Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Euskal abokatu baten kontra egin du guardia zibil ohi batek, ez dagokion dirua lortu nahian

Hurrengo astean Bilboko Instrukzio Epaitegi batean agertu beharko du Iñigo Santxo abokatuak, ikertu gisa deitua. Salatzailea guardia zibil ohi bat da: 1980an Ispasterren jazotako atentatua dela eta dirulaguntza ofiziala jaso nahi du, nahiz Madril zein Gasteizko gobernuek biktima denik ukatu dioten.

Zenbait guardia zibil, domina ugari paparrean, Iruñean urriaren 12ean egindako ospakizunean.
Zenbait guardia zibil, domina ugari paparrean, Iruñean urriaren 12ean egindako ospakizunean. (Jagoba Manterola | Foku)

Aski ezaguna da guardia zibil ugarik Estatuak eragindako biktimak erreparatzeko legearen kontra abiatu zuten sabotajea. Beraiek ere biktima zirela argudiatuz, arau horren babespean jartzeko saiakera itsuan eskaera mordoa mahaigaineratu zuten, 500dik gora. Legea desitxuratu nahi izan zuten horrela, eta Balorazio Batzordearen jarduna nabarmen oztopatu zuten. Testinguru horretan koka daiteke hurrengo kasu hau ere, nahiz orain iruzurtu nahi izan den araua ez den Estatuaren biktimen aldekoa, ETAren atentatuei dagokiena baizik.

Istorio oso luzea da: 1980. urtea du abiapuntu, Ispasterren gertatutako talka armatu odoltsua hain zuzen ere, eta oraindik ez da amaitu, ordutik 45 urte pasata. Korapilotsua ere bada, ibilbide luze honetan biktimentzako legeak ez ezik ‘doako justizia’-ren arauak bortxatu nahi izan direlako. Azken korapiloa askatu gabe dago oraindik: euskal abokatu ezagun baten kontra egin du honen protagonista den guardia zibil ohiak, kereila bidez. Iñigo Santxo Uriarte da.

Gertatutakoa atalez atal laburbiltzera pasa aurretik, testingurua osatzeko gogoan hartu behar da duela urte gutxi hasi direla Estatuak eragindako biktimak erreparatzeko prozesuak, EAEn zein Nafarroan (Estatu mailan ez dago ezer). ETArenak, ordea, askoz lehenago abiatu ziren, 90eko hamarkadan, Madrildik zein euskal erakundeetatik, eta baliabide gehiago eskainiz. 

Ispasterrekotik erretiroa lortu arte

Gaur egun Galizan bizi den guardia zibil ohi honek Euskal Herrian ziharduen 1980ko otsailean, Markinako kuartelean hain zuzen ere. Urte hartako otsailaren 1ean ETAk euskal lurretan egin zuen ekintza gogorrenetarikoa burutu zuen: Ispasterren zebilen auto multzo baten kontra egin zuen tiroz eta lehergailuz. Talka horren ondorioz sei guardia zibil hilik suertatu ziren, baita bi ETAkide ere.

Hamahiru urte geroago guardia zibil honek azalduko zuenez, erasotutako autoetako batean joatekoa zen bera ere, baina azken momentuan lan txanda aldatu zuen kide batekin eta horri esker salbatu zen. Hala ere, gorpuak jasotzera joan behar izan zuela eta horrek biziki hunkitu zuela erantsi zuen. Hau argudiatuta, biktima izaeraren aitortza eta horren ondoriozko laguntza eskatu zituen.

Eskatutako dirua ez, baina lanetik behar baino lehenago erretiratua izatea lortu zuen agenteak 2020. urtean, atentatutik 40 urtetara alegia

 

Geroztik Barne Ministerioaren aurrean hainbat aldiz eskatu du hori eta ukatu egin zaio behin eta berriro, jasandako «inpaktu emozionala» ez delako biktimatzat hartzeko nahikoa. Madrilen ateak itxita, Gasteizera jo zuen gizonak, 2008an onartutako legean eta 2010ko dekretuan babesa lortzeko esperantzan, baina hemen ere erantzun bera jaso zuen: ETAren biktima ez denez, laguntza ekonomikorik ez dagokio.

Ibilbide honetan, eskatutako dirua ez, baina lanetik erretiratua izatea lortu zuen agenteak. 1980ko atentatu haren eragin psikologikoa ontzat emanda, behin betiko erretiroa onetsi zion Auzitegi Nazionalak 2020. urtean, 40 urte beranduago alegia.

Doako justizia eske eta kereila

Kontu liskartsu honen bigarren zatia hasten da hemen, orain arte luzatu dena. Lakuako ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu zuen guardia zibil ohiak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, eta horretarako ‘doako justizia’ jasotzea eskatu zuen, hau da, beharrezko tramiteak ordaintzeko aukerarik ez duten pertsonei eskaintzen zaien asistentzia berezia.

Abokatutzaren Elkargoak duen batzordeak aztertu zuen eskaera eta ez zuen ontzat jo. Izan ere, gizona zenbait ondasunen jabe zela agertu zen (bi etxe Katalunia aldean, beste bat Galizan...), eta gainera, 3.500 euro baino gehiagoko erretiroa kobratzen duela egiaztatu zen. Gauzak honela, biktima gisako laguntzarik ez zegokion, eta ‘doako justizia’ izatea ere ez... Hala ere, temati agertu zen berriz protagonista, eta EAEko Auzitegi Nagusian borrokatu zuen asistentzia hori, baita azkenean lortu ere.

‘Desleialtasun profesionala’ egozten dio orain guardia zibil ohiak Iñigo Santxo abokatuari, honek bere eskaera «bideraezina» dela argi utzi duelako

 

Horren ostean doako justiziaren sisteman diharduen euskal abokatu bat asignatu zitzaion. Guardia zibil ohiaren eskaria aztertu ondoren, «bideraezina» zela ondorioztatu zuen Santxok eta horrela adierazi zuen idazki bidez. Fiskaltzak bat egin zuen abokatuaren ustearekin, eta horrekin dena amaitzera zihoala zirudien. Baina ez...

Orain abokatua jarri du begipuntuan guardia zibil ohiak. Bere kontrako kereila aurkeztu du. Besteak beste, ‘desleialtasun profesionalaz’ jokatzea leporatzen dio. Eta zitazioa jaso du ondorioz Santxok Bilboko auzitegian, egun gutxi barrurako.