Andoni Arabaolaza

Femmes en Montagne, emakumeen mendi zinemagintza jomugan

Seigarren ekitaldia ostegunean hasiko da. Kameraren atzean zein aurrean neskak agerian jartzea da kultur ekimen horren helburu nagusia. Bien bitartean, Torelloko Mendi Zinemaldiak ostiralean zabalduko ditu ateak hilaren 23ra arte.

Femmes en Montagne-k berezko lekua hartu du nazioarteko mendi zinemaldietan.
Femmes en Montagne-k berezko lekua hartu du nazioarteko mendi zinemaldietan. (Femmes en Montagne)

Azken urteotan gero eta babes eta laguntza gehiago jasotzen ari dira emakumeak mendiko kirol ezberdinetan parte har dezaten. Mendi zinemaldiak ere ez dira apustu horretan atzean geratu, eta, pixkaka bada are, proposamen berriak kirolariak jomugan jartzen ari dira. Adibidez, azpiko geruza horretatik irten dena Femmes en Montagne jaialdia dugu. 

Duela sei urte sortu zutenetik, ekimen horrek iraultza txiki bat sortu du mendiko zinemaldien munduan. Helburu nagusia oso argia da: kameraren atzean zein aurrean neskak agerian utzi. Urtero, azaroan, Annecy hiriak (Frantziar Estatua) ekitaldi hori jasotzen du, eta aukera ederra eskaini ere emakumeen lagin hori aurkezteko: alpinismoa, eskalada, parapentea… Batzuk jarduera horiek egiten; beste batzuk, berriz, grabatzen. 

Lasai asko esan daiteke nazioarteko zirkuituan daudenen artean mendi zinemaldi hori egonkortu dela. Duela pare bat urte, adibidez, 2.000 ikusle izan zituen. Tanya Naville zinemaldiaren sortzaileak dio hasierako erronka ez zirudiela hain agerikoa: «Duela urte gutxi emakumezko alpinisten inguruko jarraipen mediatikoa oso txikia zen. Zinemaldietan egoera bera bizitzen genuen; izan ere, soilik gizonezkoen inguruko ekoizpenak ikusten ziren. Gure xede bat zen nesken irudiak lortu inspiratzaileak izan zezaten. Hitz batean esanda, emakumeen leku bat iradoki mendian eta gizartean. Hainbat bira egin genituen pelikula batzuk erakusteko, eta une jakin batean geure buruei esan genien talentu berriak lozorrotik ateratzeko lana egin behar genuela».

Aurkezpen horrekin agertzen zaigu Femmes en Montagne jaialdia; hain zuzen ere, 13tik 16ra egingo dena. Seigarren edizioak emakumeen (mistoak ere) mendiko jarduerak pantailara eramateaz gain, belaunaldi gazteak inspiratu nahi ditu. Berdin dio kirolari horien adina edo maila, kontua da berezko leku bat indartu nahi dutela. Sei sari banatuko dira.

Filmez edo dokumentalez gain, lau egun horietan antolatzaileek hitzaldiak, mahai-inguruak, ikastaroak, irteerak… prestatu dituzte. Denera, hemezortzi proposamen. Horrez gain, ingurumenari, inklusioari eta irisgarritasunari lehentasuna ematen diete. Arrazoizko salneurriak: proiekzio bakoitzeko 10 euro eta online emanaldia 25 euro. Azken horri dagokionez, plataforma digital bat eskuragarri dago urtarrilaren 5a arte (ikus: www.femmesenmontagne.com). Gorrei eta entzuteko desgaitasuna dutenei arreta berezia jarri diete zeinu-hizkutzan oinarritutako laguntzarekin. Eta arlo ekologikoak ere indar handia du; izan ere, ikuslea kontzientziatu nahi dute mendiaren hauskortasunaren eta zainketaren inguruan. 

Amaitzeko, Navillek aitortu du jaialdia ez dela bakarrik emakumeengana mugatzen: «Narratiba ezberdinen dibertsifikaziotik onura ateratzea ezinbestekoa da. Eta horren alde egiten duten gizabanako guztiak ongi etorriak dira geure jaialdira. Pantailan azaltzen diren bidaia horiek ikuslea inspiratzen dute. Agian, ez dira perfektuak, baina geure buruak aitortzeko balio dute. Batez ere, bidaia humanoak direlako».

Torello

Frantziar Estatuko Annecytik baino askoz ere gertuago dugu Torelloko Mendi Zinemaldia (Herrialde Katalanak). Gogora dezagun Bartzelonako probintzian antolatzen den jaialdi hori Espainiar Estatuko zaharrena dela. 43. edizioa izango du aurtengoa; hain zuzen ere, ostiralean hasi eta hilaren 23an amaituko dena.

Kultur ekimen katalan hori International Alliance for Mountain Film-eko (IAMF) zirkuituan egonkortuta dago, batez ere azken urteotan jaso dituen ekoizpenen laguntzarengatik. Aurtengoan: 31 herrialde ezberdinetatik iritsitako 176 pelikula eta dokumental. Duela sei urteko errekorra gainditu dute.

Horietatik guztietatik 18 herrialdetako 49 film lehiatuko dira sail ofizialean. Eta horiek guztiek batez ere sari nagusia (Urrezko Edelweissa) helburu izango dute. Horrekin batera beste zazpi sari banatuko dira.

Torelloko Mendi Zinemaldiaren zuzendari Joan Salarichek errekor horri azpimarra jarri nahi izan dio: «Jasotako ekoizpen kopuru handi horrek egitarau sendo, era askotakoa eta interesgarria egitea lagundu digu. Egungo mendiko dokumentala sasoi onean dago. Eta bide batez ekarpen bikainak egiten ari dira. Ekoizpen horiek guztiak mendiko jardueren inguruan ikuspuntu berriak eskaintzen ari dira. Kirolarekin, kulturarekin, ingurumenarekin… lotuta daude. Hots, askotariko gaiak jorratzen dituzte».

Irekiera ekitaldiak keinua egingo dio Kaukasori, eta programazio paraleloak gai oso interesgarri bat landuko du: mendiko kirolak eta ingurumenaren babesa. Jakina, jaialdia ez da soilik pelikuletan mugatuko. Egitarauari begiratzen badiogu hainbat proposamen eskaintzen dira: hitzaldiak, erakusketak…

Bestalde, mundu mailako hiru estreinaldi izango ditu Torellok. Hainbat zuzendarik ere ez dute hutsik egingo mendi zinemaldian. Besteak beste, 43. ediziora izen handiko batzuk hurbilduko dira: Mariam Khatchvani, Mathis Dumas, Pavol Barabas, Georgia Lazzarini, Eliza Kubarska…