
Ezaguna da Euskadi Irratiko entzule kirolzaleentzat Kepa Iribar kazetaria. Idazle bezala bere debuta egin zuen ‘72 ordu’ liburuarekin eta bere ibilbide hasi berria berrestera dator ‘Erleen azken ziztada’ bigarren nobela.
Juan Sebastian Elkanoren lehorreratzean girotutako trama beltza ondu zuen orduko hartan eta bi garaitan –II. Mundu Gerra eta gaur egungo Euskal Herria– kokatu du nobela berria. «Bi denbora lerroak lotzen saiatu da Kepa. Biak lotzen dituen misterioaren inguruan ondu du trama. Galdera bat nabarmenduko da kontakizunean hasieratik: zenbat iraun dezake iraganaren pozoiak?», azaldu du Inazio Mujika Iraolak asteazken honetan egin duten prentsaurrean.
Pozez hartu du editoreak bigarren liburua. «‘Bigarrena noizko?’, galdetu nion lehen nobelaren aurkezpenean. Egingo zuenaren hitzik ez zuen eman eta hemen dator bigarrena. Ez da liburu bakarreko idazlea dagoeneko».
Hasierako eszena indartsua nabarmendu du Erein argitaletxeko editoreak. «1944. urtean gertatzen da Bidasoa ibai ertzean, II. Mudu Gerra bukatzear dela. Alemaniarren ihesa kontatzen du. Moralki lauso samar dabilen pertsonaiaren abiapuntua da. Gaur egungo haria Getarian kokatu du. Bahiketa baten bidez eman dio hasiera istorioari», esan du.
Iraganaren eta orainaren arteko ispilu jokoa planteatu du Iribarrek. «Lotura bi pertsonaiek egiten dute, lehenengo liburua irakurri dugunontzat ezagunak direnak: Aitor Letamendia detektibea eta Edurne Rodriguez Ertzaintzako ofiziala. Konplot baten erdian daude. Ez dira ez antiheroiak, ez heroiak, ez super-heroiak, azken hau gutxiena. Pertsona arruntak dira, beraien zauriekin eta minekin», argitu du Mujika Iraolak.
Tartean talde nazi bat agertzen da, eta taldearen memoria iluna da kontakizunaren giltza. Beste galdera airean: zer gertatzen da egia lurperatzen dugunean? «Gai nagusiak asko jorratu ditu: errua eta barkamena, oroimenaren zama, justizia eta mendekua, arrazakeria atzo eta gaur… Azken finean gure gizartearen itzalak ageria jartzen ditu, ultraeskuinaren gorakada, emigrazioaren tragedia, boterearen gehiegikeriak… Azkenean iragana beti itzultzen da eta hau izan daiteke erleen ziztadetako bat».
Euskal kostaldea –Zarautz eta Donostia ere ageri dira– pertsonaia bat gehiago bihurtzen da liburuan. «Aurrekoan ez zegoena edo hemen garatuagoa dagoena deskripzioen indarra da, bereziki itsasoarena. Mahastiena ere berdin. Gozagarria da», esan du editoreak.
Dokumentazio lan handia egin du Iribarrek. «Gerrako testigantzak, erresistentzia sareak, kontrabandoa, gaur egungo migrazioaren egoera, denak errealismo bat erakusteko eta sinesgarri egiteko, literaturak duen lehen legea», adierazi du.
Tentsio narratibo handia du tramak editorearen esanetan. «Nobela beltzaren eta historiaren uztarketa da. Ez dugu ahaztu behar historia ez dela beti iraganeko kontua. Batzuetan erlaroa edo burrunbada entzuten dugu. Isiltasunak ez du inoiz inor salbatu eta memoria falta da zauria irekitzeko bide nagusia» esanez amaitu du Mujika Iraolak bere hitzartea.
Heldulekuak
Abiapuntura jo du egileak. 2022ko maiatzean argitaratu zen lehenengo nobela eta, hura ez bezala, idatzi eta argitaratzeko prozesuaren zurrunbiloa gustatuta erabaki egin nuen bigarrena idatzi nahi nuela. «2022ko udan helduleku bila hasi nintzen. Albisteetan Errusia eta Ukrainiaren arteko gerra, 2021eko apiriletik Bidasoa ibaian itota hildako zazpi migrante eta herrialde ezberdinetako hauteskundeetan ultraeskuinaren gorakada. Hauexek izan ziren nire heldulekuak. Horregatik hasten da Bidasoa ibaian, sinbolikoki omenaldia eginez haiei», kontatu du.
«Gerrak eta ultraeskuinak bat egin zutenean, istorioa sortzerakoan, berehala etorri zitzaidan II. Mundu Gerra. Gai interesgarria iruditu zait beti. Istorioa egiterakoan hiru geruzatan banatzen dut. Lehena kateatuko duen trama beltza behar, hori kontatu bitartean zein gai jartzen diren mahai gainean, eta hirugarrena da gertakizunak non kokatu. Asko tentatu ninduen II. Munduko Gerrako zatia Frantziako Landatan eta Euskal Herriko iparraldean kokatzea naziek egindako Atlantic Wall horretan, Norvegiatik hasi eta Hendaiaraino 10.000 kilometroko defentsa sistema handian», azaldu du.
«Aurrera egiteko denboran atzera egin behar dutela konturatuko dira Letamendia eta Rodriguez», esan du. II. Munduko gertaerak soldatu alemaniar gazte baten larruan sartuta kontatu ditu haren eguneroaren bidez. «Tartekatuta daude gaur egungo kontuak eta garai batean lehen pertsonan egindako kontakizuna. Honek eragin dio buruhausterik handiena. Ariketa zailena 1940ko hamarkadan 17 urte zituen alemaniar soldaduaren barruan sartzea izan da. Bere sentipenak kontatzea, oso urrun izanda, gerrarik ez baitut bizi izan. Oso zama egiten zitzaidan bi kontakizunak tartekatzea. Soldaduarena dena jarraian kontatzea erabaki nuen eta ondoren gaur egunekoarekin tartekatzea», esan du.
«Lehen nobelan oso gustura aritu nintzen nire inguruetan beste begirada batez begiratzen. Ez nituen agortuta ikusten ez kokalekuak ez pertsonaiak. Nik ez dakit itsasoa pertsonaia den, baina presentzia pisutsua du. Nik pertsonalki horrela bizi dut», jarraitu du.
Iraila bukaera eta urria hasieran txakolindegietako uzta garaia baliatu du hori ere azaltzeko. «Nobela beltzean gauza ikaragarriak gertatzen dira eguneroko bizimodua aurrera doan bitartean».
Edurne Rodriguez Ertzaintzako ofizialari lehen nobelan baino paper handiagoa emateko erabakia hartua zuen idazleak. «Gero gertatu zitzaidan Edurnek berak pisu handiagoa hartu nahi izan zuela idazten nindoan heinean. Eta are garrantzi handiagoa hartu du. Hau ere bere argi-ilunekin, bere zalantzekin, lanak bizitza jango duen kezkarekin… Bi protagonistek une batzuetan nork bere aldetik eta beste uneetan ikerketaren emaitzak partekatuz arituko dira lanean».
Musikak ere badu presentzia eleberrian. «Batzuk era esplizituan, kantuei erreferentzia eginez sartu ditut eta besteak narrazioan zehar abestietako esaldiak txertatuz, adierazi gabe kantuak direla».

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

