NAIZ

Fiskaltza Munilla gotzaina ikertzen ari da konbertsio terapiei buruz egindako adierazpenengatik

Jose Ignacio Munilla gotzain donostiarra, gaur egun Orihuela-Alacanteko elizbarrutiko arduraduna, ikertzen ari da fiskaltza, homosexualentzako konbertsio terapiak defendatu zituen irrati bidezko adierazpen batzuen harira.

Jose Ignacio Munilla, Donostiako gotzain izan zan garaian.
Jose Ignacio Munilla, Donostiako gotzain izan zan garaian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Fiskaltzak ikerketa ireki dio Jose Ignacio Munilla Orihuela-Alacanteko gotzainari, gorroto eta diskriminazio delituak egotzita, homosexualentzako konbertsio terapiak defendatuz egindako adierazpenengatik. Herri plataforma batek salatu zituen Munillak egindako adierazpenak.

Madrilgo Fiskaltzak irailaren 25ean emandako eta EFE agentziak eskuratu ahal izan duen antolaketa-eginbidearen arabera, prozesu aurreko ikerketa-eginbideak abiarazi dira Munillaren aurka, oinarrizko eskubide eta askatasun publikoak erabiltzearen aurkako ustezko delitu bategatik, zehazki, gorroto diskurtsoa egozten zaio, edo, bestela, duintasunaren lesio delitua.

'Tu pueblo y el mío' herri plataformak Estatuko Fiskaltza Nagusira jo zuen joan den uztailaren 10ean, Munillaren adierazpenak homofoboak zirela iritzita. Aldiz, erakunde horrek Madrilgo Fiskaltzaren esku utzi zuen auzia, bertan baitago gotzainak adierazpenak egiteko baliatu zuen irratia, eta, horrenbestez, baita zer gertatu zen aztertu eta adierazpenek garrantzi juridiko penala duten baloratzeko jurisdikzioa ere.