
Inkestek etengabe esan dutena betez, azken egunetan piztutako urduritasunak atzean utzita nagusitu da Zohran Mamdani New Yorken. Gau gogoangarri batean, AEBko hiri handieneko alkatetza eskuratu du -teknikoki, urtarrilaren 1ean hartuko du kargua-, eta azken asteotako ilusioa zipriztindu dio Donald Trumpen gehiegikeriekin haserre baina ezintasunean etsita dauden milioika laguni.
Urtebete bete zen atzo Donald Trumpek Etxe Zuria berreskuratu zuenetik. Kamala Harrisek iragarritako hondamendia bete-betean gertatu da hamabi hilabeteotan, eta, datu zehatzetatik haratago, AEBko sistema osoari Trumpek emandako kutsu autoritarioa oposiziotik gerarazteko indarrik ba ote den ebatziko da datozen hilabeteetan. Hasierako shock hilabeteak ahalik eta bizkorren erabili ditu Trumpen MAGA mugimenduak, eskuin muturreko Heritage Fundazioaren Project 2025 egitasmoan zehaztutako muturreko programak gauzatzeko immigrazioan, ekonomian eta administrazio publikoan.
Oldarraldi hori hasi berri zela aurkeztu zuen bere burua Zohran Mamdanik New Yorkeko alkatetzarako. Inkestetan doi-doi zeukan %1eko babesa, baina etsi gabe ekin zion lanari behetik gora antolatzen. Ez zegoen zalantzarik hiriak alkate demokrata izango zuela, baina alderdi horren barruan mundu asko daude. Horregatik izan zuen profetikotik Mamdaniren garaipen-diskurtsoak, Andrew Cuomori «bizitza pribatuan onena opa diot, baina gaur izan dadila haren izena aipatzen dudan azken aldia; orrialdea pasatzen ari gara». Demokraten baitako gaitz guztiak biltzen zituen Cuomok: aita gobernadorea izana, berak ere kargu bera lortu eta hamahiru emakumek sexu-jazarpena salatu ostean dimititutako pertsona bat alkategai aurkeztea hobetsi zuen establishment demokratak. Baina apustuak kale egin zien, eta Mamdanik esan bezala, «dinastia politiko bat erauzi dugu».
«Konbentzioak dio ez naizela hautagai perfektua: gaztea naiz, zahartzen tematu arren», bota zuen beti bezain irribarretsu, «musulmana naiz. Sozialista, demokrata naiz. Eta, are okerrago, ez dut barkamenik eskatzeko asmorik hala izateagatik». Mamdani ez dago bakarrik, milioika newyorktar ditu atzetik eta gobernatzeko mandatua ematen dion garaipen handi bat. Baina lehen erronka etxe barruan izango du, kaleko bultzada hori udaletxera eta beste erakundeetara eramaten duenean, Urteberri egunean kargua hartutakoan. Besteak beste, kanpainan agindutako zerbitzuen finantzaketarako zergak ezartzeko Kathy Hochul gobernadorea izango du aurrean ziurrenik. Kosta zitzaion Mamdani babestea, bere alderdiko primarioen irabazlea izanda ere, baina hala egin zuen azkenean. Chuck Schumer New Yorkeko senatariak, hori ere ez: ez du Mamdani babestu.
Demokraten baitako talka nabaria da. Trumpen aurrean porrot egin zuen alderdiak ez die berehalakoan bide egingo herrialdeari ezkerretik begiratzen diotenei. Baina Mamdanik oso klabe indartsua piztu duela agerian uzten duena Washingtondik dator: Trumpek Cuomoren aldeko botoa eskatzea -eta ez Curtis Sliwa hautagai errepublikanoaren aldekoa-, presidentea eta errepublikanoak oro har urduri dauden seinale da.
New York ez da edozein hiri, baina demokratek zalantzarik gabe irabaziko zituzten udal hauteskundeek nekez piztuko zuten interes mediatiko handirik Mamdani efekturik gabe. Hirian bertan begi bistakoa zen hauteskunde hauek sekulako ikusmina piztu zutela, bai aurretiazko botoetan, bai egunean bertan hainbat unetan emandako parte hartze datuetan. Azken hamarkadetako boto emaile gehien izan dira.
Alkate hautatuak badaki mundua eta Etxe Zuria begira dituela. Cuomoren argudioetako bat izan da Mamdani Trumpek behar duen aitzakia izango dela hiria bere kontrolpean jartzeko (Trumpek berak egin zuen mehatxu, funts federalak izozteko «ondo» bozkatu ezean; dagokiona ez ordaintzea da Trumpek politikaz, demokraziaz eta gestioaz ulertzen duena). Baina newyorktarrak ez dira kikildu. Mamdani ere ez, Etxe Zuriko bizilagunari argi utzi zion gisan: «Donald Trump, badakit entzuten ari zarela, lau hitz zuretzat [bi, euskaraz]: igo bolumena. Etxejabe txarrei kontuak eskatu dizkiegu, gure hiriko Donald Trump horiek erosoegi hazi baitira maizterrez aprobetxatuz. Trump bezalako multimilioidunek zergarik ez ordaintzea ahalbidetu duen ustelkeriaren kulturarekin amaituko dugu. Sindikatuen ondoan egongo gara eta laneko babesak handituko ditugu, ondo dakigulako, Donald Trumpek dakien bezala, langileek eskubide sendoak dituztenean, langileok esplotatu nahi dituzten nagusiak oso txiki bihurtzen direla».
