
Euskarabilduaren 14. edizioak gobernantza eta euskal komunitatearen papera sare globalean izan ditu hizpide astearte goiz honetan Donostian. Burujabetza digitalera bidean, eman beharreko urratsak zeintzuk diren aztertu ohi dute, eta aurtengo edizioan gobernantzaz aritu dira, euskal komunitatea oso txiki sentitu daitekeen itsasoan igeri, baina aldi berean hizlari guztiak ados agertu dira beharrezkoa dela erakunde «handietan» ere parte hartzea.
Iametzako kudeatzailea den Eli Pombok nabarmendu du jardunaldien hasieran teknologia burujabetzaren beharraz, «norberaren datuak babesteko, euskaren biziraupena bermatzeko, azpiegiturekiko menpekotasunak murrizteko… garai nahasi hauetan baieztapen horrek inoiz baino zentzu gehiago duela dirudi».
‘Adimen artifizialaren inguruko politika eta geopolitikak’ solasaldia eskaini du Manuela Battaglini abokatu, aholkulari eta ikertzaileak. Lehenik eta behin, «Trumpen garaia» baino lehen hasi zela ingurune digitalaren pribatizazio, espekulazioa eta negozioa. Era berean, AEBei begirako kronologia bat narratu du, izan ere, munduaren zati horretan erabakitakoak eragin du beste alde guztian.
Lehenengo mugarri gisa «Clintonen administrazioak» onartutako marko normatiboa azaldu du, «neoliberalisnoa babestea izan zen helburua, non estatuek ez zuten esku hartuko». Horri lotuta «alderantzizko ingeniaritza» debekatu zuten, eta ondorioz «erreparatzeko eskubidea» galdu zela salatu du Battaglinik.
«Hadoop-big data edota analytics guztiontzat» izan zen bigarren mugarria, hau da, lehen informazioa norberaren ordenagailuan zegoen, aldaketa horren eraginez, «ordenagailu» batean bildu zituzten munduko erabiltzaile guztien informazioak; Facebook, Linkedin edota Twitter izan ziren horren ondorio.
Obamaren administrazioak, beste alde batera begiratu zuen Google mundu osoko informazioa bere egiten ari zen bitartean, eta Big Techei bide eman zien. Bidenen garaian, oligarkia teknologikoa jada boteretsuegia zen ezer egiteko adituaren esanetan: «Boteretsu horien aberastasuna estatu batena baino azkarrago sortzen da, eta aberastasun hori inberitu egiten dute, horrela, gobernuen esku hartzerik gabe, inbertsoreek beti izango dute langileek baino aberastasun gehiago». Eta azaldu du, horrelakoxe bidea egin duela Mikrosoftek munduko enpresa errentagarriena bihurtzeko.
Behin oligarkia teknologikoak indartuta, egungo garaia den mugarrira helduko ginateke ikertzailearen arabera: «Algoritmoa ez da besterik gabeko zerbait, negozio eredu baten ondorioa da, geroz eta gehiago egon gazteak Instagramen, geroz eta informazio gehiago eskuratzen da, eta ondorioz, geroz eta publizitate gehiago eskuratu dezakete».
ICCAN, zer da? baliagarria da?
Itzalez eta munstro handiz betetako oihan horretan kokatzen da ICANN instituzioa, eta Amadeu Abril abokatu eta .cat domeinuaren sustatzailea aritu da interneteko desgobernua antolatzearen zailtasunez. Aurrez argitu du, adimen artifizialeko ezer arautzen edota gobernatzen ez dela aritzen aipaturiko instituzioa. Zer da, beraz? «Eztabaida foro bat da, domeinu izenen industriaren ordezkaria litzatekeena, autogobernantza eredu bat».
Abrilek azaldu du oso funtzionamendu konplexua duela erakundeak, eta bertan telekomunikazioko nazioarteko erakundeak, gobernuak, industria, sektoreko enpresak zein erabiltzaileak elkartzen direla. «ICANNek ekarpen bat egiten badu da, gobernuez gain industriak ere parte hartzen duela, komeni da jakitea zer egiten duten. Eta gizarte zibilak ere parte hartzen du, erabiltzaileek eta hirugarren hanka hori oso beharrezkoa da».
«Jabetza intelektualaz, dibertsitate kultural eta linguistikoaz ari naiz, ordezkaritza bat behar da munduak zu nor zaren jakiteko».
Hala ere, nabarmendu du ordezkaritzak desorekatuak direla, «gobernu batzuetatik ordezkaritza oso apala da, baina AEBtatik esaterako, ehun kide etortzen dira landutako txostenekin, eta normalean, lan gehien egiten duenak du zama handiena, eta izatez eredu honek mundu guztia bertan egoteko aukera ematen du». Ez dago mundu osoa ordezkatuta ordea, eta bere ustez ezinbestekoa da. Esaterako, ohartarazi du hasieran tildeak edo karaktere asiatikoak ezin zirela erabili interneten, baina bertan parte hartu, presioa eginez lortu zela, «jabetza intelektualaz, dibertsitate kultural eta linguistikoaz ari naiz, ordezkaritza bat behar da munduak zu nor zaren jakiteko».
