Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Kaka’, Korrikaren II. Sorkuntza Bekaren emaitza, oholtzan da

Iritsi da Korrika-AEKren II. Sorkuntza Bekaren emaitza ikusteko ordua. Erika Olaizolak eta Xanti Agirrezabala aktoreek ondutako antzezlanak azaroaren 19an ikusiko du argia Donostiako Antzoki Zaharrean. Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain ere igoko dira agertokira.

‘Kaka’ antzezlanaren eszena bat.
‘Kaka’ antzezlanaren eszena bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kakarik egiten ez den munduan –gizakiek ez dute kaka egiten– herriko plazan  kaka mokordo bat agertzen da. Irudi hau izan da hasierako txinparta. «Jolasetik heldu diogu, intuitiboak gara, espontaneoak», kontatu du Erika Olaizolak.

«Endredozko thriller komiko» bezala definitu du Xanti Agirrezabalak ostiral honetan hedabideekin izandako solasaldian. Segidan aurreestreinaldia egin dute, sorkuntzari talde txiki baten aurrean tamaina hartzeko.

Nor izan den jakiteko ikerketaren inguruan osatu dute trama. Oholtzan, Olaizola eta Agirrezabalarekin batera, Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain. Espe Lopez, Irungo Legaleon-T antzerki taldearen sortzailetako bat, da zuzendaria.

Momentuz 30 emanaldi inguru hitzartuta dituzte eta bira apirilera arte luzatuko da Euskal Herrian zehar.

Herriko alkatea gorpuztu du Laskurainek. «Kaka mokordoa agertu eta justu hurrengo egunean plaza berria egiteko lehen harria jartzekoak gara. Indusketak egin direnean azaldu da kakamokordoa eta obra geratu egin behar izan da. Horrek suposatzen duen denarekin, alderdi ekonomikoa eta politikoa, datak, hurrengo hauteskundeetara begira, oposizioa gainean... Alkatearen presiopean dago plaza berriaren eraikuntza aurrera ateratzeko», eman ditu zertzelada batzuk aktoreak. 

Korrika Kulturalak emandako babesa eskertu dute Olaizolak zein Agirrezabalak. «Beka jaso ahal izateko aurretik lan asko egin genuen. Sekulako babesa da guretzako. Ekoizpenerako ekarpen ekonomiko handi suposatu du eta banaketa ere AEK ari da egiten», adierazi dute.

30 lanetik gora aurkeztu ziren bekara. «Hainbat diziplinatan ari den jende profesionalarekin osatu dugu epaimahaia, herrialde bakoitzeko kide bat. Lurraldetasuna eta genero ikuspuntua garrantzitsuak dira guretzako. Azken fasera hiru proiektu pasatu ziren. Ondoren aurrez-aurreko aurkezpen bat egiten da», azaldu du Ane Elordik, Korrikaren arduradunak.

«Euskaraz edozelako kultur eskaintza egin daitekeela erakusteko ere bada Korrika Kulturala», gaineratu du.

Kepa Errastiren laguntza izan dute Olaizolak eta Xanti Agirrezabalak buruan zituzten ideiak –«asko genituen», dio lehenak– egituratzerakoan. Bere lehen bertsioa jaso genuenean deseraikitzen eta eraikitzen hasi ginen, haren baitan lan egiten. Gero hiruon artekoa izan da prozesua. Guretzat berria izan da gidoia eskuan genuela hastea aktoreekin lanean. Paperak gauza batzuk aguantatzen ditu eta, gero eszenikokian beste behar batzuk ere agertzen direnez, oso irekita egon gara entseguetako ekarpenetara».

Entseguez galdetuta, «lehenengo egunetik ulertu gara oso ondo Esperekin, estiloa, nik uste dut berehala enpastatu dugula gure lan egiteko moduarekin. Bostok ibili gara orain azkenengo hilabete bi hilabetetan lanean. Ekipo borobila osatu dugu».

«Ez nuke esango umeentzako sortua den espektakulua denik, baina uste dut gustura ikusiko dutela. Nerabezaroan sartzen ari direnentzat egokia da. Euskara zaindua du, horretan ardura handia hartu dute, eta iruditzen zait inportantea dela euskara ere bultzatzeko. Donostiarra naiz, bertan ez da hainbeste euskera egiten, eta horrelako zerbait ikusten baldin badute Donostiako umeek konturatuko dira euskaraz ere bizi daitekeela eta umorea ere egin daitekeela», esan du Aierbek.

«Nik publiko gazteak nahi dut. Jende nagusia etortzen da normalean. Zaila da gazteak erakartzea eta nik uste dut oso aproposa dela beraientzako», esanez amaitu du Laskurainek.