Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

‘Azken afaria’, Gaztelumenditarrek eskuz esku ondutako bigarren komikia

Beñat eta Unai Gaztelumendik ‘Azken afaria’ komikia aurkeztu dute, ‘Bertsolari’ aldizkariaren eskutik. 2021. urtean argitaratutako ‘Bidea da borroka’ komikian aurkeztu zuten Martin Artola bertsolaria. Bigarren honetan ere bera da protagonista, krisi betean oraingoan. 

Beñat eta Unai Gaztelumendi, Aratz jatetxean egindako aurkezpenean.
Beñat eta Unai Gaztelumendi, Aratz jatetxean egindako aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bigarren parteek ez omen daukate izen onik. Baina ‘Bertsolari’ aldizkariko editore Beñat Hach Embarekek gustura aurkeztu du astearte goiz honetan ‘Azken afaria’ komikia, Beñat eta Unai Gaztelumendik eskuz esku egindako bigarrena. «Jende multzo bat bigarren aldiz lan bat egiteko elkartzen bada, lehen partea ondo joan zelako izango da; sortzaileak bide berriak ikusi dituelako eta irakurlea berriz gogoz dagoelako», iritzi dio. «Maite ditugu bigarren parteak eta pozik gaude Martin Artola gure artean berriro izateaz».

‘Azken afaria’ lanak lagun on izandakoen arteko afari bat kontatzen du. Bizitzak leku desberdinetatik eraman ditu, nork bere norabidea hartu du, nork bere traizioak egin dizkio gaztetan irudikatu zuen bizitza ideal horri. Mahaiaren bueltan jarri eta horri buruz arituko dira.

Martin Artola bertsolaria bizitzaren beste fase batean ekarri dute komikira Gaztelumenditarrek. «Lehen komiki hartan Martin Artolak bertsolari bezala egin zuen bidea kontatzen zen bere belaunaldiko gatazkekin. Kasu honetan, Martin Artola krisian dago. Krisi horrek bi alde ditu; alde publikoa eta alde intimoa, eta batez ere alde intimoari eusten zaio. Krisi horretan Martinek bere lagunen laguntza izango du. Lagun gehienak lehen komikitik ezagutzen ditugu eta pertsonaia berri bat ere badago. Krisi horretan bere bizitzan hartu dituen erabakiak errepasatzen arituko da Martin eta bere lagunen erabakietan ikusiko ditu berak hartu dituenak eta hartu ez dituenak. Finean, bizitzan bide bat aukeratzen denean beste bat uzten da alboan eta hor beti dago zalantza eta kontraesana. Komiki honetan heldu diegu familia ereduei, gurasotasunari, euskararen egoerari, militantzia ulertzeko moduei, autoritatea hartu eta banatzeko moduei...», azaldu du Beñat Gaztelumendik.

Aitortu duenez, gidoia osatzeko orduan blokeatuta ere sentitu izan da. «Gaiengatik, oso gertukoak egiten zitzaizkidalako. Bai ni eta bai nire adineko jende asko ukitzen dituzten gaiak dira, eta sentitu dut pixka bat gidoitik urruntzeko beharra eta distantzia hartzeko beharra. Pausatzen uzteko denbora bat behar izan dut. Beste aldetik, blokeoa neukan kontaketa egiteko moduarengatik. Bertsolarien joera da dena borobiltzea eta orekatzea. Eta sentitzen nuen justu hori zela egin behar ez nuena. Azkenean pertsonaia krisian dago, zalantzak dauzka eta zalantza horiekin bizitzen ikasi behar du. Kosta egin zait kontaketa modu hori bilatzea».

Unai Gaztelumendik ere gertuko sentitu ditu pertsonaiak eta egoerak. «Oso gertuko pertsonen ezaugarriak marraztu behar izan ditut, gauza atseginak eta ez hain atseginak. Hor borrokan ibili gara. Baina pentsatzen dut Beñat eta ni jaio ginen garai bueltako bi pertsonak une honetan kontatzeko daukatena hauxe dela. Horrekin nago gustura. Beñat eta nik gure garaiari buruz esateko daukaguna hauxe litzateke».

Beñaten buruan sortutakoa paperera eta lurrera ekarri du Unaik. «Orain dela lau urte egin genuen komikiarekin konparatuta, askoz gehiago eskatu diot nire buruari emaitza aldetik. Lana zer zen bagenekien eta pauso bat aurrera ematen saiatu gara», zehaztu du. 

Prozesua aurreko komikiaren desberdina izan da. «Aurreko komikian pandemia egon zen tartean, Beñatek gidoi osoa idatzi zuen eta nik banekien hasi eta buka nola egingo zuen. Orain biok lana bateratsu egin behar izan dugu. Hasieran adostu genuen zer pasatuko zen eta zeintzuk izango ziren pertsonaiak. Gero gidoia zehatz jaso ahala egin dut nire partea. Orrialde bakoitza egiterako orduan harritu egiten ninduen Beñaten gidoiak, sentitzen bainuen justu horri buruz hitz egin nahi nuela, hori zela marraztu edo kontatu nahi nuena. Gure garaiari eta gure inguruari buruz hitz egitea gustatzen zait niri eta Beñaten gidoian hori topatu dut. Lan luzea izan da, baina plazerezko ordu asko pasatu ditut hau egiten», kontatu du Unai Gaztelumendik.

Asteburuan Hernanin izango den komiki azokan aurkeztuko dute beren azken lana Añorgako bi sortzaileek eta Durangoko Azoka ere begietan daukate.