NBE-ren hondarrak, larderiaren alde?

NBEren duintasun apurrak (Albanese, Nazioarteko Justizia Auzitegia…) munduko matoiek zigortuta, laidotuta edo, onenean, ezabatuta, Segurtasun Kontseiluak erakunde horren ibilbiderik inpartzialen eta bidezkoena traizionatu eta kakaztu du Mendebaldeko Sahararen gaineko ebazpenaz. NBEren Asanblea Nagusiaren zenbait ebazpen urratu ditu, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritziar muzin egin dio eta Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren ebazpenei ez ikusia.
Onartutakoak Marokoren autonomia proposamena omen du oinarri. Aurrekoak ez al zuen oinarririk? Nonbait ere, 34 urte behar izan dituzte horretaz konturatzeko. Baina bai, 1991eko akordioak bazuen oinarria, eta zabalagoa, autonomiaren aukera ere jasotzen baitzuen, eta Marokok ere onartu zuen akordio hura, nahiz eta gerora ez den bete Marokok nahi izan ez duelako.
Hainbeste urtez nazioarteko legedia urratu izan duena saritu egin dute orain, haren proposamena bideragarri eta errealista dela esanez, Sahararako autonomia irtenbide bakarra dela sinetsarazi nahiz. Hala ere, ez da justua eta, beraz, irtenbidea ere ez da.
NBEren Segurtasun Kontseiluak ebazpen hori onartu zuen gau berean Mohamed VI.a errege marokoarrak egin zuen diskurtsoa nabarmendu dute bazuek. Diskurtso hori ez da berria, ez historikoa ez ezer, ordea; betiko purrustada inperialista baino ez, Aljeriari begira, munduaren aurrean eskuzabal plantak eginda eta ahularekin zorrotz eta boteretsuarekin otzan izateaz harropuztuta. Errefuxiatuei ere mintzatu zitzaien, beren familiekin biltzeko gonbit egin zien; beren etxean maizter izateko baimena eman, alegia.
Trump eta bere ekipoaren hamaikagarren bake plan pozoitsua da. 2020an haren Gobernuak Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu zion Marokori, honen eta Israelen arteko harremanak normalizatzearen truke, eta orain Marokoren proposamena legitimatzeko saio hau. Baina ez gaitezen emozionatu Trumpen gaitzesleok, ez baitugu AEBen kanpo politikan errepublikanoak eta demokratak bereizten dituen zantzurik, ez Vietnamen, ez Palestinan, ez Saharan. 2021. urtea hasi berritan Joe Biden sartu zen Etxe Zurira, baina sahararrak ez ziren ohartu ere egin.
1975ean, edonola ere, Gobernu errepublikanoa zegoen AEBetako Estatu Idazkaritzak Martxa Berdea diseinatu zuenean, oraintxe 50 urte, baita AEBek eta Espainiak Hassan II.arekin batera saharar herria Marokoren eta Mauritaniaren mende uzteko akordioa sinatu zutenean ere (Juan Carlos Borboikoa zen estatuburu espainola, Franco hil hurren zegoela).
Eta ez gaitezen emozionatu antiatlantista sutsuok ere. NBEren Segurtasun Kontseiluaren bileran Errusia eta Txina abstenitu egin ziren. Ez zuten ebazpenaren alde egin eta jatorrizko testua aldatzea lortu zuten, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen aipua sarrarazita; hala ere, beto ahalmena zuten (beste baterako utziko ditugu mendebaldeko gobernuei Israelekin harreman oro hausteko exijitzen diegun bitartean oharkabe gertatzen zaizkigun jarrerak).
Ikusteko dago zer-nolako tartea duen orain aldeen arteko elkarrizketak. Mendebaldeko Saharako herriaren ordezkari Fronte Polisarioa negoziatzeko prest dago, ostiraleko ebazpena baino lehen bezala, baldintzarik gabe eta bere herriaren nahia gauzatuko duen konponbidea, nazioarteko zuzenbidearen araberakoa, helburu.
Inoiz baino gehiago, munduko herritarrek Polisarioaren erabakiei ematen dioten sotenguak izan behar du hainbat estatuk kendu diotena. Konponbidearen eta, beraz, justiziaren alde. Saharar herriaren alde.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko

