
Estatu Batuetako hiri handi gehienek alkate demokrata daukate. Ondorioz,gaur bozkatuko duten udalerrietan ez da ezusteko handirik espero: udaberrian egindako primarioetan gailendu ziren hautagaiak irabaztea espero da. Baina New Yorken ustekabea eman zuen ekainean Zohran Mamdani demokrata sozialisten hautagaiak, establishment-etik bultzatutako Andrew Cuomo garaituta. Orain Cuomo independente legez da alkategaia, demokraten hautagai ofiziala Mamdani baita. Gazte sozialistak mobilizatu duen boluntario talde erraldoiari aurre egin ezinik, Cuomok eskuinera begiratu du, eta New Yorkeko errepublikanoen botoa eskatu du. Etxe Zurian bizi den den newyorktarrak erantzun du: Cuomoren aldeko botoa eskatu du, behin eta berriz (gezurra izan arren) 'komunista' deitu dion Mamdani geldiarazteko.
Nekez aurki liteke kontraste handiagorik bi hautagai nagusien artean: Ugandan jaio eta zazpi urterekin etorritako indiar jatorriko gaztea alde batean, irribarrea beti ahoan eta mihia zorrotz, mezu argi eta zuzenekin. Bestean, demokraten familia tradizionala, aita bezala gobernadorea izan zen Cuomo, harik eta dimititu behar izan zuen arte, hamahiru emakumek sexu-jazarpenagatik salatuta. Mamdanik gupidagabe jo du Cuomok ordezkatzen duen guztiaren aurka. Atzo, zorionak eman zizkion burla-haizez Trumpek haren aldeko botoa eskatu zuelako, «badakit zenbat saiatu zaren hori lortzeko».
'Mamdani efektua' gezur eta intoxikazioetan ez korapilatzetik etorri da. Komunista izendapena gezurtatu eta hamar segundotan argitzen du demokrata eta sozialista dela, eta hiriko auziei heltzen die, etxebizitzaren kostu garestia aipatuz. Alogerak izoztu, doako haur-eskolak, eta autobus eta metroa ere doako egitea agindu du. Faktura, hiriko multimilioidunek ordainduko dutela dio, zergak urtean milioi bat dolarretik gora irabazten dutenei igoko dizkiela aginduz. Ez dagoela poliziaren aurka dio, are gehiago, delitu larrien aurka nahi ditu agenteak. Metroan eta bestelako lekuetan dauden delituetako gehienek lanketa psikologikoa eta bestelako hurbilketa bat behar dutela defendatu du, eta horri helduko dion taldea eratzeko konpromisoa dauka.
Boluntarioak eta ilusioa
Mezu zuzen hori alde batetik bestera darama New Yorken, bideo irudimentsuak egiten, metroan eserita oinarrizko kontzeptuak argituz, hoteleko lo-gelak garbitzen diharduen langilearekin sindikatzearen garrantzia azpimarratuz, beharginen kantinak bisitatzen eta haiekin bazkaltzen. Beti irribarretsu, dena agerian: baita espainolezko bideoa egiteko aldamenean ahoskatzen laguntzen dion pertsona erakutsiz ere, eta hanka-sartzeak ezkutatu gabe. Aldiz, zorrotz eta artez dihardu telebistako debateetan Andrew Cuomorekin izandako telebistako eztabaidetan. Wall Streetek eta Bloombergek Cuomori emandako milioen aldean, boto bakoitza lortzeko etxez etxe ari dira ate-joka Mamdaniren aldeko ia ehun mila boluntario. Eta haiekin batera, Amazonen aurkako borrokari ekin zioten sindikalistak, eta alderdiko ezkertiar ezagunenak: Alexandria Ocasio-Cortez eta Bernie Sanders Mamdanirekin daude mitin eta agerraldi askotan.
Demokrata gehienek ez bezala, Mamdanik argi eta garbi salatzen du Gazako genozidioa, eta Netanyahu hirira badator (New Yorken dago NBEren egoitza) atxilotu egingo duela dio. Cuomok alde horretatik ere kritikatu du Mamdani, eta Trumpek nahi duen hautagaia dela dio, Washingtonekin borrokan Trumpek boterea kendu eta aginte zuzena Etxe Zuriaren menpe utziko duela iragarriz.
Mamdani aurretik doa inkesta guztietan, baina Cuomo hurbildu egin zaio azken asteotan. Aurretiazko bozketa igandean amaituko da, eta astearte bozketaren ostean jakingo da zein aldetara egiten duen demokraten arteko lehia nagusietakoa bihurtu den New Yorkeko alkatetzak. Zalantzarik gabe, demokraten aparatu zentristaren eta alderdia ezkerrerantz ekarri nahi dutenen arteko lehian oso esanguratsua izango da emaitza, aste gutxi barru beste primario batzuk hasiko baitira: 2026ko agintaldi erdiko edo midterm hauteskundeetarako hautagaiak erabaki beharko dituzte, Kongresuaren gehiengoa errepublikanoei kentzeko asmoz.
Bestelako bozketak
Midterm horiei buruzko lehen bozketa astearte honetan Kalifornian egingo den galdeketa da. Trumpek, Texasko barrutien mugak aldarazi ostean kongresista gehiago izateko, kaliforniarrek gerrymandering ariketa horri aurre egingo dioen beste aldaketa bati buruz bozkatuko dute. Arreta berezia egongo da, halaber, Virginian, gobernadore demokrata bat egon litekeelako egungo errepublikanoaren ordez.

«Gaur egun, zoritxarrez, Kattalin bezalako emakume asko daude gizartean»

Emotiva llegada de la selección de Palestina a Bilbo

La Ertzaintza allana con porrazos e identificaciones el desahucio del fondo Cerberus en Basauri

Fallece el expelotari Eneko Pelletrat tras un accidente por la caída de un poste eléctrico
