NAIZ

Gipuzkoako Aldundiak «klima-aldaketara egokitzeko plana» onartu du, 23 neurri zehatzekin

Gipuzkoan larrialdi klimatikoari aurre egiteko onartu berri duten planak 23 neurri zehatz jasotzen ditu, osasuna, landa-ingurunea eta natura ondarea babesteko egutegia eta aurrekontuarekin.

Gipuzkoak klima-aldaketara egokitzeko lehen lurralde plana aurkeztu du asteazken honetan.
Gipuzkoak klima-aldaketara egokitzeko lehen lurralde plana aurkeztu du asteazken honetan. (Andoni Canellada | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ‘Klima Aldaketara Egokitzeko Euskadiko lehen Plana’ onartu du asteazken honetan. Jose Ignacio Asensio diputatuak planak 2025-2030 aldia hartzen duela eta 23 neurri zehatz jasotzen dituela azaldu du, bere «aurrekontu, egutegi eta jarraipen adierazleekin, lurraldearen erresilientzia indartzeko gero eta muturrekoagoa den klimaren inpaktuaren aurrean».

Larrialdi klimatikoak Gipuzkoan ere baduela eragina aitortu du Asensiok eta ondorioz, «ingurumen-betebeharra» dela, baina pertsonen bizitzaren alde ere egiten duela planak: «Ez gara soilik ingurumenaz ari: osasunaz, giza bizitzaz eta gure gizartearen etorkizunaz ari gara».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tenperatura altuek errekorrak hautsi dituztela adierazi dute, sute asko erregistratu direla landa eremuetan eta beroari lotutako 114 heriotza zenbatu direla 2025ean. «Zifra bakoitza istorio bat da. Horregatik, plan hau justizia klimatikoaren eta bizitzaren babeserako da», azpimarratu du Asensiok.

Planak jasotzen dituen ekintzak eskualde- eta udal- mailak hartzen dituela zehaztu du, «garapen-agentziak eta udalak estrategia komun batean integratuz». Hiri-babesleku klimatikoak egitea proposatu dute, bero-boladetan biztanleria kaltebera babesteko; gizarte- eta osasun-zerbitzuen sarea egokitzea; suteen aurkako prebentziozko basogintza planak egitea; padurak, dunak eta ibaiertzak lehengoratzea, uholdeen aurkako hesi natural gisa; eta landa-ekonomiari eta elikagaien segurtasunari laguntzeko neurriak.

Jasangarritasun Departamentuak azpimarratu du plan hau «konpromiso politikoa» dela, eta «herritarren zerbitzura» dagoela: «Pertsona kalteberenak bero-boladetatik babestuko ditu; herrien eta hirien erresilientzia indartuko du; elikagaien segurtasuna eta landa-ekonomia defendatuko ditu; lurraldeko natura- eta kultura-ondarea babestuko du».

Klima-aldaketara egokitzeko bidean «aitzindariak» direla esan du Asensiok, eta Naturklima Fundazioa «erabakigarria» izan dela plana egiteko: «Naturklimarik gabe eta Klima 2050 estrategiarik gabe, gaur egun ez ginateke jauzi hau egiteko moduan egongo. Plan hori etengabeko lanaren emaitza da, eta Gipuzkoa klimaren gobernantzaren erreferente bihurtzen du».