NAIZ

‘Gipuzkoa begiragarria’, lau argazkilariren begirada gaur egungo ‘Ipuscua’-ri

Maria Azkarate, Peter Bialobrzeski, Dragana Jurišis eta Lobo Altuna argazkilariek Pascual Marin donostiar argazkilari famatuaren ‘Gipuzkoa begiragarria’ (1932) liburua abiapuntutzat hartu eta, gaur egungo eta beraien begirada pertsonaletik abiatuta, Gipuzkoaren erretratua ekarri dute Artegunera.

Argazkilariak eta Arteguneko arduradunak.
Argazkilariak eta Arteguneko arduradunak. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Ipuscua’ hitza 1025ean aipatu zen lehen aldiz dokumentu batean eta, lehen aipamenaren milagarren urteurrena dela-eta, Gipuzkoako Aldundiak sustatutako ekitaldiekin lotuta, ‘Gipuzkoa begiragarria’ erakusketa antolatu du Kutxa Fundazioak. Erakusketa kolektibo da, non lau argazkilarik ikuspegi kritiko eta garaikide batetik begiratzen dioten gizarteari, ospatzen den datatik mila urtera. Azaroaren 21etik 2026ko martxoaren 1era egongo da ikusgai Donostiako Kutxa Fundazioaren Artegunea aretoan, Tabakaleran.

Erakusketaren izenburuak erreferentzia egiten dio 1932an Pascual Marinen argazkiak bilduta argitaratutako ‘Gipuzkoa begiragarria’ (‘Lo admirable de Guipúzcoa’) liburuari. Argazkilari haren funtsa Kutxa Fundazioa Fototekaren zaintzapean dago gaur egun, eta haren jatorrizko negatiboen garaiko kopiekin eta irudi positibatuekin batera jarri dira erakusketan ikusgai.

Maria Azkarate, Peter Bialobrzeski, Dragana Jurišic eta Lobo Altuna argazkilariak topofilia fenomenoaz dihardute. Topofiliak –gizatalde bat haren ingurunearekin lotzen duen harreman afektibo– gizatalde bat ingurune horretan irautera darama, baldintza txarrak izanik ere, edo utzi behar izan zuen lurrarekiko lotura emozionalari eustera. Muga, paisaia, lurraldea eta hango biztanleak dira erakusketaren ardatz eta argazki-proiektuaren oinarri.

Euskadiko Filmategiak, Kutxa Fundazioarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin lankidetzan, ‘Guipúzcoa’ dokumentala (Pio Caro Baroja, 1979) proiektatuko du azaroan, Tabakaleran egingo diren bi saio berezitan. 

Pascual Marinetik gaur egunera

Pascual Marin Ruiz (Tutera, 1893 - Donostia, 1959) garrantzi handiko autorea izan zen Gipuzkoako argazkilaritzan XX. mendearen lehen erdian. 1913an hasi zen lanean ‘La Crónica de Zaragoza’ egunkariko argazkilari gisa eta ‘Nuevo Mundo’ aldizkariaren kolaboratzaile gisa. 1920an, estudioa ireki zuen Garibai kalean, Casa Marín, eta laster bihurtu zen hiriko argazkilaritzaren erreferente, Donostiako bizimodu urbanoa, soziala eta kulturala dokumentatzen egindako lanari esker. 

Topofilia fenomenoaz aritu dira argazkilariak. (Gorka RUBIO / FOKU)


Pascualek aktiboki parte hartu zuen bizitza kulturalean, eta Gu elkarte artistikoko kide izan zen 1934tik aurrera, arkitekto, margolari eta idazleekin batera. 36ko Gerraren garaian, bi aldeekin lan egin zuen. Lehenik, hedabide errepublikanoentzako argazkiak ateratzen jardun zuen eta, gerora, hedabide frankistentzat aritu zen, hala nola ‘La Voz de España’, ‘Unidad’ eta ‘ABC’ egunkarientzat. Hala, haren artxiboak zuzeneko fotokazetaritza nahiz propaganda gisa baliatutako irudiak biltzen ditu, eta garai haren konplexutasunaren lekuko da. Artxibo hau Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak erosi zuen, hogeiko hamarkadako Gipuzkoaren memoria bisual modura zuen balioa aintzat hartuta. Gaur egun, Kutxa Fundazioa Fototekan babesturik dago.

Marinen liburutik urrunduta, begirada kritikoagoa eta garaikideagoa proposatzen du erakusketa-proiektuak. Hain zuzen ere, Ramon Esparzak komisariatutako proiektu hau ez da oinarritzen finkatuta dagoen horretan, oraindik eraikitzeke dagoen horretan baizik, eta gizarte orok bere buruari buruz onartzen dituen isilbidezko ezaugarrien hausnarketan. Proiektuak isolamenduaren ideia deuseztatu nahi du, eta egitura dinamiko gisa ulertzen du Gipuzkoako herrialde historiakoa.

Kanpotik barrura egindako begirada

Pirinioen eta itsasoaren artean kokatutako eta joera eta aldaketa handietatik urruneko txoko menditsu baten ideia dugu Gipuzkoaz, baina Penintsulako sarbide nagusietakoa izan da, berez. Hala, proiektu honen azken buruko xedea da herrialdearen historiaren une jakin batean sortutako ikuspegi bat erakustea lurraldeari buruz. Ildo horretatik, bere gain hartzen du iragankorra dela eta norberak atera litzakeen ondorioak behin-behinekoak direla, eta, horrenbestez, berrikuspena eskatuko du etorkizunean.

