Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
Elkarrizketa
Yune Nogueiras
Aktorea (‘Gaua’)

«Gaur egun, zoritxarrez, Kattalin bezalako emakume asko daude gizartean»

Duela bost urte egin zuen zinemako debuta Yune Nogueirasek (Bergara, 1998) ‘Akelarre’ filmean. Ordutik hona mota guztietako proiektutan parte hartu duen arren, sorginen mundura itzuli da Paul Urjikoren ‘Gaua’ filmean. Kattalin gorpuzten du, zineman egiten duen lehen pertsonaia protagonista. 

Yune Nogueiras antzezlea.
Yune Nogueiras antzezlea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2020an aurkeztu zuen Pablo Agüero argentinarrak ‘Akelarre’ filma. Euskal Herrian, 1609. urtean girotua dago, eta sorgin izatea leporatzen dieten neska talde bat da ardatza; horien artean dago Maria, Yune Nogueiras bergararrak hezurmamitua.  

Bost urte igaro dira ordutik, eta tartean antzerkiko, telebistako eta zinemako beste proiektu batzuetan lan egin ostean, sorginen mundura itzuli da Nogueiras Paul urkijok zuzendutako ‘Gaua’ filmarekin. 

Zinemako lanean –eta bereziki ‘Gaua’-n– murgildu aurretik, Zetak-en ‘Mitoaroa II’ ikuskizunari buruz aipamen txiki bat egin nahiko nizuke. Jende asko zur eta lur geratu zen han egin zenuen lanarekin. Nola iritsi zinen bertan parte hartzera, eta nolakoa izan zen esperientzia hura? 

Esperientzia ikaragarria izan zen. Pello Reparaz nirekin jarri zen harremanetan eta zuzenean proposatu zidan. Ohituta nago ikusleen aurrean antzeztea, antzerkian, baina ez 16.000 pertsonen aurrean; izugarria izan zen, oso polita. Asko gustatu zitzaidan barrutik ikustea Zetak taldeak nola egiten duen lan; harrigarria da. Pello Reparazekin ahozabalik geratu nintzen: sekulako konpromisoa, talentua eta pasioa ditu bere lanarekiko.  

2020an egin zenuen zinemako debuta aktore lanetan, ‘Akelarre’ filmean; eta geroztik ‘Intimidad’, ‘Toure Detectivea’ eta ‘La infiltrada’ lanetan parte hartu duzu. ‘Gaua’ filmeko Kattalin izan da zure lehen pertsonaia protagonista. Zer nolako oinarria eman dizute aurreko lan horiek honaino iristeko? Sorgin bat interpretatuz hasi zenuen ibilbidea eta, bost urte geroago, berriz ere, sorgin… 

Pertsonaia horiek guztiek esperientzia asko eman didate, eta batez ere segurtasuna. Asko arduratzen naiz antzezpen klaseetara joateaz eta formatzeaz, baina egia da azkenean lan egiteak eman dizula esperientzia. Pertsonaia horietako bakoitzaren testuingurua ere baliagarria izan da; esaterako, ‘Akelarre’ XVII. mendean girotuta dago eta, beraz, badu lotura zuzena ‘Gaua’ filmarekin. 

«Asko gustatu zitzaidan barrutik ikustea Zetak taldeak nola egiten duen lan; harrigarria da. Esperientzia ikaragarria izan zen»

Nola iritsi zitzaizun ‘Gaua’ pelikulan parte hartzeko aukera?

Paul Urjikoren deia jaso nuen zuzenean, casting prozesurik pasa gabe, eta sekulako poza hartu nuen, bere lanaren oso fana naizelako. ‘Errementari’, ‘Irati’... sekulako gogoa nuen berarekin lan egiteko; nork ez, ezta? Albistea jaso nuenean, baiezko erraldoia eman nion, bi aldiz pentsatu gabe gainera. Antzerki obra bat prestatzen ari nintzen justu garai horretan, eta ezin izan nuen jarraitu filmean parte hartu nahi nuelako.

