Maletatik atera eta mundu bat kopla bildu ditu Leturiak ‘Koplarik kopla’-n

Hamarkada luzez bildutako koplak berreskuratu eta ‘Koplarik kopla’ bilduma aurkeztu du Xabier Berasaluze ‘Leturia’ panderojoleak. 152 testuko hautaketa da, kopla zahar zein berri, umorez, memoriaz eta melodiaz beteak. 

Maletatik atera eta mundu bat kopla bildu ditu Leturiak ‘Koplarik kopla’-n

Loading player...
Xabier Berasaluze ‘Leturia’ eta Xabier Amuriza, kopla liburuarekin.
Xabier Berasaluze ‘Leturia’ eta Xabier Amuriza, kopla liburuarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Melodia du maite Xabier Berasaluze ‘Leturiak’. Panderoa jotzen 45 urte baino gehiago darama, baina are urte gehiago koplak biltzen. «Maleta batean gordeak» zirenei hautsa kendu, hautatu, moldatu eta paperera eraman ditu  villabonatarrak. Ostegun honetan aurkeztu du ‘Koplarik kopla’ Donostiako Elkar argitaletxearen egoitzan. Bertan izan dira Leturia bera, Xabier Amuriza bertsolaria eta Andres Camio argitaletxearen izenean. Koplak ere noski, protagonista izan dira, ‘Eskolan gai’ kantatu baitu Leturiak bertaratutakoen aurrean.

70eko hamarkadan hasi eta ia gaurdaino entzun eta kantatu dituen koplak liburu batean batu ditu Leturiak. Horietatik asko erromerietan kantatu ditu, beste batzuk gordeta gelditu dira aukera on baten zain: txapelketak, telebista programak, jaialdiren bat... Horien gotorleku zen maleta nun zuen gogoratu zuen eta orduan hasi zen benetako lana. Liburu asko ere «mugitu» behar izan dituela aitortu du. Luze jo du, baina gozatu du bidea musikariak.

152 piezatik gora osatzen dute ‘Koplarik kopla’, hainbat garaikoak. Iturri ugaritik jaso ditu, batzuk 70ko hamarkadako kopla zaharrak dira, beste batzuk bertso zaharretatik koplara bihurtutakoak, beste hainbeste Xabier Amuriza bertsolariak aurretik jasotakoak dira. Ia 30 autoreren lana topatuko du irakurleak liburuan: Joseba Tapia, Joxantonio Ormazabal edota Jon Sarasuarenak, besteak beste.  Beste kopla batzuk «ausardia handiz» Leturiak berak sortutakoak dira. Koplei «bigarren bizitza bat» emanez sorta ederra ondu du. Amuriza bidelagun izan du proiektuan, tartean, moldaketa eta zuzenketa lanetan. «Lagun mina dut, askotan jo dut bere atea».

Mundu zaharra, kopla zaharra

1979an hasi zen plazaz plaza kantatzen Leturia, baina bilketarako afizioa aurretik datorkio. Musikariak azaldu du garaian kopla zaharrak zirela nagusi eta nahiko mugatuak zirela aitortu du: «Eguneroko bizitzaren koplak ziren, maitasunezkoak noski... Hortaz gain gaiak nahiko eskasak ziren, gustu txarrekoak gaur egunerako, akaso. Garaian neska- eta mutil-zaharren ingurukoek grazia egiten zuten eta kantatzen genituen. Gaur egun ezinezkoa litzateke haiek kantatzea».

80ko hamarkadan ordea, Joseba Tapiarekin batera diskoak ontzen hasi zenean, «zentzuzko koplak» lantzen hasi zirela azaldu Leturiak. Hainbat olerkari eta bertsolarirekin lanean aritu ziren eta modu horretara «beste mundu batean sartu» ziren. Horren adibide da urte batzuetara Xabier Amurizak bildutako koplekin sortutako ‘Bizkaiko kopla zaharrak’ diskoa.

Kopla: txikitasunean handi

Metrika kuttuna du Leturiak, erraz zerrendatzen baititu koplaren doaiak. «Hitz gutxitan mundu bat sortzen du koplak bere inguruan». Bertsoarekin alderatuta, koplak «leku murriztua» du eta beraz, neurri horretan mezua eta esanahia zaintzea lan zaila dela aitortu du. «Txikia, baina aberatsa da». Eta hor da magia.

Laburtasunak ordea, ez dio indarrik kendu koplari. Salaketarako eta memoria-transmisiorako eroale bikainak baitira. Zer esanik ez, umoretsuak badira. Bilduman horren isla diren asko irakurri daitezke. «Barre egingo du jendeak». Ahozkotasunak transmisio lan hori errazten du, noski, baina are gehiago laguntzen die musikaltasunak. Kantatuak baitira koplak. Momentuz paperean irakurri ditzakegu musikariak hautatutakoak, baina disko bihurtzeko lanetan buru-belarri murgilduko dela aurreratu du Leturiak. Hori bai, presak alboratzeko ohartarazi du, «denbora dezente» beharko baitu.