
Bere estilora lortu du Julio Sotok Nafarroako finalerako txartela; suabe eta dotore, ideia xumeak hari finez eta sinesgarriz josiz. Ariketa guztietan oinarri segurua jarrita eta hortik gorantz. Bukaerako agurrean “zer pulitua” baduela esan du. Leitzako saioan nahiko zorrotz sumatu dugu 2023ko txapelduna eta puntuetan koska handia atera dio hurrengoari.
Ganbarako lana, horren adibide. Hauxe zuten gaia: Zure bizitzan aldaketak eraginen ditu. Bertigoa ematen dizun arren, egin nahi duzu. Zahartzen ari den 85 urteko emakumearen ahotik aritu da Soto eta ahots oso benetakoa ekarri du oholtzara. «Hemen guztiok zahartu nahi dugu zahartu nahi dugu ez hala/ kandelak noa itzaliz askok ez lezakeen bezala/ larogeita bost urte dauzkat nik, naiz hexurra ta axala/ ta goiko horri eskatzen diot pixkaten utzi nazala/ oraindik badut bizi gogoa, oraindik badut morala/ gastatuz doaz zango, bizkarrak nekatuz noa normala/ ta jabetu naiz burua ere jada nekatuz doala».
Eta, bigarrena: «Baserri baten sortua naiz ni, Basakabiko altzora/ semearekin bizi naiz eta hantxe noa su ondora/ eta gizarte langileren bat ez omen zen izango ba/ esan zidaten benga ba ama egin ezazu aproba/ astean bitan etortzekoa da hona mendi kaxkora/ dibujatzera ta buruketak egin ditzagun gustora/ igual zuentzat gauza gutxi da baina niretzat asko da».
Ordurako, ganbarakoa iritsi denerako, ofiziotan bere ofizioa erakutsia zuen Gorritikoak. Ariketa guztietan eman du bere maila, ideietan eta joskeretan seguru.
Zortziko handian Patxi Castillorekin abiatu da, bi abeltzainen azalean. Oporraldia betetzeko langile bat kontratatu dute eta horri esker lehen aldiz astebeteko oporrak hartu ahal izan dituzte. Hauxe Sotoren arratsaldeko lehen alea: «Umezarotik lagun izan naiz behorren eta ardien/ baina oporrak egite hori zer zen guk ez genekien/ aurten plan batek gu laguntzeko pertsona bat zekarkien/ astebete bat izan da baina urtebete zirudien».
Castillo ere ondo aritu da saioko lehen ariketa honetan. Hona bere erantzuna: «Beti erreguz ibili gara laguntza pixka baten zain/ lanean ongi dakigu eta deskantsu pixkat egin nahi/ urtebetea zirudin horrek ene buruko minak ai/ nahiz oporretan geldirik egon hala ere ez nintzen lasai».
Sarai Robles eta Ekhiñe Zapiain, puntuetan berdinduta
Puntuetan bigarrena Sarai Robles izan da. Ofiziotan oso erregular eta langile aritu da barañaindarra eta finalerako atean paratu da bere 494 puntuekin. Ekhiñe Zapiainek puntu kopuru bera dauka. Baina, ariketaz ariketako puntuazioa kontuan hartuta, Zapiain dago aurretik.
Zortziko handian Kattin Madariagarekin batera hasi du saioa. Gurasoen paperean, alabak futboleko epailea izateko ikasketak hasi nahi dituela esan die. Zalantzak zalantza, honela amaitu du ariketa Roblesek: «Egoera bere alderuntz joan da eta pentsatuz hobeto/ zure iritziz garaia bada arbitrajean hasteko/ jokalarien gurasoak ta tentel astunak tarteko/ ni prest nengoke partiduetan bizkarzaina izateko».
Zortziko txikian ere ondo, Javi Lezaunekin ariketa horretan. Elkarrekin proiektu batean ari diren bi lankideren azalean aritu dira. Lezaun konturatu da Roblesek denbora telesail bat ikusten galtzen duela. «Proiektu bat genuen hobe banantzea/ ze ez da oso polita daukagun trantzea/ telesailak ikusten nolako klasea/ zure proiektua da denbora galtzea», hasi du bidea Lezaunek. Eta, Roblesek, erantzun; «Denbora galtzen dut ta enau jartzen larri/ beraz zu ere horren haserre ez jarri/ proiektuan gaudenez laguntzen elkarri/ nahi baduzu aulkia ondora ekarri».
Ganbarakoan ez du bide samurra hautatu, Vito Quiles mitinlari ultraeskuindar sonatuaren azaletik aritu baita.
Hirugarrena puntuetan Mikel Lasarte, koska dezentera. Hamarreko txikian ederki aritu dira Lasarte eta Madariaga. Mikel gurasoa eta Kattin alaba. Mikel ez da moldatzen eguneroko tramite elektronikoak egiteko eta alabak Informatikako oinarrizko ikastaro bat egiteko proposatu dio. «Aurrean zenbat tekla hau da zoramena/ eta pantaila ez da nahi bezain gardena/ ikastaroa igual litzake onena/ baina harrigarria zait bai proposamena/ zuk laguntzea baitzen espero nuena», hasi da Lasarte. Eta Madariagak, erantzun; «Nik badakit zaudela zu zalantzaz lepo/ baina hurbildu aldiro uzten nauzu seko/ nola pizten duzu hau da zenbat antzeko/ aita zarenez gero urteak tarteko/ teorian zu zaude neri laguntzeko».
Kattin Madariagak plaza konkistatu du. Nafarroako Eskolarteko txapelduna da, 17 urte ditu eta aurtengo txapelketako parte-hartzaile gazteena. Fresko eta bizi, bertsoak transkribatzen aritzen garenoi ez digu lantegi erraza jarri. Sekulako abiadan abesten du. Oso saio ederra osatu du, tarteka kolpe ederrak joz. Puntuak puntu –laugarrena izan da–, Leitzako finalaurreko txapeldunetako bat izan da zalantzarik gabe Arantzako gaztea.
Ganbarakoan, beretik eta sinesgarri, honela kantatu du lehen bertsoan: «Bizitzak berez baditu berrehun mila milioi gako/ guretzako bat geyo gu gazteak garelako/ batxilerra amaitu dut eta hautatu beharko/ nahiz eta Euskal Herriak berez uzten nauen bapo/ nahiz ta urrun dagoen izutzen nauen a sako/ Bartzelonan pisu bat dut ikasturte hontarako».
Bosgarrena Patxi Castillo izan da. Ofizio onena Julio Sotorekin josi du, zortziko handian. Eta gero eutsi egin dio plazari. Seigarrena puntuetan Javi Lezaun izan da. Amaierako agurrean plaza piztu du, bertsoa eta rapa uztartuz eta gogoraraziz bertsoa zer nolako tresna den errealitateari kantatzeko eta entzulea xaxatzeko.
PUNTUAZIOA
1. Julio Soto: 526,5 puntu
2. Sarai Robles: 494 puntu
3. Mikel Lasarte: 454,5 puntu
4. Kattin Madariaga: 451,5 puntu
5. Patxi Castillo: 422,5 puntu
6. Javi Lezaun: 418 puntu

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