Jakitea, gainera, casting prozesurik pasa gabe deitu zidala, niretzat ikaragarria izan zen; oso adierazgarria, nigan sekulako konfiantza zuela erakutsi zuen hasieratik. Aktoreok oso ohituak gaude castingak egiten eta prozesu luzeak igarotzen, eta zuzendari bat zuzenean zuregana datorrenean ‘pertsonaia hau zugan pentsatzen idatzi dut’ esanez… pentsa zer nolako poza! 

Filma XVII. mendean girotuta dago eta horrek hitz egiteko, janzteko eta pentsatzeko modu jakin bat eskatzen du. Nolakoa izan da iraganera egin duzun bidaia hori? 

Oso magikoa izan da. Janzten nindutenean edo protesia jartzeko hiru orduko makillaje prozesuan murgiltzen nintzenean, une horretatik lanean hasten nintzen, pertsonaian guztiz murgiltzen. Nacho Diaz, Nerea Torrijos… atzean dagoen lantaldeak ikaragarri errazten du guztia; opari bat izan da. Sekulako ekipoa izan dut alboan uneoro. 

Kattalin gorpuzten duzu filmean; nola deskribatuko zenuke zure pertsonaia hitz gutxitan eta zein alderdi iruditu zaizkizkizun desafiatzaileenak? Zer prestakuntza mota egin zenuen filma errodatu aurretik (fisikoa, emozionala, ikerketa…)? 

Kattalin pertsonaia oso ausart bat bezala deskribatuko nuke, ‘heroiaren bidaia’ deritzona egiten duena. Garapen oso intentsua duen pertsonaia da; zapalkuntza bat jasatetik pertsonaia aske bat izatera igarotzen da.  

Bestetik, hiru bide hartu ditut lana egiterako orduan. Lehenik, testuingurua aztertzea: XVII. mendeari buruz asko irakurri dut, emakumeen istorioei buruz… 

Bigarrenik, Paulekin asko hitz egin dut, asko. Niretzat oso garrantzitsua da jakitea bakoitzak nondik nora egiten duen lan, hizkuntza bera erabiltzea alegia. Luxu handia izan da berarekin lan egitea, gauzak asko erraztu dituelako. 

Eta azkenik, hirugarrena, etxean lan asko egitea. Pertsonaiaren gatazketan sakondu, filmatze unea iristen denean gehiago ‘jolastu’ eta askatasun gehiago eduki ahal izateko. 

Eta hizkuntzari dagokionez? Bere aurreko filmetan bezala, hemen ere Urkijok euskararekin lanketa berezia egiten du, Gorka Lazkano euskara arduradunarekin batera...

Bai, noski, hori ere erronka izan da. Hasteko, ni bergararra naiz eta ‘s’-ak eta ‘z’-tak ez ditut bereizten, beraz saiatu naiz filmak eskatzen zuen euskara jakin hori ondo barneratzen eta ahalik eta naturalen transmititzen pantailaren bidez. Gorka Lazkano euskara arduradunaren lana ere ezinbestekoa izan da. Gurekin buru-belarri egon da fase guztietan, eta asko eskertzen dut egin duen guztia, hizkuntzaren detaile txiki ugari sarritan ez ditugulako guztiz menderatzen edo ezagutzen. 

(David HERRANZ)

Filmak emakumearen indarra goratzen du, eta Kattalinek uneoro bere nortasuna, askatasuna eta sexualitatea defendatzen ditu. Esango zenuke pertsonaiak eta filmak kutsu feminista dutela? 

Bai, zalantzarik gabe. Zoritxarrez, gaur egun Kattalin bezalako emakume asko daude gizartean, eta pelikula hau ezinbestekoa da norberak hausnarketa boteretsu bat etxera eramateko. Filma XVII. mendean girotua dago baina, tamalez, gaurkotasunari lotuak dauden hainbat gai zeharkatzen ditu. 

Aktore batentzat ez da berdina drama errealista soil batean parte hartzea edo estilo bisual eta atmosferiko jakin bateko film ikusgarri batean agertzea, ezta? 

Ez, desberdina da, baina Paulek asko lagundu dit horretan ere. Pertsonaia emozionalki eta fisikoki oso intentsua da, eta gauez grabatzen egoteak, adibidez, asko lagundu dit ukitu berezi hori indartzeko.

