
Arizalatik abiatu eta Abartzuzarainoko bidea egin dute larunbat honetan hainbat herritarrek, Herri Antifaxistak plataformak deituta, bailaran Maestro Avila fundazioa hartzen ari den «indarra»-gatik kezkatuta eta «faxistak kanpora» lemapean.
Plataformatik gogora ekarri zuten joan den ostegunean 50 urte bete zirela Franco diktadorearen heriotzatik, eta salatu zuten bost hamarkada igaro badira ere «orduko egitura politikoak eta idealek aktibo eta presente» jarraitzen dutela. «Data horren karga sinbolikoak ekarri gaitu hona, frankismoa eta Maestro Avila fundazioa gaitzesteko. Sekta ultrakatolikoak, Vox edo Fuerza Nueva bezalako alderdi faxistekin lotura politikoak ditu, eta gure herrietan onartu nahi ez ditugun balio matxista, klasista, arrazista eta antieuskaldunak ordezkatzen ditu», gaitzetsi zuten.
«Memoria iraultzailea ezabatzen» eta «herria zatitzen» ahalegintzen ari direla uste dute eta, ildo horretatik, nabarmendu zuten sare sozialen eta erakundeen bidez iritzi publikoan eragiten saiatzen ari direla, eta horri aurre egiteko prestutasuna erakutsi zuten. «Gaur bertan erakutsi dugu pertsona gehienentzat faxisten eta gure bailaren sartu den sekta honen idealak, balioak eta jarduerak ez direla ongi etorriak», esan zuten.
Zentzu horretan, manifestazioaren ibilbidea Anderatzetik pasa izana ez zela ausazkoa izan adierazi zuten, erakutsi nahi izan baitzuten «konpromiso antifaxistak baduela indarra eta antolaketa nahikoa erreakzionarioei aurre egiteko eta haien asmoak geldiarazteko». Anderatz kezka iturri eta borroka antifaxistaren ikur bilakatu dela uste dute.
Hitzetatik ekintzetara
Era berean, manifestazioa Abartzuzako udaletxearen ateetan amaitu izana ere garrantzizkotzat jo zuten, korporazioa «hitzetatik ekintzetara pasatzera gonbidatzea» ere izan baitzen elkarretaratzearen helburuetako bat.
«Galdutako denbora berreskuratu behar da, eta behin autokritika eginda, bada garaia alternatiben bilaketan aurrera egiteko, herritarrekin, kolektiboekin, tokiko erakundeekin eta gure bailaretako erakundeekin hitz egiteko eta ekiteko», adierazi zuten, eta herriarentzat mesedegarriak diren politikak indartuko dituen sare baten sortzea galdegin zuten, «Anderatz berreskuratzeko».
Bailaran husteko arriskuan dauden herri txiki ugari daudela ere ekarri zuten gogora. «Sektako kideek egoera hori aprobetxatu nahi dute beren ideologia faxista lur horietan ainguratzeko eta Pia Union Santi Apostoli sektaren muturreko balio tradizionalean oinarritutako gizarte-eredu opako bat finkatzeko zein bere proiektu ultranazionalista zabaltzeko, aniztasun ororen aurkakoa», ohartarati zuten, baina tokiko arazo baino gehiago, egungo testuinguru politikoaren baitan argitu beharreko zerbait dela nabarmendu zuten.
Hala, ideologia estremisten eta faxiasten aurka dagoen ororen ardura dela adierazi zuten, eta ez posizionatzea ez dela aukera bat argi utzi zuten. «Askatasunen eta aniztasunen defentsa bide luzea izango da, Lizarralde osoaren, Nafarroa osoaren, Euskal Herri osoaren eta mundu guztiaren inplikazioa beharko du», ohartarazi zuten.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

