Asier Aiestaran
Kazetaria

Hasiera bikaina eman diote Binakako Txapelketari Altunak eta Ezkurdiak (22-5)

San Mateo Torneoan erakutsi zuten sendotasunaren bidetik, bikote bikaina osatu dute bi aurrelariek eta erabat nagusitu zaizkie Peio Etxeberria eta Rezustari Logroñoko Adarraga pilotalekuan.

Altuna eta Peio Etxeberria, Lau eta Erdian jokatu zuten finalerdian.
Altuna eta Peio Etxeberria, Lau eta Erdian jokatu zuten finalerdian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak sekulako erakustaldia emanda eskuratu dute lehen puntua Binakako Txapelketan. San Mateo Torneoan erakutsi zuten sendotasunaren bidetik, bikote ederra osatu dute bi aurrelariek eta ezerezean utzi dituzte Peio Etxeberria eta Rezusta Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Lau eta Erdiko txapeldunak ez du bere maila eman eta oso galtzaile aritu da beretzat errazena ez zen neurketan.

Norgehiagokak ez du historia handirik izan. Gorriak oso indartsu irten dira hasieratik eta 16-0 aurreratu dira sekulako partziala sinatuz. Joseba Ezkurdiak sekulako presioa sartzen zien aurkariei bere bolearekin, eta aurreko zulo horretan Jokin Altuna erabat nagusitu zaio peio Etxeberriari. Amezketarrari dena ongi atera zaion bitartean –tantoak atzean, gantxoz, horma-bikoarekin...–, Etxeberria oso oker aritu da, askotan presaka eta burua galduta.

Jendetza batu da gaur Adarragan, sekulako giroa zegoen larunbat arratsaldea izaki, eta pena zen jaialdiko partida nagusiak emozio gehiago ez izatea. Agian horregatik, urdinek lehen tantoa egin dutenean frontoia lehertu egin da, «si se puede» oihu artean.

Urdinen lehen tanto hori Peio Etxeberriak egin du, lehenik tantoa aurrean nahastu eta gero pilota atzera jota. Eta beste lau ere egin dituzte, denak jarraian, 16-5eko emaitzara helduz. Ez dituzte gehiago egin, baina egia da bost horietatik lau ederrak izan direla: Rezustak pilota zail bat harrapatu eta dejadarekin erantzunez egin du 16-2koa, Etxeberriak paretean txost batekin 16-3koa eta 16-5eko azken horretan nafarrak ezkerrez horma-biko bikaina sartu dio Altunari. Bestea Ezkurdiak galdua izan da.

Baina hortxe amaitu da erreakzio apal hori. Etxeberriak ezkerrez egindako huts bati esker berreskuratu dute sakea gorriek eta berriz ere zuzenean hanka egin dute 22ra. Azken txanpa horretan ere ikustekoak izan dira Altunaren horma-biko eta dejadak.

Azkenean, 42 minutu eskaseko neurketan Altunak 13 izan ditu eginak, 11 jokoan eta beste 2 sakez; eta txanponaren beste aldean Etxeberriak 7 izan ditu galduak, eta 3 soilik eginak.

«Pozik nago. Garrantzitsua zen guretzat bikote bezala sentsazio onekin ekitea txapelketari eta uste dut lortu dugula», aitortu du Joseba Ezkurdiak neurketa amaieran. «Ezin da ondorio askorik atera partida honetatik, beraiek ez dutelako beren egun onena izan. Peiorentzat ez zen aste erraza, txapela irabazi ostean egun arraroak izaten direlako, baina puntua lortu dugu eta hori da balio duena», gehitu du arbizuarrak.

 

FITXA

Pilotakadak: 400. Partidaren iraupena: 42 minutu eta 2 segundo. Markagailua: 16-0, 16-5 eta 22-5. Sakez: 2 Altuna III.ak. Jokoan eginak: 11 Altuna III.ak, 1 Ezkurdiak, 3 Peio Etxeberriak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 1 Ezkurdiak, 7 Peio Etxeberriak eta 1 Rezustak. Gertaerak: Sarrera bikaina Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Lehen sakea, urdin.