
David Moreau-k iaz Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean ‘MadS’ filma aurkeztu zuen, eta aurten berriro itzuli da ‘O.T.H.E.R.’ lan berriarekin. Olga Kurylenkok gorpuzten duen Alice da protagonista.
Iraganaren ateak zabalik
Amaren heriotza dela eta, familiaren etxera itzuli beharko du hileta prestatzeko; nahiz eta urte batzuk lehenago lotura guztiak eten zituen. Itzulera horretan iraganaren ateak berriz zabaltzen dira: ia guztiak berdin jarraitzen du, baita bere logela ere… bideozaintzako sistema bitxi bat eta bere inguruan dabilen itzal misteriotsu bat izan ezik. Iragana ez da hain erraz lurperatzen, are gutxiago hain beldurgarria denean. Dolu-bidaia zirudiena amesgaizto bihurtzen da berehala, etxebizitza bere mugimendu bakoitza zaintzen duten kamera ezkutuz josita dagoela konturatzen denean.
Argazki eta bideo zaharrak salbu, protagonistaren aurpegia soilik ikusten da film osoan zehar. Isolamenduaren sentsazioa indartzen duen baliabidea da, bai ikuslearentzat eta baita Alice-entzat ere. Bakardade horri aurre egin behar dio: ez bakarrik munstroaren ideiari, baizik eta bere oroitzapen propioei ere. Moreauk berak azaldu bezala: «Helburua ikuslea pertsonaiari ahalik eta gehien hurbiltzea zen; eta inguruan dabilen piztia ikusten ez den neurrian, gainerako guztia hobeto ulertzea».
Pertsonaiaren gatazka, Kurylenkoren lana eta isolamendu sentsazio hori dira filmak transmititzen duen atmosfera itogarriaren indargune nagusiak; eta hori da, hain zuzen, ikuslearengana modu zuzen eta fisikoan iristen dena.
Hortik aurrera, ordea, misterioa apurtzen duten sekuentzia esplikatzaileak azaltzen dira, eta filmak generoan maiz ikusitako eremuetan murgiltzen hasten da.

Telesaila
Eduardo Casanova-k ‘Silencio’ telesail-laburra aurkeztuko du. Umore lotsagabea, drama eta kritika politikoa uztartuz, banpiroen azpigeneroaren irakurketa berria egiten du. Tragikomedia honek iluntasuna eta pasioa aztertzen ditu errukirik gabe epaitzen eta kondenatzen duen mundu honetan. Hiru kapitulu, askatasunari eta biziraupenari buruz dakigun guztia zalantzan jartzeko. Giza izaeraren amildegira egindako bidaia da, non barreak eta negarrak malko bakar batean bat egiten duten.
Ahizpa banpiro batzuek bizirik irauten dute Izurri Beltzak eragindako ‘giza odol garbiaren’ eskasiaren erdian, baina benetako pozoia haien inguruko isiltasuna da. Mende batzuk geroago, HIESaren pandemian, ondorengoetako batek gatazka bera berriro bizitzen du, eta konturatzen da kondena sozialak bere horretan jarraitzen duela. ‘Gaixoen’ eta ‘osasuntsuen’, gizatiarren eta banpiroen arteko maitasunak oraindik ere terrorea eragiten jarraitzen du. Zer gertatzen da betierekotasuna isiltasun mendeetan neurtzen denean?
Euskal film laburrak
Euskal film laburren sailean, euskal zinemagileek hainbat gai jorratu dituzte denbora laburrean. Formatu txikian, istorio handiak ikusteko aukera izango dugu.
Ander Arrietak, Oihan Gastesik eta Ibai Zarketak ‘Arditurri’ aurkeztuko dute, eta 1984az geroztik itxita dagoen Arditurriko meategietan murgilduko dute ikuslea. Espeleologo eta ikertzaile talde batzuek harkaitzen barrunbeak esploratu nahi dituzte, haien egoera ebaluatzeko. Laster jakingo dute lur azpian ez dela iluntasuna bakarrik gordetzen: zerbait gehiago ere badagoela.
Mikele Granderen ‘D.E.P. Marina’-k lagun talde bat du ardatz. Silvia, Marta eta Henar pisukideak dira, eta Marinaren espiritua haien atzetik jarraika dabilela uste dute. Marina haien pisukidea izan zen; bat-batean hil zen, eta, ordutik, gertaera kezkagarriak eta ulertezinak jazo dira haien bizitzetan.
Ekaitz Bertizek zuzendutako ‘Erreka zoko hortan’ gerraostean girotuko da. Aita ohean gaixorik dagoela eta, Joxepik –Iparragirre baserriko alaba zaharrenak– bere gain hartu beharko du haren ardura: kontrabandoan pakete astun bat garraiatzea, estatu frantseseko mugaren beste aldera. Gau beltzean, karabineroak ez dira basoak ezkutatzen duen arriskurik beldurgarriena.
Xabier Larrazabal bilbotarrak aldiz ‘Kume’ aurkeztuko du. Hiru lagun pantailan. Basora joateko geratu dira. Han toki zehatz batean zerbait gertatuko da.
Sail honetako lanik luzeena (20 minutu) Laura Barquin eta Danel Garayren ‘Hematofilia’ da. Urruneko herri txiki batean bizi eta lan egiten duten bi neska ditu protagonista. Iluntzen denean jakingo dugu zer dagoen sotoko negozio ilunaren atzean: giza odola saltzen diete hematofiloei.
‘Lapatza’-n (Pablo Palomera) bi lagun ikusiko ditugu bizitzaz hizketan, itsasertzean.
Gauero hotel desberdin bat. Azkeneko txortaldia eta azkeneko begirada maitalearen begi hutsei zuzendua. Emakume bat ihesean, gauero elkarrizketa bera. Emakumea nazkatu zen egunean izan zuten azkeneko elkarrizketa. ‘Olentzerori eskatu nion’ (Amaia San Sebastian) film laburraren sinopsia da hori, eguneko azken proiekzioa izango da.

«Gaur egun, zoritxarrez, Kattalin bezalako emakume asko daude gizartean»

Emotiva llegada de la selección de Palestina a Bilbo

La Ertzaintza allana con porrazos e identificaciones el desahucio del fondo Cerberus en Basauri

Fallece el expelotari Eneko Pelletrat tras un accidente por la caída de un poste eléctrico

