NAIZ

EH Bilduk dei egiten du Palestinarekiko elkartasunean «gol berri bat sartzera»

Palestinarekin elkartasuna berriro modu masiboan azaltzeko deia egin dio EH Bilduk euskal gizarteari Bilboko San Mames futbol zelaian jokatuko den partida dela eta. «Euskal Herria, Palestina bezala, nazio bat», nabarmendu Arkaitz Rodriguezek partida honek duen bigarren esanahia nabarmenduz.

EH Bilduko kideak Bilboko San Mames futbol zelaiaren aurrean egin duten agerrialdia.
EH Bilduko kideak Bilboko San Mames futbol zelaiaren aurrean egin duten agerrialdia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

«Palestina berriro besarkatuko dugu. Inoiz baino beharrezkoagoa da genozidioa salatzen eta herri palestinarraren eskubideak defendatzen jarraitzea, ezer ez baita amaitu. Israelek palestinarrak bonbardatzen, hiltzen, setiatzen eta kolektiboki zigortzen jarraitzen duelako», nabarmendu du EH Bilduko Arkaitz Rodriguezek talde soberanistak Bilboko San Mames futbol zelaiaren aurrean egindako ekitaldian, Euskal Selekzioak Palestinarekin jokatuko den partida dela eta.

«Okupazioak eta apartheidak dirauten bitartean, Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzen jarraituko duelako eta arazoa ez delako konponduta egongo. Horregatik, mobilizatzen jarraitu behar da, gobernuak presionatzen eta Israel isolatzen, egin den apurra, herriaren presioari esker egin delako», gaineratu du Rodriguezek.

«Euskal Herria erreferente izan da eta izango da Palestinarekiko elkartasunean, behin eta berriz kaleetan eta uda honetan La Vueltan erakutsi duen bezala. La Vuelta gelditzea lortu eta, modu horretan, elkartasuna ekintzetan oinarritzen dela erakutsi zuen Euskal Herria horrek gol berri bat sartu behar du. Palestinaren aldeko konpromiso horrek harro sentiarazi behar gaitu berriro», adierazi du.

Bi nazio, San Mamesen

«Euskal Herria, Palestina bezala, nazio bat da. Nazio horrek selekzio ofizialak izateko eta bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea du. Ez da kasualitatea Palestinarekin solidarioak izatea: Euskal Herria ere herri ukatua, zatitua eta zapaldua da. Haren kausa gurea da, munduko herri zapaldu guztien kausa», gaineratu du.

«Horregatik guztiagatik, Bilboko kaleak modu masibo, baketsu, alai eta aldarrikatzailean betetzeko deia egiten dugu, Palestinaren eta Euskal Selekzioaren alde. Larunbatean, protagonismoa jendearena eta jokalariena izango da», azpimarratu du.