Non dago euskara?
Josu Waliño .eus fundazioko zuzendaria aritu da Euskal Herriak ingurune eta instituzio horietan duen presentziaz eta presentzia ezez hizketan. «Paper garrantzitsu bat dugu, internet arautzen den eremu horietan aritzea, gure arautzea ere hor egiten da eta jakin behar dugu zer gertatzen den, eta gure komunitatearen ikuspegia ere eraman behar dugu».
Interneteko gobernantzan hiru «eremu gako» daudela ohartarazi du, eta balantze bat egin du euskal komunitatea non dagoen, eta non ez dagoen azalduz. Aurrez azalduriko ICANNen kasuan, erregistradoreen tokian dago .eus fundazioa, domeinu geografikoen lan taldearen zuzendaritzan hain zuzen ere. Baina Estatuetako gobernuen lan taldean ez dago euskaldunik, «Lakuak ezin du berariaz egon, baina Estatu espainolak bideratu dezake ordezkari bat», argitu du. Erregistadorerik ez dagoenez Euskal Herrian eremu horretan ere ez gaudela azaldu du, enpresek ere beren foroa dutela ez gaudela, ez eta erabiltzaileen foroan.
«Industriatik, gobernutik edota gizarte zibiletik parte hartzeko baditugu eremu ezberdinak, garrantzitsua da parte hartzea, egin dezagun»
Internet Gobernance Forum da bere ustez egungo gobernantzarako bigarren eremua, eta bertan Euskal Herriko foru propioa izan genezaken arren, «gure ikuspegitik eztabaidatu eta hortik foro globalagoetan parte hartzeko», ez dugula azaldu du. Eta Internet Society edo ISOC dela hirugarren hanka, erabiltzaileak bildu eta interneteko arkitektura aztertu, programazioan trebatu edota komunitateak ahaldutzeko ikuspegiarekin egiten duela lan, baina horretan ere ez dagoela euskal herritarrik esan du. Eta ondorio argia plazaratu du: «Industriatik, gobernutik edota gizarte zibiletik parte hartzeko baditugu eremu ezberdinak, garrantzitsua da parte hartzea, egin dezagun».
Goizaren amaiera aldera, egin da gogoeta gunea, ‘Euskarazko hizkuntza teknologia propioa posible al da?’ galdera ardatz hartuta aritu dira Elixabete Garcia Lakuako eraldaketa digitalerako zuzendaria eta Aitor Soroa EHUko Adimen Artifiziala eta hizkuntza teknologiako Hitz Katedrako zuzendaria.
Zerotik abiatu beharrean, moldatu
Soroaren iritziz ezinbestekoa da ikerketa arlo honetan, «ezin duguna da euskararen arlo honetako garapena enpresa handi hauen esku utzi, garrantzitsua da guk ere gure estrategia eta ikerketa garapena egitea». Aldi berean, aitortu du «eredu handien» ondoan, euskara gaitasun bermerik ez dagoela, «dependentzia teknologikoa duzunean beti gertatu daitekeen zerbait da, beraiek dituzte baliabideak eta beraiek erabakitze dute horiek non gastatu, hizkuntza txikiak garatzeko asko ez dute jarriko».
Bestalde, adimen artifiziala bezalako tresnen «entrenamenduan» jarri du arreta: «Eredu hauek entrenatzean munduaren ikuspuntu bat izaten dute, lerrokatze bat egoten da, balioetan etabar. Maila ertaineko gizaseme zuriak arteko kultura islatzen dute».
Garcia bat etorri den arren, onartu du egun euskal komunitateak ez duela nahikoa baliabidetik tresnak «zerotik» abiatzeko, eta ondorioz, handiek egiten duten lana «gurera moldatzea interesgarria» dela. Bere ustez hori izan daiteke hasiera puntua, «egina dagoena gurera ekarri eta hortik hasi behar da ibilbidea, lana ez dugu irletan egin behar, hobetu egin behar dugu, baliabideak partekatu, federazioak sortu…».
Erronkak betetako oihana da parte hartzaile guztien iritziz internetekoa, baina guztientzat da ezinbestekoa bertako parte hartzea, euskal ikuspegia txertatu eta erabilgarri izateko.

«Gaur egun, zoritxarrez, Kattalin bezalako emakume asko daude gizartean»

Emotiva llegada de la selección de Palestina a Bilbo

La Ertzaintza allana con porrazos e identificaciones el desahucio del fondo Cerberus en Basauri

Fallece el expelotari Eneko Pelletrat tras un accidente por la caída de un poste eléctrico