GOBERNADORE DEMOKRATAK
New Yorken atzetik zeuden arreta guneetan, Virginia izan zen demokratei irribarrea ekarri zien lehena, hautetsontziak ixten aurrenekoa izan baitzen. Historikoki AEBko hegoaldeari dagokion estatua izan arren, Washington hiriburuaren aldiriak hedatu ahala demokraten aldera lerratu da estatua azken hamarkadetan (iaz ere Kamala Harrisek irabazi zuen). Estatuko barrutiei begira, errepublikanoen gorriak hartzen ditu eskualde asko, baina urdina gailentzen da biztanle gehien dauden gune urbanoetan.
Duela lau urte, ezustekoa izan zen errepublikanoek Virginiako gobernadore-hauteskundeak irabaztea. Joe Bidenen garaipenetik urtebetera, herritarren lehen abisua izan zen. Orain, Trumpen agintaldiko lehen urtean, virginiarrek bizkarra eman diete errepublikanoei, duela lau urtekoa salbuespena izan zela agerian utzita, eta Abigail Spanberger lehen emakume gobernadorea izango da.
New Jersey zen gobernadorea hautatzen zuen beste estatua, eta Virginiatik desberdina zen kontakizuna zen han. Historikoki demokrata izanda ere, eskuinerantz lerratuz joan da azken urteotan. Asteartean, Mikie Sherill demokratak hamar puntu baino gehiagoko aldearekin irabaztea Trumpen aurkako botoaren adierazle da.
KALIFORNIA, 2026RA BEGIRA
Astearteko azken foku nagusia (dozenaka alkate eta beste kargu ugari hautatzen ziren) Kalifornian zegoen, Gavin Newsom gobernadoreak deitutako galdeketagatik. AEBko estatu populatuena eta aberatsena da, eta demokraten gune segurua da. Kontraesan bat zekarren galdeketa planteatu zuen gobernadoreak: ingelesez gerrymandering deitzen den ariketa egitea eskatu zien kaliforniarrei, Trumpek Texasen egindako trikimailuari aurre egiteko.
Gerrymandering hauteskundeetako barrutien mugak aldatzea da, proportzionalki dagokizuna baino ordezkari gehiago lortzeko. Historikoki bi alderdiek egin dute trikimailu hori, baina demokratak herritarren borondatea itxuraldatzen duen praktika horren aurka azaldu dira azken urteotan. Hamar urterik behin erroldak berritzen direnean ezinbestean aldatu behar direnez hauteskunde mapak, une hori baliatu izan dute estatu errepublikanoek demokraten barrutiak murrizteko eta beraiek irabazteko dituztenak handitzeko. Oraingo honetan, baina, errolda berrien zain egon gabe Donald Trumpek berak behartu zuen Texas barrutien neurria aldatzera.
Datorren urteko midterm edo agintaldi erdiko hauteskundeetan Kongresuan gehiengoa galtzeko arrisku handia duela ikusita, Texasen errepublikanoek bost aulki irabaztea lekarkeen mapa aldaketa inposatu zuen. Hau da, demokrata bozkatu ohi duten herriak eta auzuneak hartu, eta ahalik eta gehien kontzentratu barruti batzuetan, eta, besteetan kontrakoa, gehiengo errepublikanoetan urtu boto hori. Ipar Carolinan eta Missourin ere berdintsu egin asmo du, beste kongresista bana kentzeko demokratei. Egun, Ordezkarien Ganberan errepublikanoek daukaten gehiengoa oso txikia da, eta oro har midterm-etan presidentearen alderdia zigortu ohi dela aintzat hartuta, oso litekeena da demokratek hartzea Kongresuko behe ganberaren kontrola.
Trumpen trikimailua onartzerik ez dagoela ikusita, egoera hori orekatzeko neurria ezinbestekotzat jo zuen Newsomek: Kalifornian ere barrutiak aldatuta demokratek bost aulki gehiago irabaziko lituzkete, hala Texasko iruzurrean galdutakoa berdinduz. Baina Kalifornian gerrymandering-aren aurkako legeak daudenez (Texas errepublikanoan aski izan zen estatuko kongresuko gehiengo errepublikanoak onartzea), horrelako erabaki bat hartzeko ezinbestekoa da herritarrek zuzenean onartzea aldaketa. Eta halaxe egin zuten kaliforniarrek.
Honela, Trumpen ibilbidearen laurdena eginda, datorren urteko hauteskundeetara begiratzeko unea heldu da. Urtebete falta da teknikoki, baina, berez, berehala hasiko da Trumpen agintearentzat arrisku handiena dakarren bozketaren bidea. Kongresuko ordezkarigaien dantzari ekingo zaio urte hasieran; hautagaiak hasiak dira diru bilketan. Helburu nagusia, Trumpek Kongresuaren kontrola galtzea da. Baina demokraten artean ere ezkerreko bidea hartzeko proposamena indartsu dator, New Yorken ikusi den legez.

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Chiapas limpia su escudo de símbolos de la conquista española

Dantzalekura itzulera

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro


