Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Primateak eta marrazoak azken egunean

Kito. Amaitu da. Ostiral honetan emango zaio itxiera aurtengo Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteari. ‘L’ultimo squalo’ film italiarraren kasu bitxia azaltzen duen dokumentalak irekiko du eguna, eta ‘Primate’ filmak itxiko du jaialdia. 

‘Aquel último tiburón’ dokumentalaren fotograma.
‘Aquel último tiburón’ dokumentalaren fotograma. (NAIZ)

Arratsaldeko saioan ikusgai izango da ‘Aquel último tiburón’ dokumentala: Enzo G. Castellariren ‘L’ultimo squalo’ film italiarraren kasu bitxia kontatzen duen lana da. Víctor Matellano, beldurrezko zineman aditua, eta Angel Sala, Sitgeseko zinemaldiko zuzendaria, dira sortzaileak.

Marrazoen arteko gatazka epikoa

1981eko ‘L'ultimo squalo’ filma ‘Tiburón 3’ izenarekin estreinatu zuten Estatu espainolean; Spielbergen ‘Jaws’ sagaren jarraipen ofiziala balitz bezala saldu zuten, baina, jakina, ez zuen inolako loturarik film harekin. Italiar pelikula xume hura aretoetara heldu zen, ‘Jaws’ filmaren bigarren zatiaren zaleek, sekuela ofiziala zelakoan, sarrera eros zezaten. AEBtan, filma debekatu egin zuten, Universal Picturesek plagioagatik salaketa aurkeztu zuelako. Ekoiztetxeak irabazi zuen kasua eta filma zinemetatik kendu zuten. Ez da inoiz Ipar Amerikan legalki eman, eta kultuzko zinta bihurtu da.

‘Aquel último tiburón’ dokumentalak, kasu hori ardatz hartuta, Italiako exploitation zinemaren ikuspegi panoramikoa eskaintzen du, eta Castel­larekin izandako elkarrizketa luze batean oinarrituta eraiki dute.

Zinegilearen parte-hartzearekin batera, Gianni Garko eta Fabiola Toledo aktoreak, eta Luigi Cozzi zinemagilea bezalako izenak ere agertzen dira. Horrela, gogorarazten dira Italiako industriak Ameriketako ereduak modu argi eta garbian kopiatu zituen garaiak.

Matellano eta Salak hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako Europako zinemari egindako omenaldi gisa eraiki dute lana: imitazioak, kopiak eta omenaldiak kultura zinematografikoaren funtsezko zati ziren garaia. Testuinguru horretan, ‘L’ultimo squalo’ adibide ezin hobea bihurtu zen ikusteko nola industria italiarrak Hollywoodeko arrakastak xurgatzen jakin zuen, bere estilora egokitzeko: azkarra, erraietakoa eta ia artisau erara egina.

«’L’ultimo squalo’ filmeko posterrik hedatuena oso adierazgarria da —azaldu dute zuzendariek—. Marrazo baten buruaren marrazkia erakusten du, Spielbergen marrazoaren promozio-irudi batetik zuzenean kopiatua. Zinemak bere burua kopiatzeko, inspiratzeko eta irensteko duen moduaren metafora bisuala da».

Primateak

20.00etan emango dute jaialdiko azken filma: Johannes Roberts-en ‘Primate’. Premisa ezin sinpleagoa da, baina ezaugarri honetako zinemaldi bati itxiera emateko ezin aproposagoa: unibertsitatetik itzuli ondoren, Lucy bere familiarekin elkartu da, Ben txinpantzea barne. Ben txikitatik izan dute maskota gisa, eta familiako beste kide bat da. Festa bat antolatu dute igerilekuan eta Lucyk lagun asko gonbidatu ditu. Benek, ordea, amorru hartu du nahi gabe beste animalia batek hozka egin diolako; festa lasaia izugarrikeria bilakatuko da.

Atmosfera klaustrofobikoa eta survival horror azpigeneroko elementuak erabiliz, espetxe hilgarri bihurtutako igerileku horretan protagonistak bezain harrapatuta sentituko da ikuslea. Filmaren asmo nagusia entretenitzea bada ere, animalienganako tratuari, gizakien eta beste espezie basatien arteko bizikidetzari, eta oreka hori hesi naturala apurtzen denean zein hauskorra izan daitekeenari buruzko hausnarketak ere uzten ditu agerian ‘Primate’-k.

Ez da luzaroan oroituko dugun proposamena, inondik inora ere, baina amaierako ekitaldira gerturatzen diren ikusleek gozatuko duten filma da.