NAIZ

Liga sailkapeneko goiko aldean daude Bera Bera eta Beti Onak etxetik kanpo nagusitu ostean

Grafometal Rioja taldearen etxean kontrolpean zuen partida gaiztotu zitzaion talde donostiarrari, baina azkenerako 21-22 nagusitu zen Imanol Alvarezen taldea. Beti Onak, berriz, ligako laugarren postura igo da Lanzaroten 20-24 nagusitu ondoren.

Azken segundoraino lana latz egin behar izan zuen Logroñon irabazteko.
Azken segundoraino lana latz egin behar izan zuen Logroñon irabazteko. (@BERA BERA)

Emakumeen Guerreras Iberdrola eskubaloi ligak jardunaldia izan zuen asteazken gauean eta bertan ari diren euskal taldeek, Super Amara Bera Berak zein Replasa Beti Onakek etxetik kanpo garaipena erdietsi zuten. Ez kosta gabe, baina garaipena, finean; 21-22 nagusitu ziren gipuzkoarrak Grafometal Riojaren etxean, kontrolpean zuten partida azken minutuetan asko gaiztotu bazitzaien ere. Donostiarrak ligako lidergoan daude, Atletico Guardes talde galiziarrarekin berdinduta, Beti Onak laugarren doan bitartean, Lanzaroten Zonzamas Lanzarote taldearen aurka 20-24 gailendu ostean.

Lyndie Tchaptchetek 17-21ko gola sartu zuen Super Amara Bera Berak Logroñon jokatzen zuen partida amaitzeko sei minutu baino gutxiago falta zirela. Baina handik aurrera Grafometal La Rioja berpiztu egin zen eta donostiarrek kontrolpean zuten partida berdintzea lortu zuten: 21-21, bi minutu eskasen faltan.

Imanol Alvarez entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen azken erasoa atezainik gabe, jokalari bat gehiagorekin jokatzeko. Ester Somazak sartu zuen 21-22ko gola, baina eskubaloia ez da esku pilota eta Errioxako taldeak berdinketa lortzeko bi aukera izan zituen. Zorionez, aurreneko erasoan Elke Karsten eta Maitane Etxeberriaren artean Novovicen erasoko falta behartu zuten. Baina gipuzkoarrek beren erasoan kale egin zutelarik, Logroñokoek beste abagunek bat izan zuten 22nakoa sartzeko.

Montenegro albokoak berdinketa lortzeko beste aukera bat izan zuen azken bost segundoetan, baina bere jaurtiketa kanpora joan zen gutxigatik. Eskapada galanta egin zuten donostiarrek lau goleko aldeari ihes egiten laga eta gero. Baina eskapadak eskapada, garaipena patrikara eta lidergoan sendo jarraitzen dute, 15 punturekin, Atletico Guardesekin berdinduta.

Partida kontrolpean

Itomen gutxiagorekin gailendu zen Atarrabiako Replasa Beti Onak taldea Zonzamas Lanzarote taldearen aurka 20-24 gailendu ostean. Ez lau golen errentagatik bakarrik, neurketa kontrolpean eramatea lortu zutelako baizik.

Kanariar Irletako taldeak Isabel Fernandez-Agusti hegalekoa ez zuen geratzen jakin eta jokalari asturiarrak zortzi gol eginda zigortu zuen aurkaria. Defentsan berriz, bikain moldatu ziren nafarrak eta Patri Encinas atezaina hantxe azaldu zen ere bere taldekideek behar izan zuten bakoitzeko.

Hala ere, atsedenaldira 9-13 aurretik iritsi ostean, bigarren zatian lana beltz egin behar izan zuen Beti Onakek, Lanzarotek 16na berdintzea lortu zuelako. Zorionez, Atarrabiako taldeak berriz ere aldea ireki zuen eta hiruzpalau goleko tarte horri bikain eusten asmatu zuen.

Garaipen honi esker ligako laugarren postura igo da Beti Onak, etxetik kanpo bereziki oso talde arriskutsua dela erakutsiz.

Euskal Kopa

Gizonezkoen eskubaloiari dagokionez, Euskal Kopako finala jokatu zuten Amenabar Zarautz eta Bidasoa-Irunen artean. Espero bezala, Irungo taldea erraz nagusitu zen, 27-37 gailendu baitzen azkenean. Hamargarren Euskal Kopa eskuratu zuen Gurutz Aginagaldek zuzentzen duen klubak.

Partidaren parekotasunak atsedenaldiraino iraun zuen, nahiz eta irundarrak beti aurretik izan markagailuan. David Faíldek atepean egindako lan bikainari esker, Bidasoa-Irunek aldeari eutsi eta handitzea lortu zuen bigarren zatiak aurrera egin ahala. Bestalde, jokalaririk gazteenek,
Iraeta, Raix eta Irrutik, protagonismoa hartu eta maila ona eskaini zuten.

Amaitzeko 15 minutu falta zirenean, aldea sei goletara iritsi zen, 20-26. Dinamika horrek bere horretan iraun zuen neurketaren amaierara arte, eta Alex Mozasek zuzenduriko mutilek aldea handitzen jarraitu zuten, garaipena inolako zailtasunik gabe ziurtatuz.