Azken asteotan boulderreko mundua «aztoratu» egin da. Joan den 10ean, adibidez, Elias Iagnemma Val Pellicen (Italia) dagoen Exodiaren lehen igoerarekin egin zen. Sinatu bezain laster, italiarrak bloke horren proposamena egin zuen: 9a+. Proposamena baino ez da, baina zailtasun hori baieztatzen bada munduko lehena izango litzateke. Samuel Richard frantziarra, berriz, Soudain Seulekin (Fontainebleau) 9a maila egiten eskalatzaile goiztiarrena bihurtu da.
Iagnemmak egin berri duen balizko jarduera historiko horri dagokionez, aurreratu behar dugu megaproiektu horrek asko eskatu diola. Christian Core eskalatzaile handiaren helburua izan da. Core hainbat urte buru-belarri ikusi dugu Exodian gogor estutzen, baina ez du arrakastarik lortu. Iagnemma, aldiz, bai. Italiar honek ere urte asko behar izan ditu bloke hori sinatu ahal izateko.
Duela lau urte, mugimenduak probatzen hasi zen. Erabat harrapatuta geratu zen Exodiak duen nortasunarekin. Irakurtzen den bezala, denbora, energia eta ausardia asko eskaini dizkio.
Protagonistak berak onartu du 200 egun baino gehiagotan ekinaldiak egiten izan zela. Blokearen mugimendu eta sekuentzia guztiak menderatu ostean, hilaren 10ean Exodia erorikorik gabe egitea erdietsi zuen.
Boulder horri dagokionez, eskalatzaile italiarrak adierazi du ezagutu bezain laster bere buruak klik egin zuela: «Christian Core bezalako mito bat proiektu horretan ikustea handia izan zen oso. Marra hori zaila bezain nahasi da, eta une jakin batzuetan amore emateko zorian egon nintzen. Baina burua indartu eta aurrera jarraitu nuen. Azken lau urteotan gogor saiatu naiz. Porrot egin, burua altxatu, aurrerapen txiki batzuk egin… Azkenean, pieza guztiak ahokatu ziren: kontrol mentala, baldintzak eta, agian, zorte pixka bat ere. Ziur aski nire jarraikitasunak garrantzia handia izan du».
Gogoratu behar dugu Iagnemma dela egungo boulderreko espezialista sasoikoenetakoa. 8c eta 8c+ mailako makina bat bloke igotzeaz gain, 9a zailtasuneko batzuk ditu: “Burden of Dreams” edo “The Big Slamm”. Zalantzarik gabe, muturreko zailtasunean bere burua oso ondo kokatuta du, eta horregatik “Exodia”-rentzat 9a+ proposatu du: «Inoiz biribildu dudan proiektu gogorrena izan da. Eta horregatik 9a+ maila eman diot. Ez dakit muturreko prozesu batean berriro murgiltzeko gai izango naizen. Gustatuko litzaidake eskalatzaileren batek emozio berdinak bizitzea eta bide batez boulder horren inguruko mailaren inguruan iritzia ematea».
Oso gaztea
Iagnemmak bezala, Samuel Richardek ere bazterrak harrotu ditu. Frantziarrak 18 urte besterik ez ditu, eta, bideoan ikusten den bezala, gai izan da Fontainebleauko Soudain Seul sinatzeko. Jarduera horri esker, Richard 9a maila egiten munduko eskalatzaile goiztiarrena bihurtu da. Bide batez gogoratu behar dugu 15 urte zituela Estatu frantziarreko oihan entzutetsu horretan The Big Island (8c) igo zuela.
Eskalatzaile frantziarra oso indartsu iritsi zen Soudain Seulera. Egun batzuk lehenago, Mallorcan, Es Pontas (9a+) psicobloca eskalatu zuen. Richardek aurreratu du 27 egun behar izan dituela Fontainebleauko helburu horretan arrakasta lortzeko: «Horietako zazpi blokeak goi aldean dituen mugimendu gogorrak probatzen izan nintzen. Ez dut hitzik egindakoaren inguruan. Onartu behar dut beti amets handiak izan ditudala. Inoiz ez dit beldurrik eman muturreko xede bat probatzeak. “The Big Island”, adibidez, 8c da, eta ordura arte 8a+ zen nire maila gorena. Orain, berriz, 8c-tik 9a-ra igaro naiz».
Aurreratu behar dugu Soudain Seulek The Big Islandeko mugimendu guztiak jasotzen dituela eta beste hamar (8b+) eserita hasita. Hortaz, irteera horrek 9a mailara heltzeko plus hori ematen dio. Zailtasunaren inguruan eztabaida egon da, baina badirudi 9a dela bloke horrek duen maila. Bederen, Soudain Seul igo duten ia eskalatzaile gehienek hori adostu dute.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
