Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Txaber Altube estreinakoz finalean, Markina-Xemeingo finalaurrekoa irabazita

Markina-Xemeingo Uni frontoian zuten hitzordua larunbat arratsalde honetan bertsozaleek, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatu baita. Txaber Altube abadiñoarra gailendu da 638,5 punturekin, eta Jone Uriak egin du bigarren 630 punturekin. 

Txaber Altube, Markina-Xemeingo saioaren irabazlea.
Txaber Altube, Markina-Xemeingo saioaren irabazlea. (Endika Portillo | FOKU)

Itxaroten egoten ere jakin behar omen du bertsolariak, finalera zein sailkatuko zen jakiteko larunbat honetara arte egon dira zain, eta Markinan argitu da Casillan kantuan izango den zortzikotea. Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan jokatutako azken finalaurreko saioa irabazita igaro da finalera Txaber Altube 638,5 punturekin. Jone Uria (630,5), Oihana Bartra (620), Gorka Pagonabarraga (614), Xabat Galletebeitia (614) eta Imanol Uria (594) geratu dira hurrenez hurren epaileek egindako sailkapenaren arabera. Hala ere, zain egotea egokituko zaie, hilabete barru izango baita finala.

Abenduaren 20an Casillan izango dira kantuan beraz, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Txaber Altube, Gorka Pagonabarraga. Halere, ohartarazpen bat egin du irri txikia ahoan Jone Uriak geroz eta handiago dagoen bere hardun sabelari begira «sailkatu sailkatu gara/ ea orain heltzen garen».

Zihara Enbeita arduratu da gai jartzaile lanak egiteaz, eta halaxe jarri die gaia Uriatarrei: «Jone eta Imanol euskal musikariak zarete. Zuen abestiak streaming-plataforma batean baino gehiagotan dituzue entzungai. Jone, zure abestiak Israelgo gobernuarekin lotura duten plataformetatik kentzea erabagi duzu. Imanol ez da ausartu pauso hori ematera». Spotyfi oholtzara ekarri eta zuzen mintzatu da Jone: «Biok mantendu nahi dugu ahal dela/ gure estatus duina/ baina nik ozen segi behar dut/ zuei ematen mina/ hemen bakoitzak ahal duen gisan/ egiten du marketina». Anaiak, berak nahi zuena erabakitzeko esan dio, baina ondokoaren erabakirik ez egurtzeko. 

Zortziko txikiko bertsoaldiak arin joan dira, saioa lehertzea lortu ez badute ere. Seiko motzeko ariketan Bartrak eta Pagonabarragak ofizio mamitsua eta osoa osatu dute. Beraien herrian frankismo garaiko gurutze bat dago, erakundeek orain artean ezer egin ez dutelako, Pagonabarragak Bartrari beraiek botatzea proposatu dio. «...erakundeek hor laga /dute bertan badaezpada/ ba ordun herriak egin beharko du/ lehenengo bultzada», kantatu dio Bartrak, eta goitik behera ekarritako bertsoarekin erantzun dio kideak: «Egoeraren larriak/ uzkurtuta eztarriak/ Vito Quilesek ta Desokupak/ a ze aldarriak/ jendeak edo herriak/ hartu ditzagun neurriak/ ez daitezela gehiegi harrotu / faxista berriak». Hala eginez gero «biolenteoak» deituko diotela bota dio Bartrak eta Pagonabarragak irmo itxi du ofizioa: «…Faxistekin buruz buru/ borrokatu nahi badugu/ eskura diren forma guztiak/ beharko ditugu».

Altuberen alerik txalotuenak seiko motzekoak izan dira, Imanol Uriarekin aritu da kantuan, gaiak Markinako bi dendariren paperean kokatu ditu, Altubek Uriari esan dio black friday dela eta saltoki handiei aurre egiteko berak ere beherapenak egingo dituela. «Ta haien kontra soilik daukagu/ desobedientzia», bota dio Uriak. Eta Altubek pisuzko arrazoiekin erantzun dio: «Desobedientzi planetan/ ote zabiltza benetan/ iritsi dira black friday eta/ lana igandeetan/ gaude on eta txarretan/ adapatatu beharretan/ mundu berrian ezin da bizi/ balore zaharretan». 

Ofizioetako lanak amaitzeko kopletan aritu dira bertsolariak, txoznako txanda egiten, Scape Roomean edota hogei metro karratuko etxe bat bisitatzen; ironiaz josita joan dira koplak.

Musuetatik ihesi 

Enbeitan ganbarako gaia eman eta ohi bezala isiltasuna gailendu da pilotalekuan: «Musu bi emateko hurreratu zaizu, atzera egin duzu». Jone Uriak barrutik kantatu du, entzulea izoztu eta ostean txaloz lehertu da frontoia. Lehen bertsoan, erasotu izan dion norbait hurbildu zaiola azaldu du, bigarrenean unea bera kontatu du: «...Antza ez zaizkio inporta/ kontakizun eta epai/ behintzat hor ikusten dugu/ triliri eta tralarai/ gaur ere festa giroan/ nola herrian dugun jai/ hortxe hurreratu zaigu/ festa giro, alkohol usai/ ta bi muxu ematera/ ere hurreratzeko gai/ baina nola ez du ulertu/ ez dudala ikusi nahi». Eta hirugarrengoan errematatu du: «… Eta nahiz ta ez sentitu/ hala super errebelde/ zaplasteko bat ematen/ ausartu naiz hala fede/ hala berak ulertu du/ baita inguruak ere».

Ikasle ohien afarira joan da Imanol Uria. Umetan, betaurreko borobil eta Pokemonen bisera jantzita eskolara joatean, «txakur kakaren antzera» tratatu zuten, min horrekin joan da hitzordura:  «...Maitek muxu emateko/ zelako insistentzia/ nik atzera egiteko/ eduki dut inertzia/ oraindik luzea baita/ orduko penitentzia/ beste norbaitekin garbi/ dezala kontzientzia».

Literatur sari bat irabazi ostean, saria emango zion Durangoko alkateari musurik ez ematea erabaki du Pagonabarragak, eta aldarrikapenerako ere erabili du bertsoa, euskara biziberritzeko gaztetxeak behar direla esanez. Altubek bertsoak goitik behera josi ditu, semaforo batean zegoela mukizapiak saltzen ari zen pertsona bat musu ematera hurbildu eta atzera egin du, autokritikarako baliatu zuen unea: «...Ohetik jaiki naizen egunero/ aldatu nahian mundua/ ta antza denez nahiko lan daukat/ aldatzen nire burua».

Galletebeitiak zahar etxean kokatu du bere burua, ez du argi zehaztu noren musurik ez zuen jaso nahi, baina ingurukoren batengana zuzendu da kantua: «Egin dituzu zenbait kabala/ laguntzea da zure abala/ ez dizut kendu nire magala/ etxe barruan zahartu ahala/ gurpil aulkian jarri ninduzu/ gogor estutu uhala/ ta utzi zenuen erabiltzea/ lehen pertsona plurala/ ezagun zure gorputz txikiko/ azken puntu kardinala/ zeuk zaindu behar ninduzunean/ ez zara hain eskuzabala». 

Familiako bazkarian musurik banatu nahi ez duen sei urteko ume baten gorputzean sartu da Bartra, usain txarra eta bizarrak traba egiten dien osaben ezpainei uko egin nahi die: «...Nahiz sei urte besterik/ ez dudan beteko / badaukat nahiko garun/ eta intelekto/ ta eskubidea nahi dut/ ezetz esateko».