Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

‘Decorado’ eta ‘Dog of God’: helduentzako animazioaren indarra

‘Decorado’ filmaren afixan irakur daiteke: «Mundua eszenatoki zoragarria da, baina antzezle negargarriak ditu». Esaldi horrek ezin hobeto laburbiltzen du Beldurrezko Zinema Astean aurkeztuko den filmaren arima eta mezua. Jarraian emango da Letoniako ‘Dog of God’. 

‘Decorado’ filmaren fotograma.
‘Decorado’ filmaren fotograma. (NAIZ)

‘Psiconautas’ (2015) eta ‘Unicorn Wars’ (2022) zuzendu ondoren bere hirugarren film luzea aurkeztuko du Alberto Vazquezek Donostian: ‘Decorado’. Aurrekoetan bezala, helduentzako animazioaren baliabideak erabiliz hausnarketa sozial, politiko eta psikologiko sakonak jarri ditu mahai gainean. Aurten Sitgeseko Sail Ofizialera iritsi den hirugarren euskal ekoizpena da. Abano Producions eta Glow-rekin batera Uniko ekoiztetxe bilbotarra dago lanaren atzean.

Donald ahatea, Mickey Mouse eta ‘The Truman Show’

Arnold izeneko adin ertaineko sagu baten istorioa azaltzen du; krisi existentzial betean harrapatuta dago. Bikotekidearekin duen harremana gainbehera doa, bere bizitza zentzugabea iruditzen zaio, eta fartsa handi baten erdian bizi denaren susmoa dauka. Paranoia huts gisa hasten dena ihesaldi desesperatu bihurtzen da, askatasunaren –edo horren antzeko zerbaiten– bila abiatzen den ihesaldi bat.

Premisa horretatik tiraz, Donald ahatea, Mickey Mouse, ‘The Truman Show’ filma eta ‘The Prisoner’ telesailaren arteko nahasketa zoroa proposatzen du Vazquezek; dena, hori bai, bere iragazki pertsonal eta bereziaren bidez. Umore beltza, gizarte kritika gordina eta sarkasmoa ez dira faltako.

‘Decorado’ izen bereko film laburrean oinarritzen da, eta mundu horri berriro heldu eta film luze formatura eramatearen zergatiari buruz zuzendariak honakoa azaldu du: «Hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, film labur bat egitea bi urteko prozesu bat delako, non mini unibertso gisa eraiki behar duzun, pertsonaien eta munduen kosmologia oso batekin. Lan gogorra da eta azkenean beti geratzen naiz film laburra motz geratzen zaidalako sentsazioarekin eta trama eta pertsonaia horiek zabaltzeko gogoa ematen dit. Kasu honetan sentipen hori oso indartsua izan zen, maila guztietan ondo atera zen proiektua zelako, bai artistikoki, bai aintzatespenen aldetik ere».

Soinu bandaren alorrean izen bat nabarmendu behar da: ‘Unicor Wars’ filmeko musika konposatu ostean, Joseba Beristain azkoitiarrak film berri honen piezak ere sortu ditu. Vazquezek aipatu du: «Oso interesgarria da film honen soinu bandari erreparatzea, Josebak lan ederra egin duelako. Animaziozko film batean musika ezinbesteko pieza da: soinua, foley-a eta abar. Gauzak beste maila batera eramaten dituen adarra da. Berarekin lan egiten dudanean, ‘animatica’ izeneko zerbait daukagu; bideora eramaten dugun storyboard moduko bat da, eta bertan audioa jartzen da. Hasieran, inspirazio iturri moduan, nik tema batzuk jartzen ditut, apur bat guztia irudikatzeko. Josebak playlist osoa hartzen du, barneratu egiten du, eta bere bertsio propioa egiten du, bere zigilu pertsonala. Musika klasiko garaikidea, elektronikoa, paisajismoa, ambient-a, eta, bestetik, biolontxeloa edo pianoa bezalako instrumentu klasikoen esentzia daude. Modernitatearen eta klasizismoaren arteko nahasketa nahi genuen, filmari ezin hobeto doakiona».

Letoniako animazioa

Iaz estreinatu zen ‘Flow’ animaziozko film arrakastatsua eta hura bezala ‘Dog of God’ ere Letoniakoa da; oso (oso) desberdinak diren arren, herrialde horretan animazioak bizi duen loraldiaren bi adibide nabarmen dira.

‘Dog of God’ filmaren zuzendariak anaiak dira eta letoniarrak. Orain arte ‘Castratus the Boar’ (2015) film laburra eta ‘Troubled Minds’ (2021) izeneko, psikearen eraispenei buruzko film luzea egin dituzte. Lauris eta Raitis Ābele dira, eta hirugarren anaia ere badute: Mārcis, argazki-zuzendari gisa aritzen dena. Elkarrekin filmatu dute Beldurrezko Astean aurten ziurrenik ikusiko dugun filmik likits eta lizunena.

XVII. mendeko Livoniako herri batean, etengabeko euria eta mozkorkeria dira nagusi. Lapurtutako erlikia batek sorginkeria salaketak eragingo ditu, eta, bere buruari ‘Jainkoaren Txakurra’ esaten dion 80 urteko gizotso bat iritsi da opari misteriotsu batekin: Deabruaren Bolak. Istorioak hiru pertsonaia nagusi ditu: sorginkeria leporatzen dioten tabernaria; denak beldurtu nahi dituen parroko hipokrita; eta bere giza ahultasun eta arazo sexualekin bakarrik kezkatzen den pertsona aberatsa.

Horrela, XVII. mendeko Baltikoko herri baten miserien erretratu barregarri eta zikina egiten dute Lauris eta Raitis Ābele anaiek. Alkoholismoa, klase-desberdintasuna eta sexu-gaiztakeriak dira nagusi, eta giro ilun eta ironikoan kontatzen dute istorioa.