
Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Txingudiko padurak (Bidasoako estuarioa) ekologikoki lehengoratzeko lanak. Ekainetik urrira bitartean, Jaitzubiako zonaldean 2,5 hektarea padura berreskuratzeko lan egin da. Horretarako, munak eta egitura artifizialak kendu dira, ingurua garbitu da eta inguruko espezieak landatu dira, hala nola tamarindoak, intsusak, haritzak eta elorri zuriak, proiektuaren baitan sortutako ezponda berrietan.
Era berean, Aldundiaren teknikariek egindako kalkulu hidraulikoei esker, estuarioko zona horretako mareen dinamika naturala berrezartzea lortu dute, gatz padurako ekosistema horien bereizgarri diren uholde eta drainatze prozesuak erraztuz.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak zonaldea bisitatu dute ostiral honetan. Mendozak positibotzat jo ditu egindako lanak. «Hezeguneko ekosistema berreskuratzeaz gain, horrelako esku-hartzeen bidez, ingurunean uholde arriskua murrizten laguntzen dugu», esan du. Diputatu nagusiak bertako hezeguneek eta padurek betetzen duten papera klima aldaketari aurre egiteko orduan nabarmendu du, eta espazio horiek zaintzeko, berreskuratzeko eta babesteko lan egiteak duen garrantzian jarri du azpimarra.
«Jaitzubian egindako moduko lanak egiteak esan nahi du klima aldaketaren aurkako borrokan aurrea hartzea eta etorkizuneko belaunaldiek lurralde hobea, berdeagoa eta orekatuagoa izatearen alde lan egitea, aldi berean eremua babesten dugularik, besteak beste itsas mailaren igoeratik eratorritako uholdeen arriskua saihestuz», adierazi du Mendozak.
Bestalde, Hondarribiko alkate Igor Enparanek Jaitzubian egindako lanen garrantzia azpimarratu du: «Hondarribiak Euskadiko naturagune baliotsuenetako batekin bizitzeko zortea du, eta hori zaintzeko ardura ere badugu. Jaitzubian egin diren lanak garrantzitsuak dira norabide horretan. Kalteak saihestea ez ezik, erresilientzia eraikitzea eta etorkizunari aurrea hartzea ere ezinbestekoak dira».
Inguru horretan egindako lanen balantzea oso positiboa izan dela nabarmendu dute; izan ere, ingurunea berreskuratzeaz gain, ur gezako hiru putzu sortu dira eta hauek apo lasterkariaren bizileku izatea dute helburu. Espezie hau mehatxatutako espezie bat da, eta Gipuzkoan Jaitzubiako eremu horretan bakarrik aurki daiteke.
Padura berreskuratzeari esker, udazken honetan espazioa hainbat hegaztirentzako pasagune bihurtu izan da, besteak beste, lehen aldiz eremu horretan beltzarana ikusi da, eta baita Herbehereetatik iberiar penintsularen hegoalderantz doan mokozabala ere bere migrazio bidearen geraleku izan delarik hau.
LIFE Humedales
Jaitzubiako paduran egindako lanen ondoren, Aldundiak ingurua ekologikoki lehengoratzeko lanekin jarraitzea aurreikusten du. Horrela, Europar Batasunarekin 1,4 milioi euroko finantzaketa akordioa sinatzea espero da, balio erantsi handiko hezeguneak berreskuratzeko bidean aurrera egiteko LIFE Humedales(Hezeguneak) proiektuaren esparruan.
Zehazki, akordioa sinatu ondoren, Jatizubiako San Pablo padura berreskuratzea planteatzen da, hiru hilabete hauetan lehengoratu den eremutik metro gutxira dagoena. Gaur egun, mareetatik isolatutako espazio bat da, lezoi perimetral baten bidez, eta drainatze sistemekin hornituta dago, euri-ura husteko. Paduraren dinamika naturala berreskuratzea, habitatak hobetzea eta biodibertsitatea sustatzea da helburua, jasangarritasun irizpideekin. Eremu berri hori berreskuratzeak, gainera, uraren mailaren igoera 11 zentimetro jaistea ekarriko du.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
