Emozioak hitz bihurtu eta A-tik Z-raino definitu ditu «harrizko bihotzik» gabeko Karmele Jaiok

Min eta zaurietatik babesteko «harrizko bihotza» izatea hobe zela esaten zion amonak Karmele Jaiori. Kontrako norabidean idazten du berak. Eta emozioei hitzak jarriz ondu du ‘Harrizko bihotza’, A-tik Z-ra ordenatuta, gertaera, oroitzapen eta iritzien definizio intimoak bildu ditu bere lan berrian.

Modu librean idatzitako testuez osatua dago Karmele Jaioren liburu berria.
Modu librean idatzitako testuez osatua dago Karmele Jaioren liburu berria. (Gorka Rubio | FOKU)

Ipuin idazle gisa ezagun genezakeen Karmele Jaio. Hala deritzo Xabier Mendiguren editoreak. Asteazken honetan Donostiako Elkar aretoan aurkeztu dute gasteiztarraren liburu berria, ‘Harrizko bihotza’. Antzerkirako eta zinemarako idatzi eta poesia sortu duen arren,  ipuin eta eleberriak idazten arituagoa da Jaio. Ez ipuin ez eleberri, beste zerbait da ‘Harrizko bihotza. Taupaden alfabeto bat’. Urteak egin ditu idazten eta argitaratzen eta honezkero, forma berriekin jolasteko eta «nahi dudana idazteko eskubidea irabazia» duela uste du Jaiok. Zalantzarik ez du egin Mendigurenek.

‘Amunaren’, amonaren esanak bizitza osoan jarraitu du idazle gasteiztarra. Hark esaten baitzion hobe zela «harrizko bihotz bat izatea. Gehiegi ez sentitzeko, babestuago egoteko zauri eta minetatik». Nahi eta ezina. «Nire 55 urteetan ezinezkoa izan da harrizko bihotz bat izatea». Bestelakoa baita bere jokamoldea. Bizi dituen egoerek, ikusten dituen gauzek emozioak sentiarazten dizkiote Jaiori, halabeharrez. Emozioak «pizten» zaizkionean beharra sentitzen du horiek kontatu eta idazteko. Egoera horien itzulpen literarioen bilduma da ‘Harrizko bihotza’. Ikusi, oroitu edo pentsatu dituen elementuekin idatzitako pasarte laburrek osatzen dute. Emozioak hitz bihurtu eta, beraz, «harrizko bihotzik ez izan». 

Atik Zrako emozio eta hitzak

21 urte pasa dira bere lehen argitalpenetik eta idazleak azaldu du horixe izan dela bere ibilbideko «konstantea», emozioen inguruan hitz egitea: «Hitz bihurtutako emozioak batzuetan lagun eta beste batzuetan arerio dira, baina tresna dira niretzat». ‘Harrizko bihotza’-n hitzak dira protagonista eta horregatik hiztegi itxura hartu du liburuak, nahiz eta aitortu duen ez zela hasieratik pentsatua zuen zerbait.

Orden alfabetikoan ordenaturik daude hitzak. Eta horien segidan daude hitz bakoitzari Jaiok esleitu dien definizio antzekoa: «Hitz bakoitzak bere hiztegiko definizioa dakar, baina horrekin batera hitz horrek niri eragin didana, hitz horren itzalpean dagoena edo finean nik sortutako testua dator». Gasteiztarrak azaldu du denok jotzen dugula hiztegietara definizio baten bila zerbait ulertu nahian. «Eta iruditzen zait, modu berean ulertzen ez dugun errealitate baten aurrean, idazten dugula erantzun bat topatzeko, definizio baten bila».

Erantzunak edo galdera gehiago, biak direla bilaketa horren emaitza posible dio. Askotan, ordea, garrantzitsuagoa da bidea: «Idaztea bilaketa da, nire esperientzian behintzat». Bilaketa horien bitartez testu labur zein luzeagoak bildu ditu. Iritzi artikuluak izandakoak eta moldatutakoak asko, beste batzuk olerkitik prosara ekarritakoak. «Idazle baten koadernoan aurkitu ditzakezun gauzak daude. Apunteak, oroitzapenak, iritziak hausnarketak...». Horietako asko aurrez idatziak zituen, beraz. Hala ere, badira espresuki liburu honetarako sortutakoak. Gaiak ere, ondorioz, askotarikoak dira. Harremanak, adiskideak, «esan gabeko hitzak», oroitzapena eta familia. ‘Amuma’, aita, ama… presente dira.

Definizio intimoak, munduari begiratzeko

Abiapuntua askotan esperientzia pertsonalak izan arren, ez dira kontakizun partikularrak. «Bizitzarekin zerikusia duten hainbat gauza jasotzen ditut nire begiradatik. Errealitatearen definizio intimo bat egiten dut. Munduari toki horretatik begiratzen diot». Gaien trataeran alderdi intimo edo indibidual hori perspektiba sozial batekin uztartu duela deritzo. Eta ariketa horretan bere buruaren erretratu fidel bat lortu duela uste du. «Agian beste liburuetan edo  fikzio hustean baino ageriago agertzen naizela uste dut».

Idazlearen eta idaztearen bakardadeaz mintzatu da halaber Jaio. B hizkiz hasten den hitza da bakardadea. Eta liburuan eskaini dio testu bat. Donostian egindako aurkezpenean errezitatu du pasartea, idazleari idazteko ekintzak ematen dion babesa eta espazioa gogora ekarriz: «Bakarrik egote behar hori beharrezkoa izanda ere, bakardade hori hausteko idazten dugula iruditzen zait, komunikazio falta bat asetzeko».

Idazleak irakurlea behar du derrigor. Askatasun osoa sentitu du testuak idazterako orduan. Aurretiazko «markorik gabe, jolasean» ibili da. Horregatik, modu berean irakurriak izateko deia egin du gasteiztarrak. Kolpe batean edo hainbatetan, ordena jarraituz ala ez. Nahieran.