NAIZ

Eroskik, zorra birfinantzatzeko operazioaren baitan, urtero 75 denda irekitzea aurreikusten du

Zorra gainditu eta kooperatiba gisa handitzeko birfinantzatze operazioa sinatu du ostegun honetan Eroskik. Kutxabank, Laborak Kutxa eta ICO erakundeek jarraitzen dute proiektuan konfiatzen Eroskiren arabera, eta beraiek dira finantzan lagunduko duten erakundeak.

Rosa Carabel Eroskiko CEOak eman ditu operazioaren inguruko xehetasunak.
Rosa Carabel Eroskiko CEOak eman ditu operazioaren inguruko xehetasunak. (Monika del Valle | FOKU)

Eroskik ostegun honetan jakinarazi du «arrakastaz» hitzartu dituela «birfinantzatze operazio eraldatzaile baterako baldintzak zorraren egitura berrantolatzeko». Horrela, finantza eredu eraginkorrago eta iraunkorrago bat finkatu duela azaldu du. 

Plan horren barruan kokatzen dute hurrengo hiru urteetan, urtean 10-15 denda propio eta 60 bat frankizia zabaltzeko asmoa. Izan ere, negozioaren %77 supermerkatuetatik datorrela azaldu du kooperatibak.

Operazioaren xehetasunak eman ditu Eroskik: «Konbinatu egin ditu 500 milioi euroko nominala duen bonu senior bermatu bat, 2031n iraungitzen dena eta %5,750eko interes tasa duena; horrekin batera, mailegu sindikatu berri bat sinatu du, 370 milioi eurokoa, 2031n iraungitzen dena, eta 80 milioi euroko kreditu lerro berri bat, hori ere 2031n iraungitzen dena». 

Bonuak erakunde inbertitzaileentzat daudela «esklusiboki» bideratuak argitu du eta horiei zein finantza tresna berriak martxan jarrita lortutako funtsei esker, aurretiaz amortizatu ahalko dituela 2028an iraungitzen diren Eroskiren Mendeko Obligazioak –209 milioi euro– eta 2023an jaulkitako bonu senior bermatua.

Uste dute operazioak nabarmen indartuko duela taldearen finantza egitura, zorpetze tresnak sinplifikatuko dituelako batetik, finantza kostua hobetu eta iraungipen epe luze batzuk ezarriko dituela bestetik. Eta horrek, aldi berean, oraindik eta gehiago egonkortu eta normalizatuko duela egitura. 

Kutxabank, Laboral Kutxa eta ICO erakundeek jarraitzen dute proiektuan konfiantza gordetzen Eroskiren arabera, eta beste erakunde batzuk ere tartean daude: Finantzen Euskal Institutua, BBVA, Santander, CaixaBank, Banca March, Cajamar, Caja Rural, Rabobank, Intesa Sanpaolo eta Deutsche Bank. 

Operazioak ez duela zorra areagotuko baieztatu dute, «baizik eta baldintzak berrantolatu eta hobetu». Horri esker finantza kostua arinduko dela adierazi du Eroskik, eta epeak taldearen ziklo operatiboarekin lerrokatuko dira.

2025ean %2,9 handitu dira salmentak

Bestalde, 2024ko ekitaldiak emaitza paregabeak izan zituela Eroskirentzat aitortu du Rosa Carabel Eroski taldeko CEOak, pilatutako galerak bereskuratu zirela, erreserbak sendotu eta kooperatiba «posizio sendoan» dagoela pauso honi ekiteko. 2025eko lehen seihilekoan, Eroskik %2,9 handitu ditu salmentak, eta %10,6 igo du bere emaitza. Kooperatibak erakutsi du hazkuntza sendoa izan duela: 2.949 milioi euroko salmenta gordinera iritsi da, eta 55,5 milioiko emaitza garbia izan du. 

«Kooperatibak etapa berriari lasaitasunez egingo dio aurre, jakinda emaitza onak dituela, merkatuen aitortza duela eta eredu ekonomiko eta soziala indartsu doala garapen iraunkorrerantz eta luzera begirako egonkortasunerantz», amaitu du  Rosa Carabelek. 

Taldeak jarraituko duela hazi ahala denda propioak eta frankizia erakoak irekitzen aurreratu du, «betiere pertsonak bere estrategiaren erdigunean jarrita: bai langileak eta bai kontsumitzaileak». 

Denda gehiago

Hurrengo hiru urteetarako plana urtean 10 edo 15 denda propio eta 50 eta 60 frankizia artean irekitzea da. Frankizien kasuan Estatu espainol osoan irekitzeko amoa dute, eta dendak berriz penintsularen iparraldean. Zehaztu du negozioaren %77 supermerkatuetatik datorrela, eta ziurtatu du argi dutela «etorkizuneko hazkundea» horrelako establezimenduetan egongo dela, 1.500 eta 3.000 m2 bitarteko formatuetan, eta horietan «oso eroso» daudela.

«Ez dugu hipermerkatuetan hazten jarraituko, baina dauzkagunak oso hipermerkatu errentagarriak dira», azpimarratu du Carabelek. Forum Sport bezalako desinbertsio berriak aurreikusita ote dauden galdetuta, «helburu argitzat» ez dutela ziurtatu du, baina salmenten %95 elikagaien negoziotik datozela eta bertan dutela «fokua» zehaztu du.

Nolanahi ere, kirol negozioarentzat edo beste edozeinentzat aukerarik sortzen bada, «beti bezala, entzuteko, aztertzeko eta erabakitzeko» prest daudela gaineratu du. Hala ere, «mahai gainean horri buruz ezer ez» dutela azpimarratu du.