Oiartzungo udalak ‘Oroimena eta egia. Bizikidetzaren bidea’ zikloa antolatu du, hain zuzen ere, memoria ariketa bat egitea xede. Gaur bertan aurkeztu dute ekimena eta bertan aletu dituzte bai egitaraua, baita zikloaren helburuak ere.
Udalak azaldu duenez, legegintzaldia hasi zenetik bi urte bete diren honetan aurkeztu dute bizikidetzaren eta memoriaren aldeko ekimenaren ziklo berria, «emakumeek pairaturiko indarkeriari, ez soilik indarkeria politikoari baizik eta indarkeriei begiratzea» ardatz hartuta.
Antolatu dituzten ekitaldi desberdinen bitartez emakumeen istorioak, bizipenak eta isilarazitako, ezkutatutako eta ukatutako izenak azalera aterako dituzte, «emakumeak gure iraganeko subjektu aktibo bezala aldarrikatzeko».
Halaber, azaldu dute aurtengo egitaraua lantzerako orduan «ahalegin berezia» egin dutela gazteei bereziki zuzendutako proposamenak egiteko, uste baitute memoria ariketa bat egiteko ezinbestekoa dela belaunaldi guztien parte hartzea.
Horrela, gaztetxoentzat ipuin kontaketa saioa antolatu dute, Karmele Mitxelenaren eskutik. Azaroaren 15ean egingo dute, 17.00etatik aurrera, Pleno aretoan, eta hiru urtetik gorako umeei zuzenduta dago.
Gainera, nerabeentzat argazkietan oinarritutako aurkezpen proiekzioa egingo dute hilaren 17an, 18.30etik aurrera, eta 27an, goizez, DBH4ko ikasleak bertaratuko dira. Ander Gillenea argazkilariak hiru hamarkadatan ateratako argazkiekin ondu zuen ‘Gure historiako pasarteak’ bilduma eta horri Maider Galardi kazetari eta ikertzailearen begirada feminista txertatuta, emaitza ‘Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira’ izan da.
Eragileekin elkarlana
Proposamena prestatzeko Udalak herriko eragileekin hartuemana izan du, kultura eta memoriaren eremuan aritzen direnena zein ikastetxeena. Horri esker ondu ahal izan dute bi astez luzatuko den egitarau oparoa. Azaroaren 10ean hasiko da, Memoriaren Nazioarteko Egunarekin, eta hilaren 20ra arte iraungo du.
Aipatutako ekintzez gain, azaroaren 10ean, 18.30ean, pleno aretoan, ‘Frankismoan errepresaliatutako emakumeak’ hitzaldia eskainiko du Ione Zuloaga Aranzadiko kideak. Hurrengo egunean, 19.00etan, Landetxe kultur aretoan ‘Izarren argia’ filma proiektatuko dute.
Azaroaren 19an, 18.30ean, pleno aretoan, Maider Galardik ‘Euskal gatazk(ar)en ertzetako biolentziak eta erresistentziak. Begirada feminista bat indarkeriazko zikloari’ hitzaldia eskainiko du eta hurrengo egunean 19.00ean beste film bat proiektatuko dute Landetxen, ‘Mujeres fusiladas. La memoria ausente’.
Halaber, berez gazteentzat pentsatua badago ere, ‘Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira’ erakusketa azaroaren 10etik 23ra bitartean bisitatu ahal izango da pleno aretoan.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

«Dirigiremos Venezuela hasta que haya una transición», proclama Trump tras secuestrar a Maduro
