
Hondakinak kudeatzeko adostasuna lortu dute EAJk eta EH Bilduk Oiartzunen. Udalak ohar batean nabarmendu duenez, «birziklatze-maila hobetzen jarraitzeko eta herritarrei baliabide erosoak eskaintzeko pauso berriak adostu dituzte». Trantsizio ekologikoan eta etorkizunean jarri dute begirada proposamen berriak adostean.
«Herritar guztion ohitura onei eta konpromisoari esker, hondakinen %80ko birziklatze-mailarekin Oiartzun birziklatze-maila altuenetakoa duten herrien artean dago», adierazi dute
Europako Parlamentua eta Europar Batasuneko Kontseiluak 2018an berritu zuten 2008/98/CE zuzentaraua, eta lau urte beranduago, 2022an, espainiar legeak Europako araudia garatu zuen. Araudi horien arabera, 5.000 biztanletik gorako herriek hondakinen kudeaketan helburu desberdinak lortu beharko dituzte. Bi dira garrantzitsuenak; batetik, 2035erako gutxienez hondakinen %65 birziklatu beharko dute, eta bestetik, 2025erako hondakinen bilketa-zerbitzua ezin da defizitarioa izan erakunde publikoentzat, hau da, kudeaketak dakarren kostua herritar eta enpresek ordaintzen dituzten tasen bidez bildu behar dute.
Udalak nabarmendu duenez, Oiartzunek 2010etik betetzen du lehen eskakizuna. «Besterik da defizitari dagokionez. Izan ere, Oiartzunen hondakinen kudeaketagatik ordaindu izan den tasa Gipuzkoako apalenetakoa izan da eta, hortaz, gaia sakon aztertzeko beharra izan du Udalak».
EAJk hala proposatuta, hondakinen kudeaketaz hitz egiteko batzorde propioa eratu zuten gobernu taldeak eta oposizioak. «Batzorde horren helburua ez da bilketa-sistemez eztabaidatzea, baizik neurri egokiak eta errealistak proposatzea herritarren erosotasuna eta kostu publikoa arduraz kudeatzeko». Honela, bi alderdi politikoek gai honetan ere elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu zuten.
Udalak hondakinen kudeaketa osoa berraztertu du «hobekuntzarako pausoak zehaztu eta defizitaren karga guztia herritarren lepo ez uzteko». Hondakinen kudeaketan etxeetako atez ateko bilketaz gain, industriaguneetako bilketa ere sartzen dela. Azken zerbitzu hori, orain arte San Marko mankomunitatearen bidez egin izan da, baina Udalak baloratu du une egokia dela zerbitzuaren kudeaketa berreskuratzeko, «batetik, poligonoetako bilketa eraginkorragoa izan dadin, eta bestetik, honek eragina duelako defizitean».
Honela, hainbat arlo landu dituzte. Besteak beste, papera eta ontzi arinak rafiazko poltsetan ateratzea. Abendutik aurrera joango da aldaketa herrira zabaltzen, auzoz auzo modu progresiboan. Datozen egunetan azalduko dizkiete xehetasunak herritarrei. Era berean, etxeko olioa biltzeko sistema «eraginkorrago eta erosoago» bat jarriko da martxan abendutik aurrera.
Bestetik, poligonoetako hondakinen bilketa eta kudeaketaz gain, amiantoa duten instalazioen errolda egingo du Oiartzungo Udalak.
«Elkarlan honen bidez, udal baliabideak egoki erabili eta herritarren erosotasuna lehentasun gisa mantenduz, Udalak berresten du hondakinen kudeaketa hobetzeko konpromisoa; hartara, trantsizio ekologikoan eta kudeaketa arduratsuaren arloan Oiartzun etorkizuneko herri aitzindarien artean kokatzeko».
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

El primer festival Aske pone la banda sonora a una Euskal Herria libre

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial
