
Ofizioa poltsikoetan oholtzaratu da Eneko Lazkoz, eskarmentuaren pausajearekin. Ofizioak txukun osatuta iritsi da ganbarakora. Bakarkakoan poto bat egin du eta horrek zalantzaren bat sor zezakeen arren, azkenean 508,5 puntu eta lehen tokia eskuratu ditu. Eta orain, lasaitasuna azaroaren 29ko finalera arte.
Hauxe zuten bakarkakoa osatzeko gaia: Berriz ere lekuz kanpo sentitu zara. Hala ere, bertan gelditzea erabaki duzu. Hona Lazkozen bidea: «Azken aldian herrian giroa dabil arraro/ etxeak eta kaleak aztoraturik zeharo/ gaur tabernako barrara plaza ertza dut igaro / nola begiratzen nauten ez ikustea nahiago/ garagardo bat eskatu eta eman diot trago/ eta irainka etorri zaizkit bi tipo barbaro/ nere aitaren enpresa arazo larritan dago/ ta haren semea naizenez gaizki ikusia nago». Bigarrenean etorri da potoa.
Eta ofizioa aipatzen hasita, Lazkozena eta Zelaietarena elkartu dira zortziko txikiko ariketan eta asmatu dute plaza astintzen. Julen Zelaieta maizterra izan da eta Eneko Lazkoz, errentaria. Lazkozi alokatutako etxean izpiritu bat dagoela seguru daki Zelaietak. «Baldin bada bat beti eztula duena/ ziur aski izango da birraitonarena», eman dio pista Lazkozek. Eta jarraitu du, «ta orain erreta zu zabiltza kaguenla/ bihurtu zaizulako etxea kartzela/ aizu ta ez al duzu zuk pentsatu bela/ igual zure zurrungek esnatzen dutela». Eta, Zelaietak, erantzuna, «Batetik zurrunkak ta bestetik eztula/ laguntasuna egin dugula kalkula/ atzo hala esan zidan zertan diximula/ birbilobak errenta jeitsi diezazula».
Alkaiza, hari gaineko hitzen eta ideien artisau
Bertsolaritza hari gaineko sorkuntza da eta bertsolaria, hitzen artisaua. Alkaizari ganbarako lanetik ostutakoak dira hitzok. Bera irudikatzen dugu hitzak zizelkatzen, eskuak lokaztuta, bertso bakoitza jendartearen moldeak bistaratzeko eta mugiarazteko lanean egoskor. Hitzen eta ideien artisau da Alkaiza. Ariketa guztietan saiatu da bertsotan sakon zapaltzen, bere ikuskera propiotik lurrean lorratzak uzten. Ariketa batzuetan besteetan baino gehiago asmatuta iritsi da ganbarako lanera. Eta hor bai, azken errematea.
Bertso eskolan sufritzen zuen hamabi urteko Saioa haren zapatetatik hasi du kontaketa. Hauxe bigarren alea: «Haien artean bizkar kolpeka noski anaidiak hor dirau/ anaitasunan elkarren zaintza baitute gizonek arau/ eta besteok lekua eskatzen haien onespenaz barau/ baina borroka egin dugunez egunetik egun, gaurik gau/ orain naiz hitzen artisau/ ez heroi eta ez bilau/ lekuz kanpoko lekua egin dut ene posible al da hau/ hari gaineko sorkuntzak maitemindu egin bainau». Ariketa horretan ekarri du gorantza bere arratsaldeko lana. Eta abixua ere utzi du oholtzan: «Emakumeok lekua eginda eginen dugu zarata/ kasu emazu Navarra Arena gehiago izanen gara ta». Kiniela askok saioko irabazle jotzen zuten arren, bigarren azkenean, eta Zapiain hirugarren. Puntuak ikusita, biek finalerako aukera zabala dute parean.
Erretratoa egungo jendarteari
«Hilerriek bizitza hartzen duten hontan/ bizitzari egingo diogu bertsotan», bota du lehen agurrean Eneko Lazkozek eta bertsolariek asmatu dute entzulearen hausnarketarako giharra xaxatzen. Bertsoa jendartearen kronika egiteko tresna ederra da.
Adibidez, hamarreko txikian zorrotz aritu dira Lazkoz eta Zapiain, egunotan oso bizi dagoen egoera bati abesten. Lazkoz influencerra, sare sozialetan bizitza perfektua saltzen duena, baina azaletik azalerako lagunartean triste dagoena. Zapiainek sareetan atseden hartzeko eskatu dio. «Eskolan etzinenez erne eta iaio/ influencerra egin kontuen garraio/ poztasun abstraktuan zuk hamaika saio / lagun nauzu ta entzun nazazu arraio/ minari ere leku egin behar zaio», Zapiainen lehena. Lazkoz ere bikain bere paperetik, «lagunak dira aldatu behar nituzkenak/ ta aurkitu nahi dudana esaten dutenak».
Ekhiñe Zapiainek oso saio ederra osatu du, gai guztiak berera ekartzen saiatu da eta askotan asmatu du. Nafarroa Arenarako aukera handiak batu ditu bere 494 puntuekin eta egia esan gozamena izango da finalean mundua bere begietatik ikusteko aukera izatea.
Puntutan laugarrena Eki Mateorena izan da, saioko gazteena. Ofizioetan oso txukun aritu da.
Hamarreko txikia Julen Zelaietak eta biek josi dute. Bi lagunen paperean aritu dira, erabiltzen duten arroparen kontsumoarekin kezkatuta, oinarrizko joskuntza tailer batean izena ematea erabaki dute. Honela abiatu da Eki: «Begirada bat botaz daukagun mundura/ ezin dugu segitu gabiltzan modura/ ez baitugu erosten behar dugun hura / beraz aukera ona bat badugu joskura/ gure beharretara ta gure gustura». Eta ariketa azken alea, honela amaitu du: «orratzak behar dira noski batzuetan/ gure diskurtsoaren hari-muturretan».
Julen Zelaieta izan da bosgarrena. Honek ere eskarmentua bere alde, beti asmatzen du plaza pizten uneren batean. Ganbarakoan ikuspuntu propioa eta interesgarria ekarri du oholtzara: «Ze laguntasun ederra, kanpotik ederregia/ herriko kintoen besta daukagu gaur alegia/ denak elkarren ondoan ta ni puntan eseria/ ni naiz mahai-buru, bakarrik dago nere aurpegia/ nahiz eta ingurukoei maiz eduki abegia/ bakarrik gaude ni eta nere mutilzarreria».
Seigarrena Endika Legarra izan da. Estu hasi du saioa, baino gero tamaina hartu dio eta gauza politak egin ditu. Hamarreko txikian, Alkaizarekin aritu da, bikote baten paperean. Behin erretiroa hartuta, hiritik herri txikira bueltatzeko proposatu dio Legarrak. «Iruñean egin ginen aita eta ama/ baina Agoitzen sortu zen gure harremana/ orain bukatu berri dugu gure lana/ ta hiriburuan zein dugu panorama/ ate joka ari zaigu gure iragana».
Hurrengo finalaurrekoa datorren azaroaren 8an izango da Leitzan. Bertan kantuan arituko dira honako bertsolariak: Jabi Lezaun, Julio Soto, Kattin Madariaga, Mikel Lasarte, Patxi Castillo eta Sarai Robles.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

