
Peio Etxeberriak irabazi du Lau eta Erdiko txapela, finalean Javier Zabala 22-11 mendean hartu ostean. Errioxarra sendo hasi da (0-2 eta 2-4) baina nafarraren aldeko 14-1eko (16-4 jartzeko) partzialak lurjota utzi du. Zenotzekoa oso fin eta serio aritu da, arerioaren abilezia guztiak ezerean utzi eta bere hirugarren kaiolako finalean lehendabiziko txapela janzteko.
Zirujau baten tenplearekin, halaxe agertu da Peio Etxeberria, bai eta behin txapela soinean zuela ere. Nortasun lasaia du Zenotzekoak, urduritasunei iskin egitekoa da, eta hitzordu handienetan aldarte horrek gorabeherak pasa ditu. Hain zuzen, gorabeherarik gustoko ez duen izate batentzat, oso egoera latza izan ohi da. Horrexegatik, aurreko bi finaletatik ongi ikasita –handi etorri zitaion lehendabizikoa eta gorabeherek erabat gainditu zioten bigarrengoan–, igande honetan nafarrak ongi kudeatu ditu gertatu zitezkeen tirabirak. Zirujau baten determinazioa erakutsi du kantxan, Javi Zabalaren doai guztiak ezerezean utzita. Errioxarrak ez du partida eskasa burutu, soilik nafarrak ez diola bere jokoa ateratzen utzi.
Sendo hasi da Zabala, agintzen. Nerbio hutsa da errioxarra, Etxeberriaren aldartearen kontrara. Nahaspilan eroso sentintzen den horietakoa, eromenean zuhur. 0-2 eta 2-4 aurreratu da, Bizkaia pilotalekura gerturatutako milaka bizilagunen hauspoa gertu sentituta. Hala ere, Etxeberriak ongi planeatutako gidoiarekin egin du topo: Zenotzekoak, berandu baino lehenago, jokoa gelditu du 2-4koarekin, Andoni Gaskue botileroaren hitzak entzun eta gorabehera oro geratzeko.
Geldiunetik bueltan, aurreko tantoetan jasotakoa bueltatu dio Etxeberriak Zabalari, 3-4ko gantxo eta honen errestoan, markagailua iraultzen hasteko. Hain berea duen patxada izan da Zenotzekoaren hauspo onena eta, kontrara, Zabalaren kriptonita.
Aldeko partziala
Ezker horman ere katramilatu da Zabala, Etxeberriak oso indartsu jaurtitako pilotakadetan. Tanto oso gogorrak jokatu dituzte biek ala biek –0-1ekoaren gogortasunak aurreratu du partidaren nondik norakoa– eta gogortasun horretan sufritzen atera dena Zabala izan da. Dantzan erabili du Etxeberriak zenbait tantotan, pilotakada bakoitza determinazioz jo duelako, zentzu batekin: izan errematean tanto egitea, izan alde batera mugitu eta ondoren beste aldean amaitzeko... Gidoia goitik behera marraztuta zuen Peio Etxeberriak eta gidoia errespetatzen zela ikusita, hazi egin da.
14-1eko partziala ezarri du: 2-4tik 16-5era igarotzeko, kantxan ezin aurkituta zebilen Zabala baten frustraziorako. «Goazen, joder», entzun da harmailetan une oro, espainolez, Errioxatik Bilbora gerturatutakoek bere herrikidearen garaipena desio zutela. Baina Zabalaren belarrietatik kanpokoak baino barruko mezuak gailendu dira. Bere botileroari –bere aitari– ere ez dio entzun nahi izan, bigarren atsedenaldi luzera 18-9 galtzen iritsi denean. Ur botila ere bota du, haserre batean.
Ez da gustagarria final batera iritsi –gainera Zabalak aurrekanporaketak gainditu behar izan zituen– eta zure onena ezin erakustea; ezin erakustea ez egun eskasa izan duzulako, baizik eta aurkaria gainetik pasa zaizulako. Etxeberriak kolore guztietako tantoak egin ditu. Ezker horman lagun on bat topatu du garaipena bideratzeko baina egin dituen gantxoak –Zabala erabat behartuz eta fisikoki akitzera eramanaz– edota bere bereak dituen hormabikoak denbora luzez gogoratzekoak izango dira.
Bi ‘outsider’ iritsi ziren kaiolako final handira, finalerdietan bi faboritoak –Altuna eta Ezkurdia– kanporatu ostean. Bizkaia pilotalekuan nabaritu da ez zirela koadroko protagonistak, jende gehien erakartzen dutenak, baina finalean Etxeberriak egindako distiraz gozatu dute milaka lagunek. Finalera bitarteko bideaz gozatzea eskatu zion bere buruari, horraino iristeari balorea eman nahian. Seguru, behin eguna iritsita, finalaz disfrutatzeko aholkua ere eman ziola, mamuak uxatu nahian eta behin txapela buruan duela, lanean jarraitzea are eta premiazkoagoa dela sinetsita egongo dela. Etxeberriaren garaipenaren arrakasta lana baita, fisikoa eta mentala.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik








