
Gauzak estu jarri dira Winter Serieseko A multzoan, eta txapelketa hasi besterik ez da egin. Atzo, bigarren jaialdia hartu zuen Gernikako Jai Alai pilotalekuak, A multzoko bigarren partidarekin. Egungo txapeldun Erkiaga-Ibarluzearen txanda zen eta publikoan ikusmin handia sortu zuen ea Laduche-Zabala bikoteak nola erantzungo ote zuen.
Oso partida gogorra jokatu zuten, tentsio handikoa –bai eta presioa ere, batez ere Ibarluzeari sumatu zitzaiona–. Tanto ikusgarriak utzi zituzten baina baita ezohiko akats batzuk ere. Laduchek serio hasi zuen neurketa, hormabiko eder batekin 0-1ekoa jarrita. Azkar erantzun zion Erkiagak baina, oro har, arrosek, elkar ulertzeko arazoak izan zituzten kantxan. Nolanahi ere, Ispasterkoaren maisulanei esker partidan sartuta jarraitu zuten eta gainera, aurretik joan ziren atsedenaldira (8-7).
Geldialdiaren ostean, Erkiagak pilotalekuari tonua hartu ziola zirudien, sake errestoan eta txapa-gainean tantoak eginez, baina atzean akatsak pilatu zituen Ibarluzeak (11-13). Gainera, aurrelari bizkaitarrak ez zuen asmatu errematean Laduche preso hartu zuenean. Ispasterkoak suabe-suabe bota uen, aurkaria preso ikusita. Batez ere kiniela jokoan aplikatu izan den legea da, parekoa arriskuan ez jartzeko suabe bota eta besteak ez jarraitzearena, baina Laduche pilotaren bila abiatu eta berak amaitu zuen tantoa (11-14). Hamabosgarrena ere lapurtarrak egin zuen, errebotez (11-15).
Hain zuzen ere, Getarikoak ongi baliatutako taktika izan zen errebotearena, gehiegizko altuera eman gabe, indartsu, Ibarluzea ez sartzeko moduan baina paretetik bueltan motz geratzea bilatzen. Hala ere, bigarren jokoan Erkiaga ernegatuaren maisulanarekin topatu ziren. Errekurtso anitzak kantxaratu zituen Ispasterkoak eta bikote urdinak akats gehiago pilatu zituen –Laduchek saskiratu ez zituen bi pilota, esaterako–. Atsedenerako, 8-4 aurreratu ziren arrosak eta Erkiagak bere harribitxiekin jarraitu zuen: 10-4koa, sahietsetik barrutik barrura abiaduraz egina, 11-5ekoa seiko koadrotik, eskumaz, suabe-suabe txapa gainean pilota jarrita, eta seta ere Erkiagak berak amaitu zuen, horma bikoarekin (15-7).
Emozio handia azken uneraino
Kiterako setean emozioa areagoatu egin zen, zaleengan nabari zen urduritasuna. Markina-Xemeindarrak banatuta zeuden Ibarluzea eta Zabalaren artean, Laduchek eramandako pilota bakoitza ospatzen zuenik ere bazen –lapurtarra, iaz, finalera iritsi zen eta zale asko bereganatu zituen– ‘pantera arrosen’ monopolioa apurtzeko desira zutenak...
1-3 aurreratu ziren urdinak, eta Ibarluzeak egin zuen arrosen bigarrena. Errebesez, bikain, inpultsua hartu eta zuzen zuzen erreboteko hormara (2-3). Partida Erkiagak berdindu zuen maisulan batekin eta saihetsezina izan zen Gernikan pilatuta 2.000 pertsonen txalo zaparrada eragitea: errebesez urrutitik hormabiko perfektua bota zuen, txapa gain gainean (3-3).
Zuriak aurretik jarri ziren berriz ere, Laducheren eskuin indartsuari esker (3-4) eta tanto bakarra behar zutela, Zabalak partidako huts bakarrenetakoa egin zuen, momentu txarrean (4-4). Tentsio itzela egon zen kantxan zein harmailetan. Azken tantoa bera ere borrokatua izan zen, pilota oso zailak sartu zituzten baina Ibarluzeak saskiratu zuen pilota batean, Erkiagaren falta adierazi zuten epaileek, Ispasterkoak bere zestarekin ukitu baitzuen pilota: 4-5 Laduche eta Zabalaren alde, eta A multzoa gori gorian.
Multzoa estu
Pasa den astean, Goitia-Lekerikak bi setetan irabazitako partidarekin, multzoko liderrak dira, 4 punturekin. Atzo, hiru puntu pilatu zituzten eta Laduche eta Zabalak, eta beraz, hasiera batean, multzoko bi bikote indartsuenak dira azkenak: Erkiaga-Ibarluzea puntu bakarrarekin eta Johan-Gorka punturik gabe.
Gainera, egun hauetan adi egon beharko Johan Sorozabaleri egingo dizkioten mediku frogei. Pau jokatutako txapelketan orkatila bihurritu baitzuen eta honen larritasuna jakingo da laster. Multzo honetako hurrengo partida azaroaren 16an izango da, Laduche-Zabala eta Sorozabal anaien aurka. Hurrengo astean, bestalde, B multzoko protagonistak itzuliko dira kantxara: Urreisti-Lopez liderrak Barandika-Basque bikote indartsuaren aurka.

«Gaur egun, zoritxarrez, Kattalin bezalako emakume asko daude gizartean»

Emotiva llegada de la selección de Palestina a Bilbo

La Ertzaintza allana con porrazos e identificaciones el desahucio del fondo Cerberus en Basauri

Fallece el expelotari Eneko Pelletrat tras un accidente por la caída de un poste eléctrico
