San Fermin ikastolako ikasleek euskara elikatzeko auzolan erraldoian parte hartu dute
San Fermin ikastolako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleek Errigorak ‘Euskarari Puzka’ kanpainaren barnean antolatutako auzolan erraldoian parte hartu dute 1.650 saski beltz Nafarroako Ager zonaldeko elikagai eta produktuekin osatuz. Ostegunean itxiko da saskiak hautatzeko epea.
Auzolan ekimen erraldoia izan da gaur Zizur Txikin dagoen San Fermin ikastolako kiroldegian. 200 ikasle inguru bildu dira bertan, Nafarroako Ager zonaldeko ekoiztetxeetako produktuekin Errigorako saski beltzak betetzeko. Lau ordu eta erdi eman dituzte kutxak osatzen, goiz osoan zehar elkarlanean, izan ere, goizeko 9.00etan hasi dira eta arratsaldeko 13.30ean bukatu dute gazteek.
Batxilergoko ikasleak hasi dira auzolanaren lehenengo txandarekin, kiroldegiaren erdian kokatuta zeuden paleen gainean. Kate moduan elkarlanean aritu dira, paleetatik elikagaiak ateratzen, saski beltzak zenbait elikagai ezberdinekin betetzeko: zainzuriekin, ardo botilekin, hestekiekin, piperrekin… Goiza azkar igaro zaie gazteei, Errigorako kideek bertan instalatu dituzten bozgorailuetatik ateratzen zen musika lagun zutela.

Bi ordu pasata hamaiketakoa prestatu dute Errigorako pankartaren azpian. Bertan batu dira Batxilergoko eta DBHko 4. mailako ikasleak eta ekoizleen zenbait produktu dastatzeko eta elkarrekin partekatzeko baliatu dute atsedenaldia, hurrengo txanda hasi baino lehen. Gazteak ez dira goseak ezta egarriak geratu, ekoizleen urdaiazpiko, txorizo eta zukuekin bukatu dute eta.
Hamaiketakoa bukatzean, DBHko ikasleek kutxak betetzeko erreleboa hartu dute, baina saskiak osatzen hasi baino lehen, Errigorako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete parte hartu duten guztiei, auzolan erraldoian erakutsitako elkartasunagatik. Bertan izan dira Irune Ayesa eta Blanca Garcia, Ager zonaldetik etorritako kideak, euskararekin izandako esperientzia kontatzeko.
Ayesak aipatu duenez, euskara ikastolan ikasi zuen; Garciak, aldiz, hizkuntza AEKren euskaltegian ikasteko aukera izan zuen. Biek azaldu dituzte gaur egun Ager zonaldean euskara ikasteko existitzen diren oztopoak, Zangozan eta Tuteran ez baitago hezkuntza publikotik gure hizkuntza ikasteko aukerarik. Horrela, Errigorak helburu horretarako hango euskalgintzako eragileei ematen dien laguntza ekonomikoaren garrantzia nabarmendu dute.
Kanpainaren bukaera
Ekintza hau Errigorako ‘Euskarari Puzka’-ren barnean antolatu dute, kanpainaren azkenaurreko egunean. Helburua saskiak Euskal Herri osoan zehar saltzea da, euskarari bultzada bat emateko. Horretarako bakoitzaren balioaren %25 Ager zonaldera itzuliko da, bertako euskalgintzako eragileei bideratuz, euskara suspertzen jarrai dezaten.
Errigorako kidea den Irati Abiok azaldu duenez, San Fermin ikastolari jo zioten atea laguntza eske. «Ikastolak beso zabalik hartu gaitu. Hemen ederto gaude, erraztasun guztiak jarri dizkigute, mahaiak, lekua eta abar», eskertu du. Nafarroako erdialde eta hegoaldeari laguntzeaz gain, auzolanaren ekintza ikasleentzako onuragarria izan daitekeela sinisten du. «Komunitatearentzako lan egitea baloreak lantzeko aukera ona izan daiteke», gehitu du.
Antolatzaileek ziurtatu dutenez, 1.650 kutxa osatu ahal izan dituzte ikasleen laguntzarekin. «Ekintza hau berezia da, ez da ohikoa. Ez da ohikoa ezta erraza paleak eta produktuak hona ekartzea kutxak osatzeko», adierazi du Abiok. Normalean auzolana Ablitaseko leku itxi batean egiten dutela eta gehienbat ekoizleak arduratzen direla horretaz azaldu du. «Esperientzia polita da eta ikusiko dugu hurrengo urteetan esperientzia hau beste txoko batzuetara ere hurbildu ahal dugun», hausnartu du Errigorako kideak.
Azkenik, Errigorak jakinarazi du ‘Euskarari Puzka’ kanpainak ostegun honetan bertan itxiko duela saskiak hautatzeko epea eta euskaldun eta euskaltzale guztiei euskarari bultzada emateko gonbita luzatu die.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

