
Heldu den asteazkenean eratuko da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia, eta LAB sindikatuak erantzukizunerako dei zuzena egin die negoziazioan parte hartuko duten alde guztiei, «momentuak eskatzen duen mailan egon daitezela». «Uler dezatela hemen ez gaudela interes korporatiboak defendatzeko, baizik eta milaka langileren lan eta bizi baldintzak hobetzeko. Hori da helburua. Hori da konpromisoa. Eta horrek gidatu behar du negoziazio hau», adierazi du Iratxe Azkue Bizkaiko Industria Federazioko arduradunak.
Bilbon egindako agerraldian gogoratu duenez, 59.000 langileri baino gehiagori eragiten die hitzarmen horrek, eta, beraz, garrantzi handiko hitzarmena da; «ez bakarrik eragiten dion jende kopuruagatik, baizik eta baita Bizkaiko industriaren zutabe den metalgintzaren gutxieneko baldintzak zehazten dituelako ere».
«Hilabeteak daramatzagu prestatzen, barne antolaketa bultzatzen, testuingurua aztertzen eta estrategia kolektibo bat fintzen, negoziaziora behar den seriotasunarekin eta indarrarekin iristeko», gaineratu du. Izan ere, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak «lurzoru komuna» jartzen du, eta gutxieneko baldintzak bermatzen ditu guztientzat. «Gehien behar dutenak» babesten dituela ere gogoratu du Azkuek, ordezkaritza sindikalik ez duten enpresetan lan egiten duten langileen adibidea jarriz. «Hitzarmen indartsu bat orekarako eta justiziarako tresna da», nabarmendu du.
Aktibazioa eta borroka
Dena den, hitzarmena «sektorearen aktibazioaren eta antolakuntzaren bidez baino ezin daitekeela lortu» ohartarazi du Industria Federazioko arduradunak: «Negoziazio honen indarra ez dago mahaian gertatzen den guztian bakarrik. Indarra lantokietan dago, jendearen inplikazioan, behar denean kolektiboki erantzuteko gaitasunean. Hori da gakoa, eta hori izan da beti gure indargunerik handiena».
Eta berritutako azken bi hitzarmenei eta horiek lortu arteko negoziazioari ere erreparatu die Azkuek. 2019an, hamar greba egunen ondoren, hitzarmena berreskuratzea lortu zutela azpimarratu du. «Garaipen kolektiboa izan zen. Eskubideak berreskuratzea eta sektoreak gehien behar zuen horretan aurrera egitea ekarri zuen», azpimarratu du. Handik hiru urtera berritu zen hitzarmena, hamaika greba egunen ondoren.
Bi hitzarmenen negoziazioetan FVEM patronala «testuinguruaz aprobetxatzen» saiatu zela salatu du Azkuek, «eskubideak murrizteko, eta orain ere gauza bera egiten saiatuko dela» ohartarazi du. «Bizkaiko metalgintzako patronalaren borondaterik eza ezagutzen dugu, aurrekoak zatitzeko ahaleginak eta higatu eta agortzeko joera hori. Lehenago bizi izan dugu, eta berriro ikusiko dugu». Horren aurrean, «indarrarekin eta koherentziaz» jarduteko deia berretsi du.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes
