte, nekazariek beren burua antolatzen zuten etxalde eta nezkazal eremu horietan, beste gizarte baten hazia egotea? Alegia, gizarte horiek ez ziren sozialistak, nahi bada, baina zergatik pentsatu behar zen, garai hartan Marx eta Engelsek eta Europako sozialista gehienek uste zuten bezala, iraultzarako bidea izan behar zela ezinbestean zeharo traumatikoa eta gogorra zen industrializazio hori burura eramanez, eta horren ostean etorriko zela iraultza? Eta hori da funtsean Zasulitxek bere gutunean Marxi galdetzen diona», nabarmendu zuen.
Zasulitxek lortu zuen, beraz, Marxen baitan kezka hori sortzea, eta hortik abiatuta hasi zen ikertzen, familiaren auzian adibidez, ea ze gizarte antolaketa molde egon daitezkeen ez direnak zertan industrializazio basatik batetik pasa.
Hitza hartua, itzultzaileak nabarmendu zuen Zasulitx eta Marxek frantsesez idatzi ziotela elkarri, eta gutuna bidali aurretik lau zirriborro idatzi zituela azken honek. «Hor ikusten da ideien garapena eta nola erabakitzen duen gutun labur eta anbiguo bat idaztea igortzeko, nahiz eta aurrekoetan beste hainbat ideia garatu», adierazi zuen Gartziak.
Era berean, zirriborroak diren aldetik ez zirela publikatzeko asmoz idatziak izan nabarmendu zuen eta, beraz, ezabatze eta markatze ugari dituztela. Hori izan da, azaldu zuenez, euskarara ekartzerako orduan topatu duen zailtasun adierazgarriena: «Hori izan da erronka handiena eta, horrekin lotuta, aipatzea gutunen zirriborroak hartu direla 1925ean lehen aldiz frantsesez argitaratu ziren gutun horietatik, gerora 85ean zuzenduta argitaratu baitziren ezabapen horiek gabe, baina guk hartu ditugu jatorrizkoak», jarri zuen balioan.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