‘Muga’ da proiektuak aztergai duen lehen ardatza, Maria Azkaratek (Gasteiz, 1977) landua ikusezintasunaren eta historiak espazio geografikoan duen proiekzioaren ikuspegitik. ‘Muga’ ez da lerro soil bat, berezko espazio bat baizik. Espazio mestizo bat, non igarotzeko ezintasuna baino areago, igarotzeko era asko dauden. Arkitekturako lizentzia eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitatean, Hirigintza espezialitatean Maria Azkaratek. Zenbait urte eman zituen lanbide horretan, harik eta erabaki zuen arte norabidea aldatzea eta argazkilaritzan profesionalki jardutea. Harrezkero, beste profesional batzuen obraren argazkiak egiten ditu, bere lan pertsonala garatzeaz batera. 

Peter Bialobrzeskik (Wolfsburg, 1961) Gipuzkoan egin duen ibilbidean, ez dugu toki monumentalik topatzen, iragana biltegi batean bezala gordetzen duten lekurik, leku biziak baizik, iraganak edo errituek baino areago eguneroko erabilerak seinalatuak. Eta orobat azaltzen dira, haren argazkietan, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran gure iruditeria osatu zuten pintura eta argazkien oihartzunak ere, David Roberts eta Perez Villaamil margolarienak besteak beste. Izan ere, irudi horiek barruraino sartu zaizkigu, eta gure nortasuna ere eraiki dute, uste duguna baino gehiago. Autoz egindako hamar eguneko bidaian, haren paisaiaren eta hirien gaur egungo itxura marrazten duten zeinuak bilatu zituen.

«Flâneur baten begirada da nirea, baina finkoa: espazioen konplexutasuna laukiratzen eta erregistratzen dut, espazioak kameraren aurrean agertzen diren bezalaxe. Ez naute erakartzen Gipuzkoako toki ospetsuek, oharkabean igaro ohi den horrek baizik», dio. 

Dragana Jurišićs (Slavonski Brod, Kroazia, 1975) biografia bereziki sentikorreko argazkilaria da, eta, hain zuzen ere, biografia hori dela-eta, oso modu berezian hurbiltzen da lurraldearen ideiara. Argazkilari honen erronka nagusia zen besteek nola sentitzen gaituzten aditzera ematea, besteek nola ikusten gaituzten edo guk geure burua nola ikusten dugun aditzea ematea baino areago. Ikustea zer gertatzen den alderdi dokumentala, alderdi antropologikoa, alderdi politikoa alde batera utzi eta heltzen diogunean, besterik gabe, alderdi poetikoari, munduaren eta subjektu baten artean sorturiko erlazioaren adierazpenari.

Dragana, jadanik existitzen ez den Jugoslavia batean jaio bazen ere, Dublinen bizi da (hau da, Irlandan, mugei eta subiranotasunari buruzko gatazka bizi izan duen beste lurralde batean), eta hain du oroitzapenez zamatua begirada, non gaitasuna baitu gure ingurua beste lur bat bihurtzeko, nahiz eta lur horretan betiko lurra ezagutzen dugula iruditu. «Proiektu hau Gipuzkoaren esplorazio bisual bat da, ikuspegi inpresionista batetik landua. Nire asmoa ez zen behin betiko baieztapenak eskaintzea, liluragarria bezain iragazgaitza iruditzen zaidan lurralde bati behatzea baizik. Une askotan, irudipena izan nuen bazela halako hesi ikusezin bat, lurrak uko egingo balio bezala inor beraz jabetzeari edo inork bera ulertzeari», dio.  

Lobo Altuna (Tolosa, 1967) argazkilari autodidakta ‘El Diario Vasco’ egunkariarentzat lanean dihardu argazkilari gisa. Azken hamarkadetan berregituratu egin da euskal gizartea, bizilekua hartzera eta gure giza inguruaren parte izatera –ez tentsiorik gabe– hona etorri diren kultura desberdinetako pertsonen ekarpenarekin. Lobo Altunaren irudiek aldaketa hori erakusten dute. Aldaketa nabarmenagoa da, jakina, lan-esparru edo auzo jakin batzuetan, baina bitxia gertatzen da esparru horietako bat arrantzarena izatea, hain zuzen ere, kontuan harturik jarduera horrek berekin dakarrela espazio txiki eta itxietan egon beharra.

Erakusketaren osagarri, jarduera-programa oparoa antolatu da, barne hartzen dituena, besteak beste, bisita komentatuak igandero (17.30ean euskaraz eta 18.30ean gaztelaniaz) eta familientzako bi tailer.

Horrez gainera, Euskadiko Filmategiak, Kutxa Fundazioarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin lankidetzan, Pío Caro Barojaren ‘Guipúzcoa dokumentala’ (1979) proiektatuko du azaroak 23 eta 30 igandeetan (18.00), bi saiotan banatuta, Tabakaleran.  Guztira 3 ordu eta 45 minutuko iraupena du filmak, baina bi emanalditan banatuta proiektatuko da –112 eta 95 minutukoak, hurrenez hurrez–, euskaraz eta gaztelaniazko azpitituluekin.