Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

‘Eman Vuelta errepresioari’ kanpaina abiatu dute isundutakoei sostengua emateko

Kirolaren bidez Israel egiten ari den aurpegi garbiketa salatu eta Palestinarekiko elkartasuna adierazi zuten milaka herritarrek La Vuelta Euskal Herritik pasa zenean. Ekintza horien harira jasotako isunei aurre egiteko ‘Eman Vuelta errepresioari’ kanpaina martxan jarri dute orain.

‘Eman Vuelta errepresioari’ dinamikaren aurkezpena.
‘Eman Vuelta errepresioari’ dinamikaren aurkezpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Palestinar herria urteetan bizitzen ari den zapalkuntza gogortu zenetik, duela bi urte pasatxo, milaka eta milaka lagun atera dira kalera Euskal Herrian zehar egin diren ehunka mobilizazioetan. La Vueltan ere, Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen presentzia salatu zuten milaka herritarrek lasterketa Euskal Herriko errepideetatik pasa zenean. Hainbat tokitan izan ziren lasterketa geldiarazteko ekintzak: Larrabetzu, Enekuri, Bilboko helmugan...

Mobilizazio horietan hainbat herritar izan ziren identifikatuak. Irailean, Bingen Zupiriak, Lakuako Segurtasun Sailburuak, Ertzaintzak hainbat pertsona ikertzen ari zela iragarri zuen. Urrian, Polizia autonomikoak, Kiroleko Indarkeria, Arrazakeria, Xenofobia eta Intolerantziaren aurkako Estatu Batzordearen bitartez, 14 zehapen proposamen iragarri zituen. 1.500 eta 5.000 euro bitarteko isunak eta 3 eta 12 hilabetez kirol esparruetara sartzeko debekua jasotzen dituzte, arau-hauste arinak eta larriak egiteagatik.

Egoera honi aurre egiteko ‘Eman Vuelta errepresioari’ kanpaina martxan jarri dute asteazken honetan Larrabetzuko ekintzagatik isunen mehatxuak dituzten hainbat herritarrek eta Palestinarekin elkartasunean diharduten hainbat eragilek.

«Zibismo falta leporatu ziguten, Israel palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa zuzenean ikusten ari garen bitartean»

«Euskal Herriko kaleak aldarrikapenez eta mobilizazioz bete genituen, argi eta ozen esateko, ez genuela kirolaren bidez Israel egiten ari zen aurpegi garbiketa onartuko, Israel Estatu genozida bat dela. Beste behin ere, harro gaude gure herriaz. Zibismo falta leporatu ziguten zibilizazioa bizitzen ari den krisi gogorrenetako baten erdian, Israel palestinar herriaren kontra egiten ari den genozidioa zuzenean ikusten ari garen bitartean», azaldu dute gaur Bilbon egindako agerraldian.

Era berean, argitu dute Larrabetzun identifikatutakoak ez direla isunak jaso dituzten bakarrak izan. «Badakigu Euskal Herriko beste hainbat txokotan badirela beste isundu asko, eta eskua luzatu nahi dizuegu aurkeztu ditugun dinamikara batzeko eta elkarrekin errepresioa salatu eta palestinar herriarekiko elkartasuna josten jarraitzeko», adierazi dute.

Aste honetatik aurrera herri ezberdinetan informazioa banatzen eta diru bilketa egiten egongo dira, eta aurrerago «elkartasun bizumkada» martxan jarriko dute.

«Euskal Herria beti izan da herri solidario bat, injustizien aurrean geldirik gelditzen ez dena, basakeriaren aurrean ahotsa altxatzen duena, herri zapalduen mina bere egiten duena. Eta horrela demostratu genuen La Vuelta a España bizikleta itzulian ere. Jarrai dezagun genozidioa eta bere konplizeak salatzen, jarrai dezagun Palestinarekin elkartasuna antolatzen, behingoz genozidioa gelditu dadin eta Palestina aske izan dadin. Eta erantzun diezaiogun errepresioari ere elkartasunez», aldarrikatu dute.