
Elbira Zipitria Irastortza andereñoaren bizitza ez da laburbiltzeko erraza. Zumaian jaio zen 1906ko maiatzaren 28an eta hiru senideetatik gazteena zen. Aitaren lanagatik, familia Donostiako alde zaharrera joan zen, eta irakasle ikasketak egin zituen.
Mari Karmen Mitxelena andereño usurbildarrak haren bizitzari buruzko liburuan dioen moduan, gerra aurreko ikastolen mugimenduaren sortzaileetarikoa izan zen eta lan handia egin zuen, ez bakarrik Donostiako umeak euskalduntzen, baita gurasoak alfabetatzen eta irakasleak trebatzen ere. 1936ko gerra iritsi zenean, ordea, Iparraldera ihesi joan behar izan zuen, abertzalea, EAJko alderdikide sutsua eta Emakume Abertzale Batzako kidea zelako.
40. hamarkadan Donostiara itzuli zen eta irakaskuntzan jarraitu zuen, isilpean eta ausardiaz, frankismoaren debekuei aurre eginez. Ikastola txikiak bildu zituen Orixe ikastolaren sorreran parte hartu zuen 1970. urtean. Fededun sutsua eta oso tradizionalista izan arren, frantziar pedagogo onenen teoria aurreratuak ekarri eta euskal errealitatera egokitu zituen.
Gaixotasun luze baten ondoren, Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an. Haren nahia betez, Bermeoko goiko lurretan dagoen Mañu auzoko kanposantuan hilobiratu zuten.
IRAZABALETA BASERRIA
Baina, zergatik Mañun? Elbirak bidaia asko egin zituen auzo horretako Irazabaleta baserrira. Bertan jaio eta bizi izan zen Eskolastika Mendizabal Ymatz, «Bizkaiko amama» bezala ezaguna egin zen emakumea, 106 urterekin hil baitzen 1969an. Elbirak asko miresten zuen Eskolastika, haren euskara aberatsa, bere kondairak... Euskara baino ez zekien eta bizimodu gogorra izan zuen, bere anai-arreba txikiak hazi behar izan zituelako eta, ondoren, zortzi seme-alaba, senarra gazterik hil zelako. Baserrian lanean ez ezik, Mañuko eliza eraikitzen ere aritu omen zen.
Ez zen inoiz eskolara joan, baina emakume jakintsua zen eta Elbirak bere ikasleak eramaten zituen emakume haren hitzak entzutera. Hil aurretik, andereño gipuzkoarrak lagun minei argi utzi zien bere borondatea Mañun hilobiratzea zela, amama Eskolastikaren ondoan. Asko miresten zuen, bai, baina bazegoen berarekin lotzen zuen beste ezkutuko arrazoi bat: bien arbasoak Gipuzkoako Goierrikoak ziren.
Irakurle bat baino gehiago jabetuko zen dagoeneko Eskolastikaren abizenak -Mendizabal Ymatz (halaxe idatzita ageri da jaiotza agirian)- ez direla Bizkaiko kostaldekoak. Baina horrek badu arrazoi historiko bat. Mañu auzoa XIX. mende hasieran sortu zen, Udalak lursail publikoak esku pribatuetan utzi zituenean, nekazaritza bultzatzeko asmoz. Kontzesio horiek auzo guztietan egin ziren, baina Mañu izan zen baserri gehien eraiki zituzten tokia, eta neguetan beren ardiekin bertara joaten ziren artzain gipuzkoar asko hara bizitzera joan zen.
Tartean zeuden Eskolastikaren aitona, Jose Mendizabal Armendariz, 1803an Zaldibian jaioa eta 1830ean Maria Isabel Goitia Fradua bermeotarrarekin ezkondua; edo bere amaren aita, Martin Ygnacio Ymaz Urteaga, 1797an Idiazabalen jaioa eta 1826an Maria Ysabela Benguria Muruaga bakiotarrarekin ezkondua.
Eskolastikaren gurasoak ere Bizkaian jaio ziren (1836an eta 1838an), baina abizen gipuzkoarrak mantendu zituzten, auzoko Arruebarrena, Aiestaran, Aranburu eta Garmendia asko bezala.
Elbira Zipitria ez zen izan, beraz, Bizkaiko mendi haietara bidaia egin zuen lehenbiziko gipuzkoarra. Lehenago izan ziren beste batzuk.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani
