
Askotariko gorputzak zeharkatu ditu euskal gatazkak, gurutzatu ditu indarkeriak, bai eta erresistentziak ere. Nolanahi ere, gorputz batzuek besteek baino presentzia handiagoa hartu ohi dute, aitortza ere batzuei besteei baino gehiago egiten diegu. Maider Galardi soziologo eta ikertzaile feministak euskal gatazkaren ertzetako biolentziei eta gorputzei erreparatu die eta, besteak beste, argitara ekarri du ertzetakoak eta gehienetan emakumeenak izan diren gorputz horiek, zaintzaile rola betetzeaz harago, subjektu eta gorputz politikoak izan direla eta direla gaur egun ere. Horrenbestez, subjektu politiko gisa aitortu behar direla aldarrikatu zuen.
Azaroan zehar ⁄Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea’ jardunaldiak egiten ari dira Oiartzunen, Udalak antolatuta. Hitzaldiak, filmak, erakusketa eta argazki proiekzioa jasotzen ditu egitarauak, eta aurten oroimena eta egia emakumeen gorputzen bidez landu nahi izan dute. Atzo, Maider Galardi ikertzaile eta militante feministak hitzaldia eman zuen: ‘Euskal gatazk(ar)en ertzetako biolentziak eta erresistentziak. Begirada feminista bat indarkeriazko zikloari’.
«Memoriaz ari garenean, denbora-lerroan ez dugu iraganean kokatu behar, baizik eta orainean eta etorkizunean. Eta memoriaren bueltan eman dira gatazka asko, eta aukera ematen zidan ertzetan egondako pertsonei begiratzeko»; horrela abiatu zuen bere hitzaldia Galardik, eta aitortza egin zien aurrez ikuspegi feministatik gaia landu izan dutenei; «batzuetan ematen du feminismoa 2018tik aurrerako gaia dela, baina orain dela 50 urte bazeuden feministak eta nik landutakoa problematizatzen zuten haietako batzuek ere».
Euskal gatazka politikoaren ondorioak ditu gertuen Galardik, eta ez akaso gatazkaren garai gordinenak. Tesia egiten hasi aurretik emakume asko sumatzen zituen bizikidetza foroetan-eta, «baina beti beraien tokia norbaiten zerbait izatea zela iruditzen zitzaidan, alaba, bikotekidea, ama...», eta galdera bat egin zion bere buruari: «Zein inpaktu izan du gatazkak beraiengan? Eta beraiek zein inpaktu izan dute gatazkan?».
Hamaika indarkeria
Horri tiraka elkarrizketatu ditu 35 pertsona. Berak hasieratik zuen argi ez direla senideak bakarrik izan, «gatazkak gurutzatutako gorputzak» izan direla eta, ondorioz, baita subjektu politikoak ere, nahiz eta batzuek hori ez onartu. Nahiz eta nahiago duen «alde batekoak eta bestekoak» bereizketarekin ez izendatu, zehaztu zuen indarkeriaren jatorri ezberdinetan inplikatutako pertsonekin solas egin zuela. Eta garbi esan zuen atzo: «Elkarrizketatu guztiek ekinbide politiko bat izan dute, zeina gabe ezin den ulertu gatazkaren desmartxa, eta subjektu politikoak izan direla aitortu behar da».
Solasaldiaren izenburuak berak jasotzen zuen «indarkeria» hitza, eta indarkeriaren inguruko azalpen labur baina argigarri bat eman zuen, hiru dimentsio dituela azalduta: egiturazkoa, sinbolikoa eta zuzena. Argipen horrekin batera ohartarazpen bat ere egin zuen: «Indarkeriaren kategoria zabaltzen dugu dimentsio ezberdinak aztertuz, baina emakume hauek indarkeria zuzena ere bizi izan dute, eta errepresio hori ukigarria da». Indarkeria sexualizatuaz ere jardun zuen, baita gaur-gaurkoz bere ustez auzi arantzatsua denaz ere: «Emakume hauek indarkeria beren komunitate barruan ere jasan dute, emakume izateagatik». Ikerketaren zati handi bat espero zitezkeen eta espero gabeko isiluneek ere bete dute, eta Galardik ondorioztatu du oraindik ez daudela askatasun osoz hitz egiteko baldintzak gure herrian.

Gatazkaren ertzetan egondako subjektuen izaera politikoaz ohartarazi nahi izan zuen ikertzaileak. Sarri askotan subjektu hauei utzitako lekua «giza eskubideen paradigmatik» izan dela azaldu zuen, eta ez horrenbeste beren izaera politikotik. Baina hamaika ekintzatan ikusi ahal izan da beraien izaera politikoa. Ipar Irlandan erabiltzen den «istripuzko militanteak» kontzeptuaz galdetuta, bere azterlanean kasu ezberdinak egon direla kontatu zuen: «Ipar Irlandatik dator, eta esan nahi du berez beraiek erabaki gabe auzi politikoan ikusi dutela beren burua. Nirekin egon direnen kasuan, batzuek lehenago izan dute ekinbide politikoa, besteak gero hasi dira elkarteetan eta parte hartzen, eta beste batzuk ez dira inoiz egon». Eta jarraian galdera iradokitzaile bat bota zuen gogoetarako: «Zer dator lehenago, seme presoa edota etxean ikusitakoarengatik militante izatea semea?».
«Amaitaleak»
Marcela Lagarderen «amaitale» kontzeptua azalduz, kontatu zuen nola dagoen emakume oro sozialki amaren edota bikotekidearen rola betetzeko kodifikatuta, eta sarritan euskal gatazkaren testuinguruan ere horrela irakurriak izan direla emakumeak. «Emakumeak egin egiten direla esan zuen Simone de Beauvoirrek; bada, nola egiten da emakume bat euskal gatazkaren testuinguruan? Dikotomia bat eraikitzen da imajinarioan: gidariarena eta zaintzailearena, estereotipo hauek operatu dute, baina emakume hauek ez dira zaintzaileak bakarrik izan, agente politikoak dira, eta ez da egia ez zaiela rol politiko bat aitortu; gauza da aitortu zaien rola ama edo bikotekide onarena izan dela, batik bat».
Erregimen heterosexualak rol horiek are gehiago indartu dituela esanez sakondu zuen; esaterako, arrebaren rolari esleitutakoa azaldu zuen: «Aitortza edo ‘marroi’ politikoak ematen zaizkie, baina ez zaie espaziorik ematen zaintza praktikak egiteko, suposatzen delako bisitan amak edo bikotekideak joan behar duela». Alaben rola bestelakoa da; X-en alaba izateagatik infantilizatzea izan daiteke maiz egotzi izan zaiena.
«Lanaren banaketa sexuala» gizartean gertatzen den neurrian militantzian ere gertatzen dela esan zuen Galardik, baina hala ere izaera guztiz politikoa duten subjektuak izan direla amak, alabak edota arrebak, eta ez direla zaintzaile huts izan: «Emakume hauek arrisku maila altuko egoeretan egon dira, baina ez da horrela aitortzen, genero sistemaren araberako rol banaketan bat lehen lerroan kokatzen du eta bestea atzegoardian, eta hori oso tranpatia da analisi sakon erreparatzaile bat egiteko».
Aitortuak sentitu izan al diren ere galdetu zien ekintzaile feministak, eta, printzipioz, askok aitortzaren behar hori ez zutela beharrezko ikusten erantzun bazioten ere, galderan sakondu ahala, komunitatearen aitortzaren falta sumatu zuen haien hitzetan; «uste dut emakume hauek oraindik irekita dituzten zauri asko osatzen joan daitezkeela emakumeoi gatazkan izan duten presentzia aitortuz».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

