NAIZ

Femias Kolektiboaren ‘Ahotsak AA(r)entzat’ proiektuarentzat da Loraldiaren Sormen Digitala Beka

Adimen artifiziala eta euskal nortasunaren gaineko gogoeta uztartzen ditu Femias Kolektiboaren ‘Ahotsak AA(r)entzat’ proiektuak. Loraldiaren Sormen Digitala Beka eskuratuta, publikoa gonbidatuko dute euskal kulturaren inguruko ikuspegi estereotipatua deseraikitzen parte hartzera.

Femias Kolektiboko kideak.
Femias Kolektiboko kideak. (LORALDIA)

Loraldia jaialdiaren Sormen Digitala Bekaren 4. edizioko irabazlea Femias Kolektibaren ‘Ahotsak AA(r)entzat’ proiektua da, Adimen Artifiziala lanabes modura erabilita euskal nortasunaren eta kulturaren gaineko gogoet parte-hartzailea proposatzen duen egitasmoa.

Jaialditik azaldu dutenez, proiektu honek instalazio interaktibo bat proposatzen du, adimen artifizial-makina bat protagonista izango duena. «Instalaziora hurbiltzen diren pertsonek elkarrizketa bat izango dute adimen artifizial horrekin, galdera nagusi bati erantzunez: zer da euskal nortasuna/euskal kultura?», jarri dute mahaigainean, eta gaineratu dute elkarrizketa hauen bidez AAk egunero eguneratuko duela euskal izaeraren inguruan duen ulermena, parte-hartzaileen ahotsetatik, esperientzietatik eta kontakizun pertsonaletatik ikasiz.

«Proiektuak makinaren hezkuntza kolektiboaren prozesu bat proposatzen du, eta aldi berean, euskararen presentzia indartu nahi du adimen artifizialean, aurrez aurretik dituen aurreiritziak eta giza istorioak interpretatzeko moduak jokoan jarriz», zehaztu dute. Era berean, instalazioak hausnarketarako gonbidapena irekitzeaz gainera galdera berriak ere badakartzala gaineratu dute: «Euskalki guztiak ulertzeko gai izango al da? Nola aldatuko ditu bere hasierako ideiak? Kontraesanarekin bizitzen ikasiko al du? Adimen artifizial batek kultura bizidun baten konplexutasuna ulertu edo bizi dezake?».

«Joko kreatiboa»

Instalazioa «joko kreatibo» gisa deskribatu dute Loralditik, non Femias kolektiboa, parte-hartzaileak eta makina bera elkar-sorkuntzan arituko diren. «Bidean AArekin zer nolako harremanak nahi ditugun irudikatuko dugu, munduan egoteko moduak, ikaskuntzak eta desadostasunak partekatuz», esan dute.

Loralditik zehaztu dutenez, sariketako epaimahaiak proposamenaren «izaera berritzaile, kritiko eta parte-hartzailea» bakoratu ditu eta euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketan «mugarri berri bat» ezartzen duela ere nabarmendu dute.

Gaineratu dute Sormen Digitala Bekak, aurreko edizioetan bezala, euskarazko sorkuntza digital natiboari bultzada emateko konpromisoari eusten diola, eta ‘Ahotsak AA(r)entzat’ proiektuak «ezin hobeto» islatzen duela bekaren espiritua:diziplinak nahastea, ikuspegi berriak eskaintzea eta euskara abangoardiako kultur adierazpenen erdigunean kokatzea, hain zuzen ere.

Beka irabazita, Femias Kolektiboak 10.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko eta emaitza 2027ko Loraldia Fesrtibalean aurkezteko konpromisoa hartzen dute. 

Femias Kolektiboa

Arteak, teknologiak eta feminismoek elkar bat egiten ote duten aztertu nahi duen kolektiboa da Femiak. Loralditik azaldu dutenez, bere eginkizuna «adimen artifizialen eta haien ekosistemaren gaineko begirada kritikoa eraikitzea da, haien mugak eta joerak ulertuz, eta haiek etikoki eta feminismoz berrjabetzea ahalbidetuko duten tresnak eta irudimenak sustatuz».

Ikuspegi feminista intersekzionaletik, adimen artifizial generatiboak zeharkatzen dituzten joerak eta estereotipoak ikusarazteko eta desartikulatzeko lan egiten dute, pentsamendu kritikoa eta praktika kontzienteak bultzatuz.