
Palestinako haurren eskubideen aldeko Gure Haurrak ere Badira ekimenak 80.000 euro bildu ditu 12.400 «elkartasun kamiseta» saldu ondoren. Paz con Dignidad, UNRWA eta Mundubat erakundeen eskutik Palestinara bideratuko du dirua. Izan ere, «genozidioak aurrera jarraitzen du, bigarren maila batean geratu bada ere».
Hala azaldu dute ostegun honetan Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan, Haur eta Nerabeen Nazioarteko Egunean. «Egunetik egunera haur palestinarren sufrimendua areagotzen ari da eta bitartean bigarren maila batean gelditzen ari da gure hedabideetan», deitoratu dute.
«Ez gaitezen Palestinaz ahaztu eta ez ditzagun haur palestinarrak ahaztu», aldarrikatu dute egoera horren aurrean. «Bertako haur eta nerabeak gure sentitzen ditugu eta ez gara nekatuko bidegabekeria hori salatzeaz», gaineratu dute.
Genozidioaren aurrean lan egiteko behar horretan, Lakuako Gobernua eta Euskal Herriko beste erakundeak interpelatu dituzte. Lakuak Donostiako Ospitalera bideratutako bi familien kasuan, «merezi duten harrera eta osasun arreta» ematea eskatu dute ekimenetik, baita beraien «oinarrizko beharrak, behar emozionalak, ekonomikoak eta hezkuntzari lotutakoak bermatu daitezen» ere.
«Euskal gizarteak erakutsi duen elkartasunarekin jarraituz, bada garaia gure erakundeek ere maila berean erantzutzeko», laburbildu dute prensa agerraldian.
«Beste urrats bat»
Saldutako kamisetekin bildutako diruaz gain, urriaren 25ean Bilbon egindako mobilizazioak izandako babes handia azpimarratu dute, «beste behin Bilboko kaleak elkartasunez bete» zituztelako. «Israelgo Estatu sionistak martxan duen genozidioa irmoki salatzeko beste urrats bat izan zen jadanik ibiltzerik ez dutenen alde», erantsi dute.
Gainera, urrian zehar ikastetxeetan deitutako mobilizazioek «erantzun zoragarria» izan zutela adierazi dute. Prestatutako dinamika 200 ikastetxe baino gehiagotan zabaldu zen, «orain arteko parte hartze handiena» eta «ehunka» ikasle, langile eta irakaslek parte hartu zuten.
«Genozidioak aurrera jarraitzen du, baina gu ere aurrera jarraituko dugu», argitu dute. «Ez daukagu inolako zalantzarik hezkuntza komunitateak eta gizarte osoak aurrera jarraituko duela», zehaztu dute.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu


