NAIZ

Bidasoak 'Lurraldea Gara' sortu du, eskubaloia Euskal Herriko belaunaldi berrietara hurbiltzeko

Euskal Federazioak 16 urtetik beherakoekin egiten duten lana osatuz, eta Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroako iparraldea eta Akitania Berriko hegoaldera iritsiko da ekimena. Gainera, erosi ahalko den kamiseta oroigarri bat diseinatu du Bidasoak, identitatearen ikur hurbil eta partekatu gisa sortua.

'Lurraldea Gara' ekimenaren parte den kamiseta berria.
'Lurraldea Gara' ekimenaren parte den kamiseta berria. (BIDASOA KIROL ELKARTEA)

Bidasoa Kirol Elkarteak 'Lurraldea Gara' aurkeztu du ostegun honetan, «klubaren konpromisoa Euskal Herriko lurraldearekin sendotzea eta eskubaloia belaunaldi berrietara hurbiltzea helburu duen ekimena». Proiektuaren erdigunean teknifikazio-programa sendo eta zabala dago, lurraldeko hainbat tokitan garatuko dena, oinarrizko eskubaloia bultzatzearekin eta klubaren baloreak transmititzearekin jarraituz.

Lehen teknifikazioa Bilbon egingo da, hilaren 26an, eta Euskal Herriko beste hainbat herritara zabalduko den ibilbide baten abiapuntu izango da. Saio hauek gazte jokalari eta jokalarientzat izango dira, esperientziak partekatu, ikasi eta klubeko teknikarien eskutik hazteko aukera izango dutenak.

Testuinguru horretan, Gurutz Aginagalde klubeko presidenteak azpimarratu du 'Lurraldea Gara' duela urte batzuk hasitako lan formatiboaren bilakaera naturala dela: «Lurraldeko klubekin elkarlanean aritu gara, haien lana errespetatuz eta balioetsiz, eta orain urrats bat gehiago eman nahi dugu: Bidasoaren eragina Euskal Herri osora zabaltzea».

Halaber, Aginagaldek gogorarazi du proiektuak izaera estrukturala duela: «Euskal Federazioarekin elkarlanean ariko gara, haiek 16 urtetik beherakoekin egiten duten lana osatuz, eta Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroako iparraldea eta Akitania Berriko hegoaldera iritsiko gara. Potentziala duen edozein neska-mutilek bere gaitasuna garatzeko aukera izan dezan nahi dugu».

Ekimen hau Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren harira kokatzen da, Bidasoaren konpromiso kulturala azpimarratuz: «'Lurraldea Gara' gure erreferente garen herri eta hiriekin dugun lotura sendotzeko sortu da. Eskubaloia maite duen jende guztira hurbildu nahi dugu, eta aldi berean, jende hori Bidasoara gerturatu», azpimarratu du Aginagaldek.

Kamiseta bereziak

Proiektuaren parte gisa, Bidasoa Kirol Elkarteak 'Lurraldea Gara' lelopean kamiseta oroigarri bat diseinatu du, identitatearen ikur hurbil eta partekatu gisa sortua. Jantzia ikurrinaren koloreetan oinarrituta dago (gorria, berdea eta zuria), eta bi partida ofizialetan estreinatuko da: azaroaren 29an, Artalekun, Valladoliden aurka; eta abenduaren 2an, EHF European Leagueko talde-faseko azken jardunaldian, Flensburgen aurka.

Era berean, atezainen kamisetak guztiz zuriak izango dira, ikurrinaren estetika tradizionalari jarraituz. Kamiseten prezioak hauek dira: 35 eurokoa jokokoa eta 45 eurokoa atezainarena bazkideentzat; eta 45 euro jokokoa eta 55 eurokoa atezainarena gainontzekoentzat.

Kamiseten aurresalmenta ostiral honetan hasiko da. Prozesua Berrlyren bidez egingo da eta kamiseta eskatzeko epea aste batekoa izango da (azaroaren 27ra arte). Kamisetak klubeko bulegoan jasoko dira; datozen egunetan bilketa-moduari eta egunari buruzko informazioa emango da. Entrega Gabonak baino lehen egingo da.