
Erik Jakak eta Martxel Iztuetak 22-21 menderatu dituzte Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena Agoizko Toki Eder pilotalekuan, Binakako Txapelketan lehen puntua eskuratuz. Gipuzkoarrak 15-4 eta 21-15 aurreratu dira markagailuan, partidaren zati handi batean oso baldar aritu diren urdinen etengabeko hutsak baliatuz, baina azken txanpan sekulako susperraldia izan dute eta neurketa irabazteko zorian egon dira.
Hasieratik ikusi da laukoteak ez zuela gaur bere egunik onena. Lehen dozena erdi tantoetan bakarra izan da jokaldiz amaitutakoa, Erik Jakak gantxoz egin duen 2-1ekoa. Martxel Iztuetak bi pilota bota ditu goiko koltxoira, Mariezkurrenak beste pare bat kale nabarmen egin ditu, eta Larrazabalek ere ikaragarri sufritu du aurreko koadroetan defentsa lanetan. Agoizko pilotalekua azkarra da eta nabaritu egin da jokoan.
Ezin jarri horretan, gorriak hobeto egokitu dira frontoiko baldintzetara. Atzelari jotzaileen arteko norgehiagokan Iztuetak sendotasun gehixeago erakutsi du eta, batez ere, aurreko lehian Erik Jaka nabarmen irten da irabazle. Etengabe bilatzen zion Larrazabali aurreko joko azkar horretan eta arabarraren hutsak pilatzen joan dira.
Joera horretatik irtetzea kosta egin zaie urdinei eta konturatzerako Jaka eta Iztueta 15-4 aurreratu dira. Tarte horretan tanto ikusgarriak ere sinatu dituzte gipuzkoarrek: Jakaren pare bat gantxo, txokoan egindako besteren bat, Iztuetak ezkerrez bikain arrimatu duen 12-4koa, tolosarrak aurrean harrapatu eta amaitu duen 14-4koa...
Pilota aldaketa partida aldatzeko
Baina Jakak behera bota duen erremate bati esker berreskuratu dute sakea urdinek 15-5ean, eta hortxe iritsi da aldaketa esanguratsuena. Larrazabalek eta Mariezkurrenak pilota berri bat atera dute kantxara, gorriek aukeratutako bat gainera, eta pilota horrekin egoera nabarmen aldatu da.
Mariezkurrena askoz erosoago aritu da pìloteoan, Iztuetari askoz gehiago kostatzen zitzaion pilotara jartzea, eta tantoak beste aldera erortzen hasi dira. Lehen partziala zortzi tantokoa izan da, 15-4tik 15-12ra. Mariezkurrenak amorruz jokatu du eta bereak izan dira merituzko jokaldi gehienak, tartean horma-bikoz egindako ikusgarri bat.
Hala ere, lehen erreakzio horrek ez du lortu markagailua iraultzea. Sakea berreskuratu eta pilota aldatutakoan, gorriak gai izan dira berriz ere arnasa hartzeko. Baina batez ere aurkarien opariei esker izan da, ordurako antzematen zitzaiolako Martxel Iztuetari neke fisikoaren zama. Zenbait opariren ostean, Jakak gantxo eder batekin igoarazi du 21-15ekoa markagailura.
Agoizko pilotaleku dotorea bete duten zaleak goi-mailako ikuskizunik ez baina emozio apur batez gozatu izanaren kontsolamenduarekin hasi dira alde egiteko prestatzen, baina partidak oraindik beste tentsio dosi bat zeukan gordeta. Izan ere, Larrazabal eta Mariezkurrena atzean Iztuetaren ezina zigortzera joan dira, eta neurketa 21-21 berdintzea lortu dute Larrazabalen gantxo bikain batekin.
Azken tantoan urduritasuna nabaritzen zen alde guztietan eta amaiera halamoduzkoa izan da. Tentsioz betetako piloteo baten ondoren Jakaren bolea bat txapa gainean izan da ozta-ozta eta Larrazabalek ezin izan du ezertxo ere egin pilota jasotzeko. Garaipenak ez die ihes egin gipuzkoarrei baina majo sufritu behar izan dute.
FITXA
Partidaren iraupena: 78 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 6-2, 6-3, 9-3, 9-4, 15-4, 15-12, 17-12, 17-15, 21-15, 21-21 eta 22-21. Sakez: 1 Larrazabalek. Jokoan egindakoak: 8 Jakak, 3 Iztuetak, 4 Larrazabalek eta 5 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 4 Jakak, 7 Iztuetak, 7 Larrazabalek eta 4 Mariezkurrenak. Gertaerak: Agoizko Toki Eder pilotalekua ia beteta. Lehen sakea, urdin.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

