
Goizean elurrak Nafarroako lurraldea zuriz estali duen arren, Iruñera gerturatu ahal izan dira Leitza, Gorriti, Etxarri Aranatz, Bera eta Barañainetik etorritako zortzi bertsolariak. Bertan jokatuko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azkeneko saioa, finala.
Azaroaren 29an izango den finala, orain arteko jendetsuena izatea espero dute, izan ere, 2.500 ikusle espero dituzte bertan. «Bidea emankorra izan da eta berretsita geratu da Nafarroako bertsolaritza une gozoan dagoela», adierazi du Nerea Bruñok, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak.
Hurrengo larunbatean izango den finalean Joanes Illarregi, Julio Soto, Xabat Illarregi, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Sarai Robles eta Eki Mateorena arituko dira bertsotan Nafarroa Arenan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, zortzikote honek argazki berri bat ekarriko du belaunaldiartekotasunari eta emakume kopuruari dagokienean, izan ere, txapelketan hiru emakumek jokatuko dute eta partaideen artean bertsolari gazteak izango dira.
Jarraian Bruñok adierazi duenez, Zaldiko Maldiko elkartea aurtengo irabazleari txapela janteaz arduratuko da. Elkartea une horretarako hautatu dute euskal kulturan bete duen papera eskertu eta aitortzearren, izan ere, 1981ean sortu zenetik euskaldunentzat arnasgune izan zen eta bertsolaritzarekin harreman estua izan du.
Finalisten gogoetak
Xabat Illarregik azkeneko hiru txapelketetan parte hartu du eta hiruretan finalista izan da. Aurtengo aukera ilusioz bizi du eta pasa den urteetan bizi dituen esperientzekin alderatu du hurrengo larunbatean izango dena. «Uste dut txapelketa bakoitza diferentea dela denontzat eta kasu hontan niretzat ere bai. Nik behintzat txapelketetaz ikasten joateko aukera izan dut», adierazi du.
Sarai Roblesen bigarren finala izango da. «Orain dela bi urte oso pozik nengoen sailkatu izanagatik eta aurten ere bai oso pozik nago, baina finalera modu kontzienteago batean joateko asmoa dut. Duela bi urte uste dut ez nuela neurtu zer den final bat, zer suposatzen duen. Aurten kontzienteago kantatu nahiko nuke, unea bizi eta ahal bezain ongi aritu», azaldu du.
Julio Soto sei alditan izan da txapelduna. Pozik agertu da gero eta gazteago den finalista talde honen parte izateaz. «Oso pozgarria zait bertsolari bezala eta bertsozale bezala, uste dut finaleko argazkia eder ederra geratu dela», aitortu du.
Joanes Illarregi laugarren aldiz izango da finalean eta txapelketak norberaren ahalmenak erakusteko aukera bezala ikusten dituela azaldu du. «Gustatuko litzaidake final honetan gai izatea erakusteko aurreko txapelketetatik zein izan den nik egin dudan ibilibidea. Txapelketak bertsolari baten ibilbidean, askotan mugarri eta erakuslehioa izaten dira», jakinarazi du.
Eneko Lazkoz finalista izan da 2010etik eta pozik agertu da final honetan egoteagatik. «Zorionez finala urtetik urtera aldatzen ari da eta zorionez bertan mantentzen naiz. Denok nahi dugu finala berritu eta gaztetzea, baina guk hemen jarraitu nahi dugu».
Ekhiñe Zapiainek aurten du lehenengo finala eta urduri agertu da. «Kontent nago eta izugarrizko ilusioa egiten dit hemen egoteak. Beldur pixka bat ematen zidan, finalaren dimentsio handi horrek», aitortu du.
Saioa Alkaiza azkenaurreko txapelketan txapela jantzi zuen. «Pertsonalki iruditzen zait garapen handia egin dudala. Sentitzen dut hasierako saioren batean hori ez dudala erabat adierazi eta beraz, finalera joan nahi dut hori erakustera», erabaki du.
Eki Mateorena txapelketan parte hartuko duen bertsolari gazteena da eta aurten sailkatu da finalera lehen aldiz. «Uste dut txapelketako finalera sailkatzea badela poz handi bat. Ilusio handiarekin hartzen dut final honetan kantatzeko aukera», adierazi du.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

