NAIZ

Berritutako merkatua inauguratu du Durangok

Azken hilabeteotan egindako berrikuntza lanen ostean, berriz ireki ditu ateak Durangoko merkatuak. Hilak 24ra arte oraindik hutsik dauden bost postuak irekitzeko eskaerak onartuko ditu Udalak. Arraindegi baterako bat, elikadurari lotutako lau eta gehigarri bat daude libre.

Larunbat honetan egin dute Durangoko merkatu berrituaren inaugurazio ofiziala.
Larunbat honetan egin dute Durangoko merkatu berrituaren inaugurazio ofiziala. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Durangoko merkatuak ateak ireki ditu berriro, hainbat hilabeteko berrikuntza lanen ondoren. Larunbat eguerdi honetan izan da inaugurazio ekitaldia eta zuzeneko musikak girotuta, produktuen dastaketa eskaini dute. Mireia Elkoroiribe alkatea han izan da.

Udalak azaldu duenez, berrikuntza lanei esker merkatuaren egitura egokitu da eta zerbitzuak eguneratu dira, «gune komertzial dinamikoago, irisgarriago eta herritarrengandik hurbilago bat sortuz».

Azaroaren 3tik aurrera martxan egon da merkatu berritua, baina bost postu oraindik hutsik daude, arraindegi baterako bat, elikadurari lotutako beste lau eta postu gehigarri bat, hain zuzen. Horiek betetzeko, hilaren 24ra arte eskerak aurkezteko epea ireki du Durangoko Udalak eta zehaztu dute webgune ofizialeko Kontratatzailearen Profilaren bidez bete daitezkeela eskabideak.

Zuzeneko musikak girotu du inaugurazioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Postu gehigarria «tokiko merkataritzarekin edo merkatuarekin berarekin lotutako dinamizazio edo prestakuntza proiektuetarako» gordeta dago, Udalak jakitera eman duenez. Postu hauen eskaintzaren helburua «eskaintza komertziala zabaltzea da, gaur egungo herritarren beharretara egokitzen diren proposamen berriak txertatuz».