Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Dracula, Luc Besson-en iragazkitik

DRACULA
Estatu frantsesa, 2025. 129’. Zuzen eta gidoia: Luc Besson. Aktoreak: Caleb Landry Jones, Zoë Bleu Sidel, Christoph Waltz, Matilda De Angelis. Musika: Danny Elfman. Argaz.: Colin Wandersman. 

Caleb Landry Jones da protagonista .
Caleb Landry Jones da protagonista . (Leonine Distribution)

Luc Besson zinegilearen filmografia izenburu ezagunez josia dago. 1988ko ‘Le Grand Bleu’ (‘El Gran Azul’, gazteleraz) izan zen bere ibilbidearen metxa piztu zuena, baina Jean Reno, Natalie Portman eta Gary Oldman protagonista dituen ‘Léon’ (‘Léon, el profesional’, gazteleraz) filmak eman zion nazioarteko aitortza. Ordutik,  ‘Jeanne d'Arc’ (‘Juana de Arco’, gazteleraz), ‘The Fifth Element’ (‘El quinto elemento’, gazteleraz) edota ‘Lucy’ izan dira bere lanik esanguratsuenetako batzuk.

Zinemetara gerturatzen diren ikusleek Besson-en unibertsoan murgiltzeko beste aukera bat izango dute: ‘Dracula: A Love Tale’ estreinatuko da. Askok pentsatuko dute Dracularen inguruko beste bertsio bat besterik ez dela, baina egia esan, filmak badu ikuspegi berezi bat. Ez dugu hemen munstro beldurgarri soil bat aurkituko, baizik eta maitasunaren eta obsesioaren artean harrapatutako izaki tragiko bat: mendeetan zehar maitearekin elkartzeko zain dagoen maitale kondenatua. Eta hain zuzen ere desio hori bihurtzen da istorioaren motor nagusia.

Besson-ek Dracularen mitoaren «alde erromantikoa» esploratzea interesatzen zitzaiola aipatu du, ohiko izugarrikeria eta beldur klasikoaren ordez. «Sekula ez zait gustatu Dracularen istorioa eta gorroto ditut odola eta beldurrezko zinema» aitortu du Bessonek. «Baina liburua berrirakurri nuenean ulertu nuen mitoaren atzean maitasun kontakizun ikaragarria zegoela, maitearekin berriz elkartu eta agur esan ahal izateko 400 urte zain dagoen gizonarena. Hori izugarri erromantikoa da eta pelikula batean kontatzea erabaki nuen».