
Iragarpena pasa den ekainean egin zuen Imsersoko zuzendari nagusi Maria Teresa Sancho Castiellok, Gipuzkoako Foru Jauregian egindako agerraldian, eta bertan izan ziren Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Gipuzkoako Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua.
Topaketa honek Osasunaren Mundu Erakundea (OME) izango du laguntzaile eta mundu osoko ordezkariak, adituak eta erakunde sozialak bilduko ditu, adinekoekin lagunkoia den ingurune bat eraikitzeko esperientziak, politikak eta praktika onak partekatzeko helburuarekin.
Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko Sarearen misioa aurrera eramatea bilatuko du Donostiako hitzorduak, pertsonak, hiriak eta komunitateak mundu osoan konektatuz. Informazioa, ezagutzak eta esperientziak trukatzea erraztea, aldaketa inspiratzea, zer egin daitekeen eta nola egin daitekeen erakustea izango da helburua, tokian tokiko irtenbide berritzaile eta egokietatik abiatuta. «Aukera paregabea izango da hiri gizatiarragoak, bidezkoagoak eta bizitzaren etapa guztietarako prestatuak eraikitzen jarraitzeko», nabarmendu zuen Maria Teresa Sanchok. OMEk maiatzaren 19an Genevan egindako urteko batzarrean baieztatu zuen Euskal Herria izango dela hurrengo kongresuaren egoitza, eta horrek, adinekoen bizi-kalitatea eta belaunaldien arteko bizikidetza hobetzeko egiten ari den lana aitortzen du, ordezkari politikoen esanetan.
Donostia izan zen espainiar Estatuan OMEren ekimen honetan parte hartzen lehena, 2009an. Ordutik, hiriak diagnostikoa eta ekintza plana egin ditu, eta egun erreferente izaten jarraitzen du Estatuan adinekoen lagunkoitasunaren ikuspegitik.
86 UDALERRI
EAEn, Euskadi Lagunkoia Berria sareak 86 udalerri ditu gaur egun, lagunkoitasunaren alde lanean. Horietatik 27 Gipuzkoan daude, 37 Bizkaian eta 22 Araban. Herri eta hiri horiek guztiek parte hartze aktiboa, inguruneen egokitzapena eta zahartze osasungarria sustatzen dute.
Kongresua aukera paregabea izango da EAEn azken urteetan egindako lana erakusteko, bai eta beste esperientzia batzuk ezagutu eta ikasteko ere. «Kongresuak sarea indartu eta esperientzia berriez hornituko du, herritarren eta bereziki adinekoen parte hartzea bultzatzeko helburuarekin», adierazi zuen Nerea Melgosa sailburuak.
Kongresua Imsersok antolatuko du, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, eta gai garrantzitsuak jorratuko dira bertan: belaunaldien arteko ikuspegia, zahartze osasungarria, aniztasuna edo gizarte partaidetza, besteak beste. Herri eta hiri lagunkoien sareko ordezkariak ez ezik, gizarte erakundeak eta adineko pertsonak ere izango dira partaide.
Topaketa hau 2021-2030 Zahartze Osasungarriaren Hamarkadaren barruan kokatzen da, eta OMEren helburuen artean dagoen hiri eta komunitate lagunkoien sare globala indartzea eta konektatzea du xede. Euskadi Lagunkoia ekimenetik gonbita luzatzen diete udal guztiei eta komunitate eragileei, kongresu honetan parte hartzeko eta adinekoekin lagunkoia den Euskadi eraikitzen jarraitzeko.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
