NAIZ

Afganistanen 6,3 magnitudeko lurrikara batek 20 hildakotik gora eragin ditu

200 zauritu baino gehiago eta 20 hildakotik gora eragin ditu Afganistanen goizaldean izan den 6,3 magnitudeko lurrikarak. Herrialdearen iparraldean jazo da ezbeharra eta litekeena da datozen orduetan biktima kopuruak gora egitea.

Lurrikarak eragindako zauritu bat, ospitalean.
Lurrikarak eragindako zauritu bat, ospitalean. (Atif AYRAN | AFP)

Hogei hildako baino gehiago eta 200 bat zauritu eragin ditu goizaldean Afganistanen jazo den lurrikarak. 6,3 magnitudeko lurrikarak herrialdearen iparraldea astindu du, herritarrak lotan zirela. Agerian utzi du, beste behin, Afganistan zenbateraino den zaurgarria hondamendi naturalen aurrean.

Lurrikara Euskal Herriko bart gaueko 21.30ean jazo zen Kholmen, Samangan probintzian. Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren arabera, 28 kmko sakonera izan du.

«Gutxi gora behera, 320 herritar afganiar zauritu dira eta 20tik gora hil» Samangan eta Balkh probintzietan, Sharafat Zaman Osasun Ministerioaren bozeramaileak jakitera eman duenez. Horren aurretik, Desastreen Kudeaketarako Afganistango Agintzaritza Nazionalak zabaldu du Samangan probintzian zauritutakoek etxera itzuli ahal izan dutela artatuak izan ostean.

Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, lurrikararen ondorioz estalita geratu den errepide bat garbitu eta berriz ireki dute. Halaber, gauean zehar bertan harrapatuta geratu diren hainbat pertsona erreskatatu dituzte.

AFPk bertan dituen kazetarien arabera, Kabul hiriburuan ere nabaritu da lurrikara.

Gune sismkoa

Lurrikara hau abuztu amaieran Kunar, Laghman eta Nangarhar probintziak astindu zituen 6 magnitudeko bestearen ondoren jazo da. Lurrikara hark, Afganistango historiako hilgarriena, 2200 pertsona baino gehiago hil zituen eta 4000 baino gehiago izan ziren zaurituak. Era berean, 7000 etxebizitza hondatu zituen.