Egia da, bestalde, izaki mitologiko asko daudela filmean eta kroma asko erabiliz egin dudala lan, ondorioz nire irudimena asko landu behar izan dut. Paulek argazki eta marrazki asko erakusten zizkidan eta guztia izan da lagungarria, baina ez da berdina izaki bat fisikoki bertan izatea eta antzezten egotea edo pantaila berde bat duen makil handi bat aurrean izatea eta nik irudikatu behar izatea hori benetan Akerbeltz dela. Zaila izan da, baina asko ikasi dut. 

Filma lau zatitan banatua dago: ‘Gaueko’, ‘Inguma’, ‘Mateo txistu’ eta ‘Akelarrea’ dira lau pasarteen izenburuak eta horietako bakoitzean zure pertsonaia da hari nagusia, istorio eta pertsonaia guztiak lotuko dituen figura. Bereziki, ‘Akelarrea’ pasarteko une horregatik galdetu nahi nizun; prestakuntza berezia eskatzen zuen une horrek? 

Egun oso bat egon ginen pasarte hori grabatzeko, eta azken unean atera zen ongi. Asko entseatu behar izan genuen aurretik. Pertsonalki, oso une garrantzitsua izan da azken sekuentzia hori; emozionalki eta fisikoki intentsitate handiko unea da, eta aktore moduan sekulako erronka izan da niretzat. Asko lagundu du plato batean grabatu izanak: artekoen lana ikaragarria izan da, eta figuranteek, dantzariek eta gainontzekoek asko erraztu dute guztia. Gozamena izan da niretzat; oso garrantzitsua zen Katallinen urduritasuna, maitasuna eta emozio zein elementu guztiak pantailan islatzea.

«Oso pertsonaia ausarta da eta garapen oso handia duena; zapalkuntza bat jasatetik, pertsonaia aske bat izatera igarotzen da»

Sitges, Donostiako Beldurrezko Astea, hiriburu desberdinetako aurrestreinaldiak… Nolakoa izaten ari da promozio-bira? Gutxitan hitz egiten da filma amaitu ostean egiten den lan horretaz ezta?

Galdera ona da, eskertzen dut egin izana. Prozesua oso polita eta aberasgarria da, pertsonaiari buruz eta filmari buruz hitz egitean asko gozatzen dudalako, baina momentu bat iristen da ez dakidala oso ongi zer esaten ari naizen ere.

Azalduko dizut: aurrekoan Madrilen izan ginen filma aurkezten. Press-junket bat izan genuen, elkarrizketak bata bestearen atzetik egiteko erabiltzen den formatu bat, eta hogei inguru egin genituen bata bestearen atzetik. Amaitu nuenean izan nuen sentsazioa zen etengabe gauza bera errepikatzen ari nintzela, ez nekiela oso ongi zer esaten ari nintzen, eta ze komunikabideri zer esan nion eta zer ez. Paulek esaten zidan berak ere berdina sentitzen duela, baina esaten zidan gauza jakin bat elkarrizketa batean aipatzen ez badugu, irakurle batzuek akaso ez dutela hori jakingo. 

Jaialdien eta aurrestreinaldien bira horren ostean iritsiko da zinemetara ‘Gaua’; zure lagunek, familiakoek ikusi dute?

Familiakoek ikusi dute bai, lagun batzuk ere, baina nire gertuko jende askok ez, beraz, gogotsu nago. Oso garrantzitsua da, arren, jendeak pelikula zinemetan ikustea; ezinbestekoa da. 

Gainerako proiektuei dagokienez, ‘Piztiak’ telesailean parte hartu duzu berriki; zer moduz joan da? Beste proiekturik baduzu martxan? 

‘Piztiak’ telesaileko lana oso polita izan da, esperientzia ederra. Amancay Gaztañagarekin eta Xanti Rodriguezekin lan egitea berezia izan da. Gidoia nahiko zoroa da –zentzu onean diot hau– eta asko erakartzen ninduen proiektuak hasieratik.

Eta, bestetik, laster Daniel Romerok zuzentzen duen ‘Las hijas’ izeneko pelikula batean pertsonaia protagonista izango naiz, beraz oso pozik.