«Momentu hau baliatu behar dugu euskarazko fikzioari eta komediari bultzada emateko»
‘Aa aita’ bakarrizketa ondu du Jon Plazaolak. Aitatasunak erabat irauli du umoregilearen bizitza eta umorearen betaurrekoez begiratutako hainbat eguneroko egoera aurkituko ditu publikoak eszenan, asko ezagunak egingo zaizkienak guraso direnei. Ostiral honetan eskainiko du estreinakoz Donostian.

Irailean Urretxun, jaioterrian, eskaini zuen lehen aldiz ‘Aa aita’ bakarrizketa. Ondo joan zen lehen ‘froga’. «Oso sentsazio onekin atera nintzen. Herrian aurre-estreinaldia egitea, edo lehenengo aldiz lan bat aurkeztea, filo bikoitzeko labana bezala da. Herrian zaude, ezagutzen duzu ingurua, ezagutzen duzu jendea, badakizu jendearen babesa jasoko duzula. Herritarrek nahi dute niri gauzak ondo ateratzea. Baina beste alde batetik ere sentitzen duzu presioa. Nahi duzu zerbait berezia egin, egoten da beti barruan urduritasuna. Nire kontu pertsonal batzuetaz hitz egiten dut, nire gauza intimo batzuk eta plazaratu ditut, eta noski, jendeak ezagutzen nau, nire familia, eta nire historia. Herritik kanpo egiten dudanean testuingurua zein den azaldu behar dut».
Donostian (Lugaritz Kultur Etxean) ikusiko du argia ostiral honetan (azaroak 7). Gasteizen (Jimmy Jazz) azaroaren 27an; Iruñean (Antzerki Eskola) eta Bilbon abenduaren 4an (Campos Eliseos) dira hurrengo hitzorduak. «Lehenengo funtzio horiek oso garrantzitsuak izaten egin dira, gero bidean ikuskizunak bere bizitza propioa izaten du eta aldaketak izaten ditu», dio.
Biraren lehen txanpan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan emanaldiak lotuta edukitzea ez da egunero gertatzen. Barreman ekoiztetxearen meritutzat jo du. «Gustatzen zait nola diseinatzen ari diren bira, hiriburuetatik hasi gero herrietara joateko. Lehenengo lau emanaldiak toki garrantzitsuetan izateak presioa gehitzen dio denari, hori egia da, baina beste alde batetik ondo dago, biraren diseinuari eta ikuskizuna berari taxua ematen dio. Gogo handiz nago».
Lan berria deskribatu eta ikusle potentzialari ‘amua’ jartzera gonbidatu dugu. «Barre egiteko da, denok daukagu beharra. Eta gainera horrelako gai batekin izatea uste dut publikoak bereziki behar duela. Lau pareten artean izaten ditugun bizipenak askotan etxean bertan gelditzen dira eta iruditzen zaigu baita guri bakarrik gertatzen zaizkigula. Parkean edo kanpoan beste guraso batzuekin irekitzen garenean konturatzen gara beste etxeetan ere errealitate antzekoak bizitzen dituztela. Bakarrizketa bada denon artean talde terapia moduko bat egitea. Uste dut jende askok empatizatuko duela nik kontatzen ditudan gauzekin», adierazi du.
Topikoez harago
Topikoez harago joaten saiatu da. «Komikotasunaren erraminta da baina gehiegi erabiliz gero aspertu egin daiteke ikuslea eta ez zait iruditzen topikoetara hainbeste jo dudanik, toki komun batzuetara bai, jendea identifikatuta sentitu dadin. Bakarrizketari berezitasuna ematen dio nire ikuspuntu pertsonala izateak; nire bizipen pertsonalera jo dut».
Umoreak hausnarketarako bide ere eman dezake. Bada hori helburua? «Asmoa da momentu dibertigarri bat pasatzea. Baina egia da mezu bat helarazteko asmoa ere badagoela», argitu du.
«Asmoa da momentu dibertigarri bat pasatzea. Baina egia da mezu bat helarazteko asmoa ere badagoela»
Ikusi eta egunetara oraindik buruan bueltaka duzun funtzioak dira interesgarriak. «Bai, kalean zoazela baten batek errepikatzen dizunean zuk bakarrizketan botatako zerbait. Transmisioa gertatu denean, jendeari mezua iritsi zaionean. Guri gerta dakigu gauzarik politenetako bat da», aitortu du.
Garbi dago aita izateak erabat irauli duela duela. Esana du aitatasuna dela «bere zoriontasun handienen arrazoia eta baita zure drama handienena ere». «Bai, hori izango litzateke bakarrizketa honen log line-a (gidoren laburpen modukoa). Egia da, nire aitatasunak bizitza guztiz aldatu dit, lehentasunak ere aldatu dizkit tokiz. Zeozer espero nuen baina ez bizi dudan moduan bizitzea», kontatu du Plazaolak.
Semetasuna
«Egia esan, Teo jaio aurretik plan bat eratu nuen nire bizitza pertsonala, aitatasuna eta gurasotasuna kasu honetan, bideratzeko. Plana momentuz ondo ateratzen ari da, horrek, esan nahi du, nire umearekin denbora asko pasatzeko aukera izaten ari naizela. Aitatasuna bizitzeko aukera handia ematen dit eta egia esan horrek talka egiten du nik izan dudan aitaren erreferentziarekin. Nik ikusi nuen aita bat egunero zortzi orduz fabrikara joaten zena, goizez fabrikan baldin bazegoen arratsaldean adibidez baserrian amamari laguntzen ziona. Ez nuen hainbeste denbora pasatzen nire aitarekin, Teok nirekin egiten duen bezala. Orduan, ostras! Horrek perspektiba bat ematen dizu eta hausnarketa sortzen dizu. ‘Teorekin denbora pasatzen saiatuko naiz’, pentsatu nuen baina ezn nuen uste hain intentsoa izango zenik», aitortu du.
«Askotan esaten dut nire semetasunarekin oso zoriontsu naizela, eta aitatasunari oraindik neurria hartzea kosta egiten zaidala», gaineratu du.
Aurreko lana, ‘Tu, tum, platz!’, euskaraz sortu zuen etxetik gertu lan egiteko asmoarekin. Berdin ‘Aa aita’.
Umoregintza, osasuntsu
Umoregintzak Euskal Herrian bizi duen osasunaz galdetu diogu. «Umorea osasunez oso ondo ikusten dut, ze nik uste dut Euskal Herriak beti umorea izan duela eta eskerrak, ez? Zeren herri honetan gertatu direnak jasateko eta horren aurrean aurrera ateratzeko, umorerik gabeko iraultza, gorringori gabeko arraultza...», dio Plazaolak.
Baikorra da. «Umoregintzan esperantza handia daukat jarrita. Ikusten dut jende asko ari dela euskaraz umorea sortzen. Stand Up formatuak (eszenatokian bakarrik dagoen umoregilearen bakarrizketa) konkretuki bizi du nolabaiteko loraldi bat. Jende asko ari da ateratzen bakarrizketak egitera, oso ausarta eta talentuduna. Horrek harrobia sortzen du, ohitura sortzen du, ikusleak hezitzen ditu. Orain publikoak badaki zer ikustera datorren. Guri hasieran gertatzen zitzaigun ez zekien zehatz-mehatz zer ikustera zihoan. Pertsona bat, mikrofonoa eskuan, ez dakit, txisteak zuzenean ez, baina egoerak kontatuz, hau zer da? Bageneukan erreferentziaren bat, garai hartan, El Club de la Comedia eta horrelakoak 2000. urte hasieran hasi zirenak, baina gaur egun nik uste jendea askoz ere ohituagoa dagoela. Eta horrek asko laguntzen dio jendeari ausartzeko orduan, oholtza gainera igo eta beraien materiala, entzuleen aurrean aurkeztera».
«Stand Up formatuak bizi du nolabaiteko loraldi bat. Jende asko ari da ateratzen bakarrizketak egitera, oso ausarta eta talentuduna. Horrek harrobia sortzen du, ohitura sortzen du, ikusleak hezitzen ditu»
«‘Barre librea’ ETBko saioan genbiltzanean Aitziber [Garmendia] eta biok Kepa [Urresti] eta Getarirekin [Etxegarai] ‘casting’ bat antolatu genuen. Nahi genuena zen gogoa zeukan edozein guregana inguratzea bere materiala telebistan aurkezteko. Nahiz telebista ez den monologoak egiteko tokirik aproposena. Eta garai hartan etorri zirenak orain kartel askotan ikusteak kristoren ilusioa egiten dit, hori niretzako izugarria da», jarraitu du.
Olatua
Gaur egun bizi dugun abagunea aprobetxatu beharra ikusten du. «Ikusita oraintxe bertan zinema karteldegietan badaudela euskaraz egindako pelikula asko momentu hau aprobetxatu beharra daukagu euskaraz sortutako fikzioari, komediari eta guztiari bultzada emateko. Oraintxe momentua harrapatzen baldin badugu etorkizuna ere gurea izango delako». Olatua, ezta? «Hori da, bai», gaineratu du.
Barreman ekoiztetxea ari da bidea egiten. «Duela hiru urte inguru sortu zen eta Bidea musika promotoratik. Adar bat sortu da Stand Up-erako. Antxon Telleria, Ana Goitia eta hirurok gaude momentuz. Mesede handia egiten dio Stand Up-aren joerari».

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

