
Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute UEMAk, Kutxabankek, Laboral Kutxak eta Bankoa ABANCAk ostegun honetan Tolosako udaletxean egindako aurkezpenean. Agerraldian, hiru finantza erakundetako ordezkariak eta 59 udalerri euskaldunetako alkateak egon dira.
Jakinarazi dutenez, hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek.
UEMAk nabarmendu nahi izan du azken urteetan eman diren urratsak: «2016an lehen aldiz sinatu genuen hitzarmena Kutxabankekin eta Laboral Kutxarekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. 2021ean, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ABANCA ere gehitu zen hitzarmenera. Gaur, hitzarmena berretsi dute UEMArekin hiru finantza erakundeek, horien bulegoak dituzten 59 udalerri euskaldunetako udalekin batera».
Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei. Ondoren, UEMAko lehendakari Martin Aramendik hartu du hitza, ostegun honetan sinatutako hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko. Ondoan izan ditu Aitor Aranburu Olabarri Kutxabanken Txikizkako Bankaren zuzendari nagusia, Iñaki Egizabal Zinkunegi Laboral Kutxaren Pertsonen Departamenduko zuzendaria eta Ana Urkiza Ibaibarriaga, Bankoa ABANCAko euskara koordinatzailea.
Horiei guztiei eskerrak eman dizkie Martin Aramendik, ekimen honen garrantzia ulertzeagatik eta hitzarmenarekin bat egiteagatik: «Gaur UEMArekin eta 59 udalerri euskaldunekin hitzarmena sinatzen duten hiru finantza erakunde hauek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute. Beraz, jarrera eredugarria dute, zalantzarik gabe».
Laboral Kutxaren izenean, Iñaki Egizabalek adierazi duenez, duela 27 urte UEMArekin elkarlanean hasi zirenetik asko aldatu dira erronkak zein bezeroarekiko harremanak, baina kalitateari eusteko ezinbestekoa zaie euskaldunei zerbitzua euskaraz eskaintzea: «Atsegin handiz heltzen diogu, beste behin, duela 27 urte UEMArekin irekitako ibilbidearen erronkari. Egoera eta testuingurua asko aldatu da denbora-tarte luze honetan, baita teknologia eta bezeroekiko harremana ere, baina Laboral Kutxak ohiko filosofiari eutsi nahi dio hitzarmen honen bidez, bezeroei eta gizarteari kalitatezko zerbitzua emanez, euskaldunei zerbitzua euskaraz eskainiz. Akordio honek esanahi berezia du guretzat; hitzarmenak aukera ematen digu hobekuntza aukerak antzemateko. Akordioa ez da helmuga, bide luze baten beste urrats bat baizik».
Hitzarmena, zazpi puntutan
Hori guztia bermatu ahal izateko, UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek, Bankoa ABANCAk eta 59 udaletako alkateek hainbat kontu hitzartu eta zazpi puntutan bildu dituzte.
Euskararen presentzia jarri dute erdigunean, eta udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira.
Gainera, hizkuntza irizpideak zehaztu dituzte, esaterako: Langileek euskaraz egingo diote lehen hitza bezeroari, euskaraz konfiguratuko dira txartelak, posta elektroniko bidezko mezuak euskaraz bidaliko zaizkie bezeroei, 35 urtetik beherako bezeroei euskara hutsez bidaliko zaizkie komunikazioak eta leku izenak erabiltzean, euskarazko izen ofizialak baliatuko dira.
Langileei dagokienez, bulego horietan zerbitzu emateko kontratatutako langile berriak, finkoak zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira. Xede hori lortzeko, trebakuntza eskainiko die entitateak, eta baliabide informatikoak prestatuko ditu.
Bestetik, euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Bermatuko du eragiketa guztiak egin daitezkeela euskaraz eta bezeroek gailu elektronikoak euskaraz konfigura ditzaten sustatuko du finantza entitateak.
Entitate eta bezeroen arteko gardentasuna ere izan dute hizpide, udalek hitzarmen honen edukiaren berri emango baitiete herritarrei. Udal langileei ere jakinaraziko diete, finantza entitatearekin harremanak euskaraz izan ditzaten.
Hitzarmena eraginkorra izan dadin, jarraipen batzorde bat osatuko dute finantza entitateko eta UEMAko ordezkariek. Urtean behin gutxienez bilduko da, eta haren egitekoa izango da ezarritako irizpideen jarraipena egitea.
Azkenik, azpimarratu dute hitzarmenak lau urteko iraunaldia izango duela. